Bigarren urtez Barakaldok negurako aterpea izango du Lasesarreko kiroldegian. Eguraldi txarra dela eta, irekiera aurreratzea erabaki du udalak. Hala, datorren astelehenean zabalduko dute, eta hala egongo da martxoaren 30era bitartean. Bertara aterpe bila joko dutenek lotarako zakua, zukua, fruitu lehorrak eta opil bat jasoko dituzte. Gutxi gorabehera, hogei lagunentzako lekua dauka.
Bilboko Mazarredo kaleko aterpeak, berriz, joan den astean ireki zituen ateak. Honako hau izango du azken urtea, eraikinaren jabe Bilbao Ria 2000 erakundeak saltzea erabaki baitu. Apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. 50 lagunentzako lekua dauka, eta hotzaldietan beste 50 gizon-emakumeri emango die aterpe.