Uraren Euskal Agentziak (Ura) Gobelako metro geltokira doan zubia berritzeko lanei ekin die, Getxoko Errekagane kalean. Ibaiaren ibilguaren zabalera handitzeko, pantailak jarri dituzte jada ertzetan. Hain zuzen ere, Antiguo Golfeko etxebizitzen eremuan hasi, eta Errekagane kalera doan bidean jarri dituzte. Horiei esker, ibaiaren ibilguaren zabalera gaur egun dituen sei metroetatik 11ra handituko du Uraren Agentziak.
Lanon barruan, batetik, ibaiaren ertz biak lotuko dituzten habeak jarri behar dituzte, trabes. Bestetik, habe horien gainean, zubi berriaren oinarria izango den taula ipiniko dute. Urtea bukatu aurretik, taula hori hormigoiz finkatuta utziko dute.
Gobela ibaiaren ibilgua 762 metro zabalduko dute. Bi eremutan egingo dituzte lan horiek; lehenengoa Cristobal Valdesen gainezkabidean hasi eta Artatzako zubiraino iristen da —406 metro—. 2014ko hirugarren hiruhilabetean bukatzea aurreikusi du Uraren Agentziak. Bigarren ataleko lanen bidez, Artatzako zubia lotuko dute Leioan 2011n eta 2012an egindako lanekin.