Bilbo zaharra, hamaika iruditan

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako historiako pasarte garrantzitsuak zein garai hartako lokal eta bizi ohiturak gogora ekartzeko erakusketa dago ikusgai Erribera merkatuan. Bilbon, ezkerraldean: Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala izenburuarekin, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean kokatutako auzoak joan den mendean zer-nolakoak ziren azaltzen saiatuko dira hamabi panelen bitartez.

Bilbotar askok gogoratuko lituzketen zenbait pasarte erakusten dira erakusketan. Besteak beste, jadanik desagertuta dauden Cortes kaleko udal eskolak, Laguna kalea, Valentin Herediaren jatetxea eta denetariko denda, Bizkaia saloia eta Bataclan, Las Columnas eta Kursaal Novedades kabaretak. Antzinako garaiak eta ohiturak begiratu bakarrean berreskuratzeko, oroitzeko edo ezagutzeko tartea izango dute erakusketa bisitatzen dutenek.

Horretarako, tamaina handiko hamabi panelez gain, kontakizun historikoak, deskribapenak eta datu bitxiak ere jaso dituzte. Paneletan, 150etik gora argazki jarri dituzte. Horretarako, hainbat iturritara jo behar izan dute. Auzootako bizilagunek eurek ere utzi dituzte erakusketarako etxean zituzten antzinako irudi horiek. Izan ere, antolatzaileek udan egin zuten bilaketa lan mardul hori, orain arte argitara atera gabe zeuden argazkiak bildu ahal izateko. Hainbat bizilagunek erantzun zioten deialdiari, eta euren argazkiak utzi.

Material guztiaren artean egin beharreko hautaketa erakusketaren komisarioek gauzatu dute. Arturo Izarzelaiak eta David Mateosek hartu dute ardura hori. Auzo horiek, gainera, gertutik ezagutzen dituzte biek ala biek, bertakoak baitira. Urte mordoa egin dute, gainera, Bilboko alde horretako historiaren pasarteak jasotzen dituzten materialak biltzen.

Lekuez gain, ordea, pasarte historikoen lekuko ere izan dira Bilboko auzook. Eta horien testigantzak jaso zituzten irudiek ere osatzen dute erakusketa. XX. mendearen hasierako beharginen elkarretaratzeak eta mitinak ageri dira. Baita Niceto Alcala Zamora Espainiako II. Errepublikako presidenteak bertara egin zuen bisita ere. 1932ko argazki bat da azken hori. Alcala Zamora Bilbo Zaharrera etorri zen Modelo Tomas Meabe eskola eraikitzeko lehenengo harria jartzeko ekitaldian parte hartzeko.

Garai hartako Bilbo, espazioak eta giroa. Horiexek dira Izarzelaiak eta Mateosek erakutsi gura dituztenak. Kaleko meatzaritza giroa, bertatik bertara ez bada ere, irudi bitartez ezagutaraztea dute helburu. Bertako bizilagunak nondik nora ibiltzen ziren, egunerokotasuna zer-nolakoa zen, zertan aritzen ziren lanean eta lanbide horiek zelakoak ziren, familien aisialdia zer-nolakoa zen eta kaleko eraikinik adierazgarrienak ezagutzeko aukera dago Erriberako merkatuan ipini duten erakusketan.

Merkatuan egoteaz gain, erakusketa San Frantzisko eta Zabala auzoetako udal guneetan dauden telebista pantailetan ere ikusi ahal izango da, urtarrilaren 5era arte. Hain zuzen ere, egun horretan itxiko dute erakusketa. Astelehenetik barikura, 08:30etik 21:30era bitartean emango dituzte irudiak telebista pantaila horietan. Horrez gain, Miribillako tren geltokiko telebistetan astelehenetik domekara bitartean erakutsiko dituzte argazkiok, 06:00etatik 22:00etara.

Argazki erakusketaren ostean, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak gai bera lantzen duen bideo bat aurkeztuko duela iragarri du.

Dokumental erako bideo horretan, ikerlarien eta historialarien datuak jasotzeaz gain, auzoko bizilagunen testigantzak ere ikusi ahalko dira. Lekukotasunak kontatuko dituzte, baita bertako historiari buruz daukaten jakintzaren berri eman ere. Bilbo hiriko inguru entzutetsuenetako baten historiari begiratu bat egiten dion ikus-entzunezko lan bat gauzatu dute batzuen eta besteen ekarpenei esker.

Urtarrilaren 14, 15 eta 16an egingo dituzte filmaren emanaldiak, Bilbao Arte aretoan eta Zabala eta San Frantziskoko udaltegietan. Egun bakoitzean hiru saio izango direla azaldu du udalak: 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan. Sarrera doan izango da. Urtarrilaren 20tik aurrera, bestalde, Bilbao Izan webgunean jarriko dute ikusgai filma.

Bilbao Izan programa duela zortzi urte sortu zen. Helburua zen Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei hiriaren historia, ondarea eta gaur egun hura osatzen duten guneek denboran izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutaraztea.

Bilbo hiriko auzoak eta barrutiak protagonista dituen bosgarren erakusketa da Erriberan ikusgai dagoena. Errekalden, Deustuan eta Begoñan egin dituzte aurrekoak, guzti-guztiak Kultura eta Hezkuntza saileko Izan programaren barruan.

Burdina meatzeetako mea

Erriberako merkatuko argazki erakusketaz gain, San Frantziskoko udaltegian beste erakusketa bat dago ikusgai: Bilboko burdina-meatzeetako mineralak: Kaltzita, esfalerita, galena, fluorita eta kuartzoa. Harridunak izeneko Mineralogia eta Paleontologia Euskal Elkartearen eta San Luiseko Meategiko azken meatzari Emiliano Valdizan Obesok osatu du ikusgai dagoen bilduma. Urtarrilaren 14ra bitartean bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:30era. Gabonetan, berriz, itxita egongo da.