Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak akordioa adostu dute herriaren egoera ekonomikoari irtenbidea emateko. Lortutakoa, ordea, “gutxieneko akordioa” dela zehaztu du Carlos Arranz Urduñako alkateak. “Oreka oso traketsa da, doi-doi iristen gara gastu arruntari aurre egiteko. Gure etorkizunari eusteko gai izango gara, baina udal honek nahikoa mugatua dauka maniobratzeko ahalmena”, esan du.
Joan den astelehenean onartu zuen Urduñako udalbatzak, ezohiko bilkuran, foru aldundiaren laguntza jaso ahal izateko beharrezkoa duen doikuntza plana. “Sustapen ekonomikoari, gizarte ekintzari, langileriari, zergei eta tasei dagozkien neurriak” jasotzen ditu planak. “Urtean 800.000 euro aurrezten ditugu jada”, argitu du alkateak. “Gastuak mantentzen eta murrizten bi urte” daramatzatela ekarri du gogora.
Horrez gain, beste alor batzuetan ere egoera aldatu egin dela ekarri du gogora. “Udalkutxaren bitartez datorren diru kopurua handitu egin da, eta ez dugu diru hori bueltatu beharko. Foru aldundiak, bere aldetik, 250.000 euro jarri ditu zorra gutxitzeko. Beste 300.000 euro jarri zituen gure sozietate baten bitartez (Urduñederra) zorra murrizteko, eta, datorren urtera begira, gainera, konpromisoa hartu du 220.000 euro emateko. Horrekin diru zaintzaren soberakin negatiboa gutxitzea da asmoa”.
Herritarrek eta zerbitzu publikoetako langileek egin behar izan duten esfortzua “txalogarria” iruditu zaio Arranzi. Besteak beste, hartu beharreko neurrien artean, “erretiroek libre utziko dituzten lanpostu batzuk” ez dituztela beteko azaldu du. Horrez gain, udalaren eraikinetan energia aurrezteko inbertsioak iragarri ditu. Datorren urtetik aurrera, gainera, aduana eraikinaren ustiapenagatik diru sarrerak jasotzeari ekingo diote berriz. Eguneko zentroa eta udal egoitza bateratzeko asmoa ere iragarri du, mantentze gastuak murrizte aldera.
Adostutako doikuntza planak bizilagunengan izan dezakeen eraginari dagokionez, argi dauka erabaki hori hartu badute “herriarentzako kaltegarria ez delako” hartu dutela: “Oinarrizko zerbitzuak bermatzen dira akordioan, eta horrek ez dakar murrizketa gehiagorik”.
Hala ere, onartu du etorkizunera begira udalak hainbat muga dituela inbertsio edo proiektu berriak egiteko. Zergatik? “Bada, zorpetzea hor dagoelako eta zorrak eta maileguak hor daudelako”, erantzun du. “Neurri batean murriztu egin badira ere, gure ezaugarririk handiena gure zorpetzea da”, esan du.
Izan ere, bost milioi euroko zorra dauka Urduñak. “Hori guk jasotako herentzia izan da, herri honek jasotako herentzia. Eta, seguru asko, gure herriaren etorkizuna ere baldintzatuko du, gutxienez, datozen hamar urteetan”, adierazi du alkateak.
Zorra “aspalditik” datorrela ekarri du gogora Arranzek. “Garai batean, inbertsio handiak egiteko politika egon zen. Inbertsio haiei aurre egiteko mailegu batzuk eskatu ziren. Lan hura polita zen, noski: gauzak egin eta egin. Hala ere, inbertsio haiek ez dute diru sarrerarik ekarri”.
Gastuak doitzeko prozesu horren barruan, alde positiboak ere ikusi ditu alkateak. Izan ere, datorren urtera begirako aurrekontua prestatzen hasiak dira. “Ilusio guztiarekin” ari direla azaldu du. Izan ere, udalean bi urte egin badituzte ere, 2014rako aurrekontua da onartuko duten lehenengoa, “nahiz eta gehiengo absolutua izan”. Osatzeko prozesua ahalik eta parte hartzaileena izan dadin nahi dute.
Batzarra herritarrekin
Doikuntza plana onartu ala ez bozkatzeko asteleheneko udalbatzan Bilduko zinegotziek baiezkoa eman zuten. Jeltzaleak, bestalde, abstenitu egin ziren. Datorren eguaztenean, hilak 18, batzar batera deitu dituzte herritarrak erabakiaren eta akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Arranzek gogora ekarri duenez, herriaren egoera ekonomikoari buruz agintaldi honetan egingo duten laugarren batzarra izango da datorren astekoa.