PSEren abstentzioak EAJren gehiengoa babestu du

Bilbok badu datorren urterako aurrekontua. EAJk bere bozekin nahikoa zuen udal gobernuak aurkeztutako proiektua onartzeko, baina negoziazioek fruitu eman eta PSE-EEren abstentzioa ere lortu du. Legean 4,1 milioi euroko moldaketa egin dute jeltzaleek, sozialistek aurka ez bozkatzearen truke. Besteak beste, auzoetarako inbertsio eta enplegu plana abiatzea, merkataritza bonua martxan jartzea eta Zorrozan igogailua eraikitzea hitzartu dute.

Osotara, 521,8 milioi izango ditu udalak. Marta Ajuria Ogasun zinegotziaren esanetan, aurrekontu horrek “egonkortasuna” ematen dio hiriari, eta “ekonomia suspertzeko eta zerbitzu publikoak mantentzeko gaitasuna” udalari. Haren ustetan, “aurreko gobernuek egindako lan onari esker dago udala egoera onean”.

PPko zinegotzi Beatriz Marcosen esanetan, “adreiluan oinarritutako aurrekontua” da udalak onartu duena. 2007tik hiriburuan 20.000 langabe gehiago daudela ekarri du gogora. Hori horrela, egoera horri erantzuteko “hainbat gastuk” itxaron zezaketela iruditzen zaio. Sozialistak ere kritikatu ditu, esanez oposizioa izateari “utzi” eta “hurrengo agintaldian botere zatitxo bat lortzeko” jo dutela abstentziora.

Aitziber Ibaigarriaga Bilduko bozeramaileak salatu du auzoak “bertan behera” uzten dituen aurrekontua dela. Haren esanetan, “turismoan oinarritutako erakusleiho hiria” bihurtu nahi du udalak Bilbo.

Alfonso Gil sozialistak aurkeztutakoa baino aurrekontu “hobea” dela esanez argudiatu du euren abstentzioa. Euren ekarpena “hiritarren onerako” izan dela iruditzen zaio.