Milaka lagunek bete zituzten Lekeitioko portuko bazterrak joan den Antzara Egunean. Jaiaren berri dagoenetik, 1631. urtetik, gazte asko ausartu dira portuaren erdian jartzen duten antzarari lepoa kentzera. Kuadrillez betetako ontziak, zozketa bidez erabakitako txandetan, antzararen bila abiatzen dira, ahal denik eta jasoaldi gehien egin eta saria, antzararen burua, eskuratzeko.
Lehia arriskutsua da parte hartzaileentzat; gazteak sei metro ingurura igotzen dira, eta gero uretara jausi. Ausardia horrek ezagun egin ditu Lekeitioko antzarak. Azken urteetan, gainera, jaiak zeresana eragin du, animalien aldeko elkarteek benetako antzarak ez erabiltzea eskatu dutelako. Egunotan, gaia ahoz aho zabaldu da berriro, azken antzara jokoan agerian geratu zen kontu batengatik: batetik, hamabi ontzi geratu ziren parte hartu barik, eta, bestetik, gehien iraun zuen antzarak sei jasoaldi besterik ez zuen eraman.
Hobetzeko asmoa
Hori guztia kontuan hartuta, Lekeitioko Antzara Egunaren Batzordea udalarekin bildu zen jaien ostean, eta erabaki zuten antzara jokoan parte hartzen duten potin guztiekin bilera bat egitea. Azaroaren 23an, Lekeitioko Kultur Etxean batu ziren batzordea eta parte hartzaileak, gaiaren inguruan hausnarketa egiteko. Aurten izena emandako 86 ontzietatik 32 agertu ziren bilerara. Mahai gainean gai bi jarri zituzten: batetik, 2013ko Antzara Egunaren ebaluazioa eta, bestetik, datorren urterako proposamen berriak.
Jaiaren balorazioa eginda, antolatzaileek argi zeukaten galdera: zergatik geratu ziren hamabi ontzi parte hartu barik? Faktore asko batu ziren. Egindako hutsen artean, arauak malgu hartzea eta antzarak aldatzen eta antzarara heltzen denbora lar erabiltzea nabarmendu zuten. Horretaz gainera, Antzara Eguneko bideoaren pasarte batzuk ikusita, konturatu ziren arraunean txarto egiten zutela, estropurik ez zutela erabiltzen eta antzara gaizki jotzen zutela, besteak beste. Beraz, bileran batutakoek argi ikusi zuten neurriak hartu behar zirela, antzara jokoa osotasunean hobetzeko.
Hori horrela, Antzara Eguneko arauak mahai gainean jarri, eta, jaia hobetze aldera, proposatu zuten, besteak beste, uretako epaile bat egotea eta tailerrak antolatzea, arraunean, antzarari jotzen eta estropuak egiten ikasteko.
Antzara makalak
Arauak eta erak, ordea, ez dira hobetu beharreko kontu bakarrak. Azken antzara jokoan, agerian geratu zen antzaren makaltasuna ere; antzarari lepoa berehala kentzen zioten parte hartzaileek, jasoaldi bi besterik ez baitzuen irauten apurtu gabe. Gauzak horrela, berriro atera da azken aldiko zurrunbiloa: polimerozko antzarak erabiltzea, hain zuzen.
2006. urtean, proba egin zuten Lekeition, baina orduan ez zen batere ondo atera. Hala ere, prototipoa hobetu egin dute, eta, sor daitezkeen arazoen aurrean, hegazti gripea aukeretako bat izan daitekeela ikusten dute, esaterako. Erabakia, baina, ez du Antzara Batzordeak hartuko. Batzordeak jakinarazi du galdeketa egin nahi dietela parte hartzen duten ontziei, horretarako prest egongo liratekeen jakiteko.