Enkarterrik presidente liberatua izango du

Enkarterriko Udalen Mankomunitateko presidente lanak ardura berezia eskatzen duela-eta, osoko bilkurak erabaki du aurrerantzean lanaldi erdirako liberatzea. Hala, orain arteko presidente Ruben Edesak utzi egin du, eta Esther Lasa aukeratu dute ordezko. Edesa irakaslea eta EAJko zinegotzia da Karrantzan; Lasak, berriz, kargu berbera dauka Zallako Udalean. Aurrerantzean, Edesa lehen presidenteorde izango da, eta Turtziozko alkate Jose Manuel Coteron, bigarren presidenteorde. EAJk mankomunitatean duen gehiengo osoari esker izendatu dituzte, oposizioa aurka agertu baita.

Ordezkari jeltzaleek beharrezko ikusten zuten presidentea mankomunitatearen egoitzan egotea astegunetan, zerbitzuen antolaketak eta kudeaketak hala eskatzen duelako. Horregatik hartu dute liberalizazioaren aldeko erabakia. Gainontzeko ordezkariak, baina, ez daude ados.

Aukeratzeko moduaz ere kexu dira: ordura arteko zuzendaritzak proposatutako hautagaiak baino ez ziren izan arduradun berriak aukeratu ziren osoko bilkuran. Oposizioaren esanetan, gainontzekoei ez zitzaien eman hautagairik aurkezteko aukerarik, estatutuek jasotzen duten moduan, eta presidenteak proposatutako hautagaien alde edo aurka bozkatu ahal izan zuten soilik.

Zalla Bai, Karrantza Zabala eta Bilduko ordezkariek salaketa hau egin dute argitara emandako oharrean: diotenez, estatutuen 9. artikuluan presidentea eta bi presidenteordeak bozketa banarekin hautatuko dira, eta botoa sekretua izango da. Hori horrela, ordezkari horien iritziz, jarduneko presidenteak egindako proposamen bat bozkatu ordez, karguetarako hautagai berriak aukeratzea zegokien.

Era berean, presidente kargua liberatzeak eragingo duen gastuaz ohartarazi dute: “34.000 euroko kostua izango du, eta mankomunitatea osatzen duten udalek ordaindu beharko dute. Gainera, kontuan hartu behar da mankomunitatearen aurrekontuak ez daukala onartuta horretarako diru sortarik”. Haien esanetan, mankomunitateak “gero eta zerbitzu gutxiago” eskaintzen ditu, orain arte izan dituen arduradunek “erabat edukiz hustu” dutelako. Salatu dute ez duela eduki politikorik eta kudeaketarako gaitasuna kendu diotela. Gizarte zerbitzuen, euskararen sustapenaren eta zaborren kudeaketaren eskumenak dauzka, kide diren udalerrietan.

Bildu, Zalla Bai eta Karrantza Zabalako kideen esanetan, bestelako arlo batzuetan ere jardun beharko luke. Gogora ekarri dute Enkarterrik %20ko langabezia tasa duela. Era berean, eskualdea industriarik gabe geratzen ari dela salatu dute. Egoera horretan, iruditzen zaie mankomunitateak enpleguari lotutako eskumenak ere izan beharko lituzkeela. “Erabakiak mankomunitatetik kanpo hartzen dira. Organo horietan, gainera, ez dago ordezkari politikorik. Beste horrenbeste gertatzen da gazteria arloan”.