Hamabost urtez Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkuneko zuzendaritzari lotuta egon ostean, uzteko asmoa zeukan Carlos Fuentenebrok (Bilbo, 1962). Baina, hainbat kidek animatuta, presidentetzara aurkeztea erabaki zuen azkenean. Joan den azaroaren 28an egin ziren hauteskundeak. Bozen %76,8 eskuratuta garaitu zuen bere lehiakide Mikel Badiola, eta dekano berria da.
Beharrezkoa al da abokatuen elkargo bat egotea?
Bai, noski. Kanpainan askotan esan dudan legez, bere burua arautzen duen ogibidea da gurea. Abokatu batek elkargoaren araudia edo araudi deontologikoa hausten duenean, geuk erabakitzen dugu diziplina txostena ireki eta lankidea zigortu behar den edo ez. Elkargorik ez balego, inork ez luke zigortuko gaizki jokatu duen abokatua.
Hauteskunde batzuk irabazita lortu duzu presidente kargua. Zein izan dira bi hautagaitzen arteko aldeak?
Begi kolpean, besteena hobeto diseinatuta zegoen, baina edukian ez zegoen alde handirik. Zergatik egin dira hauteskundeak? Legitimoki aurkeztu nahi izan duen jendea egon delako.
Parte hartzea erruz handitu da.
Oro har, abokatuak indibidualistak gara. Gehienak izena ematera edo arazoren bat dugunean baino ez dira joaten elkargora. Horregatik izan da deigarria hauteskunde hauek hartu duten oihartzuna. %30eko parte hartzea egon da. Kontuan hartuz gero gure kasuan %10 eta %12 artean egoten dela normalean, parte hartze itzela izan da; elkargoa bizirik dagoen seinale da.
Ondo ezagutzen duzu elkargoa. Zer aldaketa egin nahi duzu?
Aldaketa batzuk bakarrik etorriko dira, lege bitartez behartuko gaituztelako. Adibidez, hor dugu zerbitzu profesionalen legea. Badirudi neoliberalismo garaian gaudela. Dena ikusten dute konpetentziaren kontrakoa. Guk bagenuen zerbitzu sari edo ordainsarien gida bat; ez zen araua, orientatzeko erabiltzen zen. Gero, abokatu bakoitzak erabakitzen zuen zenbat kobratu nahi zuen. Baina gidaliburua kentzera behartu gaituzte, eta guk ona zela uste dugu. Adibidez, herritar bat dibortziorako abokatu bila joaten bazen, gida horri esker jakin zezakeen gehiegi kobratu nahi zioten edo ez. Era berean, legeak behartu egiten gaitu jardunbide bakoitzean epailea jakinaraztera abokatuaren kostua gehiegizkoa izan bada. Eta hori egiteko, erabil ezin dezakegun gidaliburu hori erabili behar dugu. Zentzugabea da.
Barrura begira, gauza asko egiten ditugu, baina ez dakigu saltzen. Hori da neure buruari ipini dizkiodan erronketako bat. Eta prestakuntza indartu nahi nuke. Pedro Ibarretxe eskola erreferentzia da Espainia osoan. Prestakuntza jarraitua ezinbestekoa da abokatuentzat. Legeak sarri aldatzen dira, eta berrikuntzak ezagutu behar ditugu. Baina, zoritxarrez, ez dira gutxi izaten halako ikastaroekiko mesfidantza erakusten dutenak. Horregatik, ofiziozko txandari lotutako kontuetan behartu egiten dugu prestakuntza hori: andreen kontrako indarkeria, adingabeak, atzerritarrak… Halako gaietan urtero egin behar izaten dituzte ikastaroak.
Ofiziozko txandak fama txarra dauka askoren artean.
Jendeak uste duenaz bestera, ofiziozko abokatuak oso onak dira. Ofiziozko kasuei eta ordainpekoei, denei arreta eta esfortzu berbera eskaintzen diegu. Eta gehiago esango dut: ofiziozko bezeroa ordainpekoa baino zorrotzagoa izaten da askotan. Sarri egiten ditugu inkestak eskainitako zerbitzuaren inguruan, eta, oro har, denak oso gustura egoten dira. Ofiziozko txandan zortziehun abokatu daude. Aurten, 12.000 kasu izan dira Bizkaian, eta ez dut uste lau txosten irekiko genituenik. Eta zigortzen ditugu, e? Esfortzu berezia egin behar izaten dute: entzun nahi dutena entzun ezean, berehala aurpegiratzen dizute ez dituzula ondo defendatzen, ofiziozko kasuak direlako.
Zein dira gaur egun abokatuek dituzten arazorik larrienak?
Garrantzitsuena kobratzea da. Jendeak, oro har, diru gutxiago du, eta, ondorioz, ez dauka auzitara jotzeko aukerarik. Auziak asko gutxitu dira, eta tasek are gehiago okertu dute egoera. Asteon, 2.000 euro eskatzen zituen bezero bati esan behar izan diot 1.000 euroko kostua izango zuela. Ez zion merezi auzitan hastea. Erreformak helegiteetan ere eragin du, aukerak gutxitu baitituzte. Bide zibilean, edozeren aurka jar zitekeen errekurtsoa lehen. Orain, 3.000 eurotik gorakoen aurka bakarrik.
Lan zuzenbidean, ordea, kasuak gehituko ziren, ala?
Kaleratzeak ugaritu egin dira. Gainera, lehen instantzian ez dago tasarik. Langileek doako justiziarako eskubidea dute Espainian, euren soldata kontuan hartu barik. Auzi kopurua izugarri handitu da. Lehen, kaleratzeenak hilabete batzuen buruan konpontzen ziren sarri. Gaur egun, askoz gehiago irauten dute; gainezka daude epaitegiak, iritsi ezinik.
Espainiako Gobernuak egindako erreformen helburuetako bat horixe zen, bada: justizia arintzea eta auzien pilaketa gutxitzea.
Asmoa zuzena da, baina ez bidea. Justiziak bitarteko ekonomikoak behar ditu: epaile gehiago, epaitegi gehiago… Dirua inbertitu ordez, herritarrei justiziara iristeko trabak ipini dizkiete, oso argi daukat. Horrela auziak gutxituko dira, herritarren oinarrizko eskubideen kaltetan. Ez dabiltza arazoa konpontzen, eta hori ez da erreforma oker bakarra. Gobernu bat ere ez dugu izan justizian inbertitzeko prest; botere politikoari ez zaio komeni justizia indartsurik.
Azkenaldian ozenago entzuten da justizia ez dela denentzat berdina.
Dirudunaren mesedetan ez da abokatua kontratatu ahal izatea, haren inguruko guztia ordaindu ahala izatea baizik. Adibidez, Ogasunarekin arazo bat duzunean, perituen txostena oso garrantzitsua da, eta horrek diru asko balio du. Kasu horretan, badira desabantailan diren herritarrak. Estatuak diruz lagundu beharko lituzke? Hori da eztabaida.
Bitartekaritza eta arbitraje kasuak gehitu egin al dira?
Ez. Arbitrajea garestia da oraindik, nahiz eta denbora aldetik azkarrago diren bezeroentzat. Epaileari ez diozu ordaindu behar. Bitartekaritza hasi berri dago oraindik; gogoan daukagu bitartekariak prestatzeko ikastaroak eskaintzea. Izan ere, merkataritza zuzenbidean bitartekaritza txertatu nahi da, eta prest egon behar dugu. Dena dela, ezkorra ere banaiz; oraintsu gertatu zaigu, adibidez, zigor zuzenbidearen arloko arazo bat bitartekaritza bidez konpondu, biktima emaitzarekin gustura egon, baina fiskalak errekurtsoa jarri, eta orain epaiketa egin behar dute. Ez dute babesten bitartekaritza.