Ankerrei, omen

Gaur egungo Gernika-Lumon 1937ko bonbardaketaren burrunba hotsa ez da isildu. Herriak negarrez jarraitzen du, garai hartako krimenengatik inork ez baitu ordaindu, ezta erantzukizunik hartu ere. Espainiako esparru atzerakoienek Frankismo garaiko pertsonaiak goratzen eta gurtzen dituzte oraindik. Hala, Gernika-Lumon bizia galdu zuten herritar arrunten senideak “minduta” sentitzen dira, iragan ilunaren hainbat testigu isil baitaude agerian.

Euskal Herrian frankismoaren oroigarri gutxi geratzen dira, baina Espainiako hainbat lekutan kaleek, plazek, estatuek eta bestelako oroigarriek fraskismoagaz lotutako pertsonen izenak daramatzate. Gehienetan Franco goraipatzen dute, baina ez beti.

Madrilen, esaterako, egon badago frankismoaren oroigarri oso desberdin bat: Alfredo Kindelan (1879-1962) katedra. Kindelan frankisten alde borrokatu zen, eta abiazio buru izendatu zuten, 1936ko altxamendu militarra hasi eta gutxira. 1936ko gerran parte hartu zuten hegazkinen ardura izan zuen, tartean Alemaniako Kondor Legioarenak eta Italiako Squadra Legionariarenak.

Abiazioaren buruzagiak harreman bereziki estua zuen Frankogaz, eta haren konfiantzazko gizonetako bat izatera heldu zen. Gerra ostean, hainbat aitorpen jaso zituen, tartean Meritu Militarraren Gurutzea eta markes titulua.

Haren agindupean milaka pertsona errugabe hil zituen frankisten aldeko abiazio militarrak, eta ardura berezia izan zuen Gernika-Lumoko eta Euskal Herriko gainontzeko bonbardaketetan. Horiek, baina, ez ziren izan Kindelanen ankerkeri bakarrak. 1938an, Bartzelona eta Alacant bonbardatu zituen, eta Malagatik Almeriara zihoazen errefusiatuak tirokatzea agindu zuen.

Alfredo Kindelan katedra 1988an sortu zuten, Narcis Serra PSOEko kidea Defentsa ministroa zela. Juan Carlos I.a Espainiako erregea ohorezko presidentea da, eta 2011n zenbait azalpen eman zituen katedraren aurkezpenean. 2013an, katedrak 25. aire armadaren jardunaldi didaktikoak antolatu zituen.

Katedrak ez du aintzat hartzen Kindelanek frankistekin batera egin zuela borrokan; Francok “altxamenduaren alde egindako lana” goraipatu zionik. Defentsa Ministerioaren webgunearen arabera, “aukeratutako izena egokiena da, Kindelan Espainiako abiazioaren buruzagi izendatu baitzuten 1913an”. Jose Guerreria aire armadako kapitainak egunkari bati esan zion bezala, bestalde, “katedrak espainiar abiazioaren pertsonaia garrantzitsu baten izena darama. Pilotu guztiak goraipatzea bilatzen dugu, zein aldetan borrokatu ziren kontuan hartu barik”.

Legearen kontrakoa

Memoria historikoaren 52/2007 legearen arabera, Fraskismoaren sinbolo guztiak kendu behar dira, eta erakunde publikoek lege hori betetzeko neurriak hartu behar dituzte. Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendariaren ustez, “lotsagarria” da gaur egun ankerkeria horiek guztiak goraipatzea, katedra bati Kindelanen izena jarriz. Haren berbetan, “Alemania bezalako herri batean ulergaitza izango litzateke horrelako zerbait gertatzea”.

“Gehiegi izango litzateke Frankismoaren mamua bizirik dagoela esatea, baina egia da horrelako gertakariek ez dutela batere laguntzen elkarbizitza sustatzeko”. Frankismoaren basakeria jasan zutenentzat eta horien senideentzat errespetu falta bat dela deritzo: “Ezin dezakegu imajinatu pertsona horiei egokitu zitzaien zorigaitza”.

Momoitiorentzat, frankismo garaiko sinboloak alde batera utzi behar dira, etorkizuneko gizartea eraikitzeko. Bestalde, gertatutakoaren zabalkundea egitea ere oso onuragarria izango litzatekeela uste du. “Proiektu pedagogikoak martxan jarriz, frankisten ankerkeriak giza eskubideen kontrako eraso bat izan zirela zabaldu behar dugu, jarrera atzerakoiak arbuiatuz”.