PSE-EEren babesaz gain, PPrena ere jaso du Bizkaiko aurrekontu proiektuak. Astelehenean sinatu zuten PPkoek eta jeltzaleek 2014ko kontuak aurrera ateratzeko akordioa. Gutxi gorabehera, milioi bat euroren neurriak onartu behar izan ditu foru aldundiak, PPren babesa jaso ahal izateko. Trukean, osoko zuzenketa eta gainerako zuzenketa partzialak kenduko ditu Esther Martinezen alderdiak. “Ez da interes kontua, zentzuz jokatzea baizik”, adierazi du PPko bozeramaileak.
Besteak beste, merkataritza sektorea bultzatzeko neurriak adostu dituzte bi alderdiek. Maiatzean eta ekainean Bonu Dendaren kanpaina berri bat egiteko 250.000 euro aurreikusi dituzte. Bestalde, 150.000 euro bideratuko dituzte merkatarien elkarteen jardueretara. Gainera, 2014ko lehenengo hiruhilekoa baino lehen Bizkaiko txartel turistikoa martxan jartzea adostu dute. Horretan 50.000 euro ipiniko dituzte.
Horrez gain, 50.000 euro inbertituko dira Barik txartelaren funtzionaltasuna aldatu eta Gaztetrans ezartzeko. Horrela, aldizkako txarteletan %35eko beherapena eskuratuko dute gazteek.
AP-68ren erabiltzaileentzat ere hobariak adostu dituzte. Hilean hamar eta hogei joan-etorri artean egiten dituztenei %60 merkeago kobratuko diete; hogei joan-etorritik gora egiten dituztentzat, bestalde, doakoa izango da autobidea erabiltzea. Azpiegituretan, Algortako portu zaharra berritzeko 100.000 euroko diru sorta adostu dute.
Gizarte laguntzetan, beste 100.000 bideratuko dute, glutenik gabeko elikagaiak erosi behar dituzten zeliakoei laguntzeko. Feekorrek bizitza independentea egiteko duen zerbitzurako, beste 50.000 euro adostu dituzte. Laguntza hori jasotzen duten pertsonen adina 16tik 18 urtera eta 65 urtetik gora zabalduko dute horrela. Bizkaia.net webgunean, Gizarte Ekintzaren barruan ematen diren laguntzen berri jakinarazteko atal bat jartzea adostu dute, gainera.
Astelehenean sinatu zuten jendaurrean akordioa. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatua eta Unai Rementeria Lehendakaritzakoa egon ziren foru aldundiaren izenean. Haiekin batera, EAJko bozeramaile Lorea Bilbao eta PPko Esther Martinez izan ziren sinatzen. Rementeriak PPrekin eta PSE-EErekin akordioa lortzeko aukera izan dutela esan zuen; ez, ordea, Bildurekin. “Hasiera- hasieratik, negoziazio eta akordio aukerari atea itxi dio koalizioak. Ez dute eseri ere egin nahi izan”, azaldu du.
Bilduko bozeramaile Irune Sotoren iritziz, ordea, EAJk, PPk eta PSE-EEk “akordioa saldu nahi dute kontzeptu abstraktu gisa, gizarteari edukia ezkutatzen dioten bitartean”. “Alderdi interesak bultzatutako akordioa” dela deritzo koalizioak.