Irrien Lagunen furgonetak Lea-Artibai eta Mutriku zeharkatu ditu. Oraingoan, baina, bidailagun berezia eraman dute eurekin Tiritatxok, Martinbertsok eta Largabistak: Hitza egunkaria. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k hamar urte bete ditu, eta guztiek batera gonbidatu dituzte ume eta nagusiak ospakizun jaira: abenduaren 14an, Mutrikuko kiroldegian.
Lehenengo geldialdia Mutrikun (Gipuzkoa) egin du furgonetak, eta Irrien Lagunak eta Hitza egunkaria Goizeko Izarra eta San Miguel ikastetxeetan egon dira. Kantu, dantza eta alaitasunez, ikasleek jaiaren kartela itsatsi dute, herritar guztiei ospakizunaren berri emateko.
Ikastetxetik atera eta furgonetara heltzeko bidean, kalean, herritarrek ere ilusioz egin diete jaramon pertsonaiei. Bide batez, pertsonaiek jaialdiaren berri eman diete.
Furgonetan sartu, eta Mutrikun jasotako erantzun onarekin, irribarre batekin, Ondarroarako bidea hartu dute Irrien Lagunek eta Hitza-k.
Pozik hartu dituzte Irrien Lagunak eta Hitza egunkaria Ondarroako Zubi-Zahar, Txomin Agirre eta Zaldupe ikastetxeetan ere. Urduritasuna, aurpegi alaiak eta dantzatzeko grina ageri-agerian dauzkate umeek. Egunkariari zorionak abestu eta argazkia atera dute guztiek batera aparteko bisita hori gerora ere gogoan eduki ahal izateko.
Eskolaz eskola, pertsonaiak gero eta biziago doaz, gero eta animatuago. Baina mezua guztietan berbera da: “Abenduaren 14an… denok Mutrikura!”.
Berriatuan ere, zain egon dira ikasleak bisitariei ongietorria emateko. Irri eta algara artean zabaldu dizkiete ikastetxeko ateak. Horretan, ikasleez gain, gurasoek ere ilusio aurpegia bista-bistan izan dute.
Azkenik, Markina-Xemeingo frontoian eta Aulestiko plazan geratu da furgoneta. Zesta-puntan egiteko gogoarekin, pertsonaiek ondo baino hobeto pasatu dute Markina-Xemeingo Uni frontoi nagusian. Pelotariz inguratuta, herritarren begiradak erakartzen jarraitzen dute pertsonaiek, nahiz eta orduek aurrera egin.
Aulestiarren artean ere ezinegona izan da nagusi. Furgonetak plazan aparkatu orduko, umeek eskuak zabalik egin diote ongietorria.
Batean eta bestean, pertsonaiek eta Hitza erraldoiak erantzun ona jaso dute. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriak dioen modura, bizipoza izan da nagusi furgonetak geldialdia egin duen herrietan.
Irrizaleak ziren ikastetxeak eta herriak pasatuta, abenduaren 14ra arte agur esan dute pertsonaiek. Bidaia hori guztia bideoan grabatu dute, eta aurrerapen bat ikusgai dago jadanik Interneten. Bideoa osorik ikusteko, ordea, egun batzuk gehiago itxaron beharko dute bertan agertzen diren ume, guraso eta irakasleek. “Herriz herri grabatutako irudi horiek jaialdia iragartzeko erabiliko dira, eta datorren astean egongo dira ikusgai”, azaldu dute Hitzako arduradunek.
Argazki galeria eta bideoa ikusgai:
www.lea-artibaietamutriku.hitza.info