“Zer nahi duzu esatea… Onddo bila joatea gustatzen zaionaren antzekoa da. Nekeza da, baina debalde ere joango nintzateke”. Horrela mintzo da Juan Jose Badiola, 63 urteko mundakarra. Neguak luzeak izan ohi dira eguraldi onaren beharra duenarentzat. Luzeak, halaber, lanera joateko itsaso lasaia behar izaten dutenentzat. Zorionez, arrantzale horrek badu zer egin itsasoa harro altxatzen denerako.
Udazken amaiera iristear dagoenean, Badiolak kanabera eta karnata albo batera utzi, eta aitzur txikia eta baldea hartzen ditu eskutan. Gustura aritzen da, gainera, euriteek, hotzak eta olatu handiek aukera ematen baitiote bere beste lanbideari ekiteko. Urdaibai, bere etxea, Bizkaiko kostaldeko txirla hazitegi nagusia da, eta soilik bost pertsonek daukate han lan egiteko baimena. Badiola da horietako bat.
“63 urte ditut, eta 14 nituenetik naiz arrantzale. Mundakan, denok aritzen ginen lan horretan, baina neguak itsasoratzen uzten ez zigunean txirlak bilatzera joaten ginen Laidara”. Mende erdi bat igarota, horretan dihardu oraindik ere eguraldia lagun ez duenean. Gustuko tokian aldaparik ez dagoela pentsatzen dutenetarikoa da Badiola. Dena den, nabarmendu du azken 50 urteotan guztiz aldatu dela itsaski bilatzaileen egoera, eta urratsak egin direla profesionaltasunaren bidean.
“Garai haietan, mundu guztia zihoan txirlak bilatzera, nekazariak eta arotzak barne, baina gehienak arrantzaleak ginen”, ekarri du gogora. Ez zegoen araurik, eta udan nahiz neguan joaten ziren. Horrek itsaskien mailakako galera ekarri zuen; debekualdiak ezarri zituzten arte. Gaur egun, soilik urritik martxora arte har daitezke muskuiluak, eta mundakarra bat dator erabaki horrekin. “Gogoratzen dut duela 30 bat urte ez geniela hazten uzten. Orain, gutxieneko neurria 3,8 zentimetrokoa da, eta, debekualdiko sei hilabete horietan, neurri horretara arte hazteko aukera ematen diegu. Bestela, ezinezkoa izango litzateke”.
Dena den, araudiaren gaiaz haratago, belaunaldi aldaketan jarri du jomuga Badiolak. 25 edota 30 pertsona biltzeraino heldu omen ziren aspaldi, baina horietako batzuek erretiroa hartu dute, edo hil egin dira gutxika. Gaur egun, egoera guztiz ezberdina da. “Bost pertsona aritzen gara inguruan, guztiok baimenarekin. Hala ere, azkenengo urteetan baimen gehiago banatu ditzan eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari, baina bueltan bidaltzen dizkigute hiruzpalau hilabeteren ostean, onartu gabe. Zerrenda guztiz itxita dagoelako susmoa hartzen diogu”, nabarmendu du Badiolak. Mundakako arrantzale kofradiatik pare bat eskaera egiten dizkiote urtero Eusko Jaurlaritzari, betiere beharrezko baldintzak betez. Betebeharrak edozein itsaski bilatzailerenak bezalakoxeak dira. Horien artean daude Urdaibaiko herritarra izateko baldintza betetzea, lanbidea ezagutzea eta ogasunari jardunbide ekonomiko horri dagozkion zergak ordaintzea.
Aspalditik ezagutzen du Badiolak itsaskien mundua. 14 urte zituenean hasi zen lanean, baina lehenagotik ere ibilia zen horretan: 8 urterekin hasi zen, hain zuzen.
Eguraldiak laguntzen ez duen bitartean, Busturia eta Kanala dira haren lantoki; bata, Urdaibai hasieran, eta bestea, itsasoratzetik gertu. Dena den, Busturiara joatea du gogokoen. Kilometro bat luze eta 600 metro zabal, muskuiluak biltzeko Euskal Herriko lekurik aproposena da. Kanalara, berriz, gutxiagotan joan ohi dira, kilometro bateko luzera daukan arren oso estua baita.
Unerik egokiena marea bizia dagoenean dela dio. “Hogei egunean behin gertatzen da hori”, azpimarratu du mundakarrak. Berez, itsasaldia gehien jaisten den unea izaten da aproposena, han egoten baitira hazteko aukera gehien izan duten txirlak. Aurrez esan bezala, hareatik jaso ahal izateko gutxieneko tamaina 3,8 zentimetro da, eta neurri hori betetzeak bermatzen die gerora lanbide horretan jarraitu ahal izatea. “Denboraldia bukatzen denerako, guztiz erraustua egoten da hareatza; neurri horretakoak baino ez ditugu uzten”.
Denboraldi hasieran, lauzpabost kilo batzera heltzen dira, baina, egunak aurrera joan ahala, kopurua jaitsiz joaten da. Hala ere, Badiolak uste du txirla gehiago batuko liratekeela bilatzaile gehiago egongo balira. Alde horretatik, argia da: “Ez daude garai batean zeudenak baino gutxiago, ezta gehiago ere. Lanbidea ezagutzen dugun hogei lagun egongo bagina, bakoitzak kopuru bera batuko luke”.
Lanaren gogortasuna ere nabarmendu du: “Nekeza izaten da ordu luzez makurturik egotea txirlak topatu arte. Begiak puztuta ditudala bueltatzen naiz etxera, mozkortuta egongo banintz bezala”. Hala ere, ezinezkoa zaie zuzenean bezeroari saltzea, lehenbizi araztegi bati saltzeko beharra dutelako. Kiloa hamazazpi edo hamazortzi euroan saltzen diote, eta, gero, haiek arrandegiei. Etekin ekonomikoa ere ez da nolanahikoa. Badiola, gutxienez, ez da kexu.