Gernikako Bereizmen Handiko Zentroa Galdakaoko ospitalearen mende dagoenez, bertako kudeatzaile Jon Guajardok lehen urtearen balantzea egin du.
Zein onura dakarzkie zentro berriak erabiltzaileei?
Zentroa diseinatu genuenean helburu nagusia zen ia denetatik urrun zegoen herritar kopuru handi bati ospitaleei dagozkien zenbait osasun zerbitzu hurbiltzea. Hurbiltze hori ahalik eta modurik eraginkorrenean egin nahi dugu. Esaterako, ez dago aurreikusita Gernikako zentroan oherik egotea, ez litzatekeelako oso eraginkorra izango. Hain zuzen, ez dago populazio nahikorik, egunero eta 24 orduz kardiologoak, traumatologoak, zirujauak eta beste egoteko.
Hori dela eta, bereizmen handiko kontsultak jartzea erabaki genuen. Jendeak ospitalera zein arazorengatik mugitu behar zuen gehien aztertu, eta horren araberako baliabideak jarri genituen. Besteak beste, ohiko erradiologiaz gain, ekografiak, mamografiak eta eskanerrak egin daitezke Gernikan. Osasun etxeetan ez dagoen zerbitzua eskaintzen dugu, eta zerbitzua osatuagoa da. Hain zuzen, ohiko kontsultez gain, probak egiteko baliabideak dauzkagu. Horrez gain, espezializazio gehiago dago orain, besteak beste, neumologia eta lehen ez zeuden oftalmologiako zerbitzu batzuk.
Etxeko ospitalizazioa ere martxan jarri dugu, Busturialdea eta Lea-Artibaiko bizilagunak artatzeko. Galdakaon soilik zegoenean, ez zen batere eraginkorra, esaterako, medikua eta erizaina Lekeitioko etxe batera joan behar izatea.
Larrialdi zerbitzua ere martxan da.
Bai. Ospitaleetan larrialdietarako dauzkaten baliabideetatik ahalik eta gehien jarri nahi genituen. Helburua da herritarren beharrizanei konponbidea emateko gai izan dadila, osasun arazo larri bat dutenean ez dezaten Galdakaora joan beharrik izan. Edozein unetan erradiologia zerbitzua martxan da, laborategia daukagu eta oinarrizko proba batzuk egiteko baliabideak ere badaude.
Hirugarren fasea daukagu burutzeko orain. Datorren udaberrian bi ebakuntza gela zabalduko ditugu. Beste gela bat ere izango dugu endoskopiak eta era horretako prozedura kirurgikoak egiteko. Horrekin osatuta geratuko da Gernika-Lumoko ospitalea.
Urtebeteko ibilbidea egingo du aurki. Zelakoa da balorazioa?
Datuek agerian uzten dute arrakastatsua izan dela. Artatu den pertsona kopurua handia da, bai kontsultei bai probei dagokienez.
Ezusteko handiena, ordea, agian, hilabete eskas zabalik daraman larrialdietako zerbitzuarena izan da. Zerbitzua finkatu ahala egunean 60 larrialdi inguru artatuko genituela aurreikusten genuen. Ia lehenengo asteaz geroztik, ordea, kopuru horretatik gora ari gara. Kontuan hartu behar da, gainera, oraindik askok barneratu gabe duten zerbitzua dela eta nahiago dutela Galdakaora joatea. Jendeak zerbitzu on bat ematen dugula ikusi ahala, gero eta gutxiago joango dira Galdakaora.
Arreta osatuagoa ematen dugu, oinarrizko pediatria eta traumatologia arreta eta ekipamendu osoarekin (analisiak, erradiografiak…). Medikuen eta erizainen prestakuntza ere erabat osatua da.