Baikorra da oso. “Garai gogorragoak igaro genituen gerran, eta gainditu genituen haiek ere”. Eta gerra ostean ere bai. Diktadurari eta debekuei lanaren bidez aurre egin zien. Euskara, kultura, kirola, politika… Arlo askotan ibilitakoa da. Baina berak modu sinplean aurkezten du bere burua: “Ni Balendin Lasuen Solozabal naiz, Zaldibarko semea”. 1924an jaio zen. Datorren astelehenean ohorezko Lauaxeta saria emango dio Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskararen Egunaren harira. Poesia arlokoa Ricardo Arregi Diaz de Herediak jasoko du, Bitan esan beharra lanagatik. Jabi Elortegi bermeotarrari emango diote ikus-entzunezkoetakoa, Galerna dokumentalagatik.
Gaztetatik sortu zitzaion kulturarekiko zaletasuna Lasueni. “8 urte nituela, gaztetxo talde bat Batzokira joaten ginen domeka arratsaldeetan futbol partida entzutera. Orduan aberatsek baino ez zuten irratia. Hango giroan dantzan eta antzerkian hasi nintzen”. Gainera, solfeoa ikasten zuen egunero, domeketan izan ezik. Parrokiako abesbatzako kide ere bazen, eta, zuzendaria gerran hil zenean, berak hartu zion lekukoa, musikaz gehien zekiena zelako. 13 urte zituen. 21ekin Zaldibarko Korala sortu zuen. “Ez zen abeste hutsa. Nire asmoa mutikotan Batzokian ikusi nuena berreskuratzea zen: antzerkia, dantza, Agate Deuna…”. Gurasoek denda txiki bat zuten herrian, eta, besteak beste, egunkariak ere saltzen zituzten. Haietan gerrako berriak irakurriz sortu zitzaion letrekiko zaletasuna.
Gudu kronikak irakurtzetik, bada, Euskal Herriko liburu azoka garrantzitsuenaren sortzaileetako bat izatera igaro zen. “1965ean sortu zen Gerediaga elkartea. Urte hartan bertan egin genuen lehenengoz Durangoko Azoka”. Ordutik elkartean jarraitzen du. Lehendakaria izan zen garai batean, eta egun ohorezko presidentea da. Gogoan du Andra Mari elizpean hasi zirela, baina gobernadoreak zigortu eta Merkatu plazara joan behar izan zutela. “Gu izorratzeko egin zuen, baina ederra mesedea. Merkatua leku itxia zen, hotzari aurre egiteko hobea”. Oztopo eta traba mordoa gainditu behar izan zituzten. Baina pozik egiten du atzera begirakoa: “Arazoak izan genituen, bai, baina non ez da egoten arazorik? Nahi genuena lortu genuen”.
Euskarak eta euskal kulturak “beti garai zailak” bizi izan dituztela dio. Baina orduko egoera gaur egungoarekin alderatzen duenean, berriz ere baikortasuna nabaritzen zaio: “Begira zenbat mila euskaldun gehiago garen! Ez dela nahi genukeen neurrian erabiltzen? Bai, egia. Baina hori ere lortuko dugu, beste hainbat gauza lortu ditugun moduan”.
Tabirako Alpino mendi taldeko presidenteorde ere izandakoa da Lasuen. “Hiru lagunen artean birsortu genuen. Goi mailako mendizaleak ditu gaur egun. Ni mendira ez naiz joaten, baina bazkide naiz oraindik”. Eta politikan ere ibilbide oparoa izan zuen. Herriko alkate legez hasi zen. Bergarako alkateen taldeko kide izan zen. Durango Merinaldeko Mankomunitateko presidente. Bizkaiko Batzar Nagusietako kide. Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura ordezkari Bizkaian.
Edonola ere, gustukoen idaztea du Lasuenek. 41 argitalpen ditu. Horietatik hamar BBKren Bizkaiko gaiak bilduman. Eta gainontzeko gehienek berak sortutako bilduma bat osatzen dute; sorterriari buruzko historia liburuak dira: Herriko kondaira koadernoak. “Umetatik gustatu zaizkit historia eta geografia”.
Ikerketa lan hori maite du, “kanpoko lana delako”. Hau da, batetik bestera ibiltzeko aukera ematen diolako. “Horri esker, gure Euskal Herri maitea ezagutu ahal izan dut”. Artxiboz artxibo ibiltzen da egun ere, genealogia arbolak egiten. “Herriko familienak egiten ditut. Hasieran, hamasei abizenekoak osatzen nituen. Gero, 32koak. Gaur egun, tamaina horretakoak egiten ditut. Duela urtebete inguru bukatu nuen nirea, 64 abizenekin. Hau da, laugarren aitita-amamak artekoa osatu dut”.
Badu aspaldi hasi eta bukatu gabeko lan bat ere. Bizkaiko gaiak bilduman herrialde historikoko guruztokien inguruko azterlana argitaratu zuen. Gero, Araba eta Gipuzkoakoekin beste horrenbeste egin zuen. Emazteak lagunduta, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ibili zen, bila, neurtzen, datuak biltzen, argazkiak egiten… “Fitxategia osatuta daukat. Lanik gogorrena eginda dago. Liburu forma ematea falta zait, baina behin adin honetan, ez da inoiz jakiten zer gertatuko den, baina ez dut halako lanik egiteko astirik”.
Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko, Aranzadiko, Gerediagako, Labayruko eta Eusko Ikaskuntzako bazkide ere bada. “Nahi izanez gero, gura den guztia egiteko astia dago”.