Einsteinek esan zuen

Goiz ederra egin zuen joan den larunbatean Los Angelesen, baina ez nintzen etxetik atera. Facebook, Twitter eta hainbat hedabidetako webguneetan publikatzen zirenak irakurtzen eman nuen egun erdia. Bilbon, 100.000 lagunetik gora batuta zeuden Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea defendatzeko. Egunero berotzen du eguzkiak aingeruen hiria, baina 100.000 lagunek ez dute egunero gaua argitzen Bilbon.

Zirraragarriak ziren irudiak, oilo-ipurdia jartzen dizutenetakoak. 100.000 lagunetik gora zeuden botxoan, baina askoz gehiago ginen lelo horren atzean arima, bihotza eta ilusioa jarri genuenak. Nekatuta gaudelako urte lar irauten ari den marmotaren egun eternal honetaz. Betiko leloen betiko leloez.

Manifestazioan hutsuneak bazeuden ere —joan ez ziren alderdi, sindikatu eta plataforma guztiak, hain justu—, ikusgarriagoak ziren horien inguruan batuta zihoazen eskuak eta esku horiek zizelkatu gura zuten etorkizuna: giza eskubideetan eta bakean zutarritako konponbide batetik bakarrik ailegatuko den gero itxaropentsua.

EAJ eta ezker abertzalea batu ziren, azkenik. Baina ez ziren eskutik joan, gogoa zutelako batak besteari mokoa begian sartzeko. Baina betiko leloen betiko gogoak ez du herria gogolelotuko. Halere, ez diezaiegun politikariei geure akatsik leporatu: herriak ere zerbait egin zuen txarto.

Manifestazioak isila behar zuen, eta ez zen horrela izan; ez une eta zonalde denetan, behintzat. Betiko keriak. Baina bide berriak jorratu beharrean baldin bagaude, betiko negar eta kexuetan ibiltzea antzua da. Emaitza desberdinen bila baldin bagabiltza, behin eta berriz ekuazio bera errepikatzea estupidoa den moduan, Einsteinek esan zuen lez. Eta beti geratzen da ondo nazioarteko izenak aipatzea honelako kontuetan, etxekoegia ez emateko.

Eta etxeko aireaz aparte besterik arnasteko ere, hona hemen manifestazioaz atzerrietan esan zutena: “Hamarnaka mila lagun batu dira Espainian ETAren aldeko manifestazioan” (The New York Times); “ETAren aldeko manifestazioa Bilbon” (Al Jazeera). Hurrengo egunean titulua aldatu zuen Qatarreko hedabideak: “Giza eskubideen aldeko manifestazioa Bilbon”. Mina emanda zegoen, baina. “Independentziaren aldeko manifestariak batu dira Bilbon” (AP).

Onar dezagun, eta konpondu, herri bezala egindako akatsa. Eta alderdiek eta alderdikoiek elkarri mokoka jarraitzen duten bitartean, saia gaitezen, gainontzekook, hobeto egiten hurrengoan: “Gauzak ondo ateratzeko aukera gutxi daudela badakit, baina saiatzea dut obligazio”. Hori ere Einsteinek esan zuen.