Aurrekontua aurrera, PSEren baldintzak onartu ostean

2014rako Bizkaiko aurrekontuak oniritzia jaso du. PSE-EEk iragarri du abstenitu egingo dela bozketan eta ez diola osoko zuzenketarik aurkeztuko foru aldundiak osatutako proiektuari. Horretarako, ituna sinatu dute EAJrekin. Trukean, jeltzaleek 4,5 milioi euroko inbertsioa suposatzen duten proiektuak gauzatzeko konpromisoa hartu dute.

Joan den ostiralean sinatu zuten ituna eta horren berri eman. Datu zehatzegirik jakitera eman ez zuten arren, Iñaki Egaña sozialistak lerro nagusien berri eman zuen. Ermuko saihesbidea da itunean sartu duten proiektuetako bat. “Beharrezkoa den azpiegitura hori gauzatzeko 2017ra arteko partidak” itundu dituzte, Egañak iragarri legez.

Bestalde, Barakaldoko lantegien arteko errepidea egitea ere adostu dute. Horrez gain, Portugaleten jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko diru kopuru “garrantzitsua” ere sartuko dute aurrekontuan. “Gurutzetan La Paz eguneko zentroa martxan jarriko da eta Down Sindromea fundaziorako hain bat jarduera egingo dira”, azaldu du Egañak aurreikusi dituzten beste proiektuei buruz. Haren esanetan, 2017ra arte adostutako proiektuak “100 miloi eurokoak dira”. Zaintzaile pertsonal delako figura sortu eta garapenerako eta lankidetzarako diru sorta bat ere hitzartu dituzte.

Gehiengoa EAJren esku

PSE-EEko bederatzi batzarkideen abstentzioa lortuta, EAJk aurkeztutako aurrekontu legeak aurrera egiteko bidea bermatuta dauka. Izan ere, 22 batzarkide ditu. Bilduren hamabiek eta PPren zortziek aurka bozkatu arren, onartu egingo litzateke. Azken bi ekitaldietan PPrekin adostu zuten jeltzaleek aurrekontua. Aurten, ordea, ez dute akordiorik lortu.

Sozialistek gogora ekarri dute ez zutela babestu bukatzear dagoen ekitaldiko aurrekontua. Hona eman duen arrazoia: “Uste genuen, eta denborak hala baieztatu du, ez zietela bizkaitarren beharrei behar bezala erantzuten. Gainera, ez ziren egokiak orduan, krudeltasun osoz, pairatzen ari ginen errealitate sozio-ekonomikoari aurre egiteko”. Orain adostutako proiektuek eurek babestutako zenbait ildo bultzatzen dituztela esan du Egañak. Hauek aipatu ditu: baliabide publikoen hazkundea, EAJrekin adostutako erreforma fiskalari esker, eta laguntza gehiago Bizkaiko ekonomia “errealarentzat”.

Unai Rementeria Lehendakaritza ahaldunak, Lorea Bilbao jeltzaleen bozeramaileak Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak sinatu dute akordioa jeltzaleen aldetik. Rementeriak eta Bilbaok azaldu dute PPrekin akordioak lortzeko “ateak zabalik” dituztela oraindik. “Batzar Nagusietako talde guztiekin saiatu gara akordioa lortzen”.

Baina ez dute lortu. PPk osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei. Horrez gain, 56 milioi euro jasotzen dituzten 164 zatikako zuzenketa ere iragarri ditu Esther Martinez batzarkideak. EAJk eta PSE-EEk adostutako akodioak ez duela “oinarririk eta etorkizun ikuspegirik” adierazi du. “Zulo sozialistak estaltzeko” helburua duela iritzi dio. Foru gobernuari, gainera, akordioak adosteko “borondate falta” egotzi dio Martinezek. Zatikako zuenketen bitartez “ekintza soziala garatzeko” asmoa dutela iragarri du PPko batzarkideak.

Bilduk, bestalde, osoko zuzenketaz gain, 66,5 milioi euroko 30 zatikako zuzenketa aurkeztu ditu. Irune Soto batzarkidearen esanetan, sozialistek iragarri duten abstentzioa euren esku dauden hiru udaletara bideratuko diren diru partiden truke izango da. Ohar hau egin du: “Bere burua ezkerrekotzat duen alderdi batek, printzipioei eusten badie ezin du babestu gizarte murrizketak proposatzen dituen aurrekonturik”. Zuzenketen bitartez erakutsi nahi dute “posible dela murrizketa sozialik gabeko aurrekontua egitea”.