Eta kito

Buruan izaten ditugun ideia piloa paper zuri batean idaztea askotan zaila izaten da. Nola ordenatu kontatu nahi duzun guztia ulergarria izateko. Paper zuria madarikatua bilaka daiteke. Errazena beti hasieratik hastea izaten da. Horretarako, memoria astindu eta ikasle garaietara joaten gara. Lehen Hezkuntzan behin eta berriz errepikatzen zuen irakasleak: “Esaldi laburrak erabili”. Ideiak ondo ordenatu, eta gero erabili zuzen puntuazio marka eta ikurrak. Kostata ikasi genuen ikasle garaietan komak leku egokian jartzen. Egun ere testuetan komek dantza egiten didate. Puntuen kasuan argi ikasi genuen; geldiuneak adierazteko jarri behar ziren. Esaldien bukaeran beti puntu beltza gogor markatzen genuen arkatzarekin. Ondoren matematika klaseetan ikasi genuen, geometrian puntuak dimentsiorik gabeko gorputzak direla. Puntuak idazkera ikurrak dira, eta ikurrak ideiak adierazteko erabili ohi ditugu. Gure herriko jaietan jaigunetik kanpo dauden puntu beltzak pintatu dituzte espaloi eta paretetan, adi ibil gaitezen. Aurreko astean eraikin publikoetan, udaletxean, unibertsitateko leihoetan puntu lila erraldoiak ikusi ditugu. Jendeak paparrean txapa lilak jantzi ditu. Albistegiak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunarekin zabaldu dituzte, lehen albistea izan da puntu lila. Datuak ere eman dituzte: 5.000 emakume inguruk Ertzaintzaren babesa, maila desberdinetakoa, jasotzen dute emakumeen kontrako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurre egiteko, Segurtasun Sailaren arabera. Datua aldatzen doa, baina azken urteetan gora egiten ari dela adierazi dute. Gazteen artean datuak harridura markak jartzeko modukoak dira: kasuen %7 adingabeak, eta bizkaitarrak. Hori da Euskal Autonomia Erkidegoan indarkeria matxistaren biktimaren profil ohikoena, Emakundek 2013ko lehen seihilekoan egindako txostenean jasotako datuen arabera. Kasu gehienetan biktimak 18 eta 30 urte artean ditu, eta kasuen %7,6 adingabeak dira. Ba al dakigu indarkeria matxista atzematen? Zergatik onartzen ditu gizarteak horrelako konpartimenduak? Ikurrak egun bakar batez balkoira atera beharrean urte osoan paparrean eraman behar izango ditugu gogoratzeko ikusi ez dutenentzat badela geldiunea egiteko ordua, paragrafo aldaketa nahi dugula behingoz. Puntuen tiranian bizi gara, erritmoa behartzen dute, eta azaroaren 25ean argi utzi dugu puntu lilekin, emakumeen indarkeriaren kontra gaudela, eta kito.