“Guk, antolatzaile modura, ez dugu erabakirik hartuko”

Lekeitioko jaietan, 1980ko hamarkadatik, antzara hilak erabiltzen dituzte, baina eztabaida piztu da herritarren artean ikusirik azken urteetan zein erraz hausten diren antzarak. Antzara artifizialak erabili nahi diren galdetu du komisioak.

Zergatik uste duzue azken jaietako antzarak horren makalak izan zirela?

Antzarak betiko lekutik ekartzen dira, eta hiltzeko moduan ere ez da aldaketarik egon urteetan, baina antzara onak aurkitzea gero eta gaitzagoa da. Izan ere, oso zaila da aire zabalean hazitako antzarak aurkitzea. Gaur egun, haztegietako antzarak bakarrik aurkitzen ditugu, eta makalagoak izaten dira kanpoan hazitakoak baino.

Sor daitezkeen arazoak ikusirik, eta antzara jokoak aurrera egiteko, polimerozko antzara aukera bat izan daiteke?

Antolatzaile modura, jaia egitea ziurtatu behar dugu, eta, lehen egin zen modura, arazoren bat balego, hegazti gripea edo benetako antzarak erabiltzeko debekua, esate baterako, antzara artifiziala aukera bat izan daiteke.

Nolakoa da antzara hori?

Antzartek antzara artifizialari buruzko bideo bat ikusi genuen bileran. Gazteek ez zekiten antzara zelakoa zen, eta harrituta geratu ziren. Benetako antzararen itxura handia dauka, eta benetako antzara baten simulazio ona egiten du. Ez da edozelako andrekoa; ikerkuntza gune batek egindako ikerketaren ondorioa da, garapen teknologiko aurreratua duena.

Parte hartzaileei Antzartek-ekin saio bat egitea nola ikusten duten galdetuko diezue.

Parte hartzaileen artean galdeketa bat egitea da asmoa, halako antzaragaz parte hartzeko zelako gogoa daukaten jakiteko.

Nola parte hartu ahal izango da galdeketan?

Kuadrillek iritzia eman ahal izango dute, abenduaren amaierara arte. Kultur etxetik pasatu beharko dute iritzia emateko.

Zein da Antzara Batzordearen jarrera gai horretan?

Guk, antolatzaile modura, ez dugu alde baterako edo besterako jarrerarik hartuko. Erabaki bat edo beste hartu, guk jaia antolatzen jarraituko dugu, betiko modura. Ez dugu ezer erabakiko; emaitzak jasoko ditugu, eta udalari eramango dizkiogu.

Nork hartuko du erabakia, orduan?

Momentu honetan, galdeketa ez da ezer erabakitzeko. Galdeketa horren emaitzekin eta udalak egindako azterketekin, datorren martxo bueltan beste batzar bat egingo da, ontzien ordezkariekin batera. Antzaretako komisioak eta udalak argi daukagu jaia herrikoa dela eta denon artean sortu, moldatu eta gozatu behar dugula. Horretarako, denon artean erabaki eta diseinatu beharra daukagu hain gurea sentitzen dugun jaia.

Egunen batean alda daitekeela uste duzu?

Ohitura guztiekin gertatzen den bezala, aldaketak ere bere prozesua behar du. Lehen, emakumeek ez zuten jaian parte hartzen. Antzara Eguna-eta aldatzeko pausoa eman zenean, idatziak aurkeztu zituzten erabaki horren kontra. Gaur egun, ordea, inork ez du zalantzan jartzen emakumeen parte hartzea. Gainera, jaia aldatzeko gogoa balego, probak egin beharko lirateke lehendabizi. Antzara artifizialak erabiltzeak kostu bat dauka, eta dauden ereduen artean egokiena aukeratu behar da.