Euskaldunon kirol nazionala etimologia da”, irakurri nion behin John Ysursa historialariari. Grazia egin zidan, askotan ibiltzen naizelako ni hitzen jatorria bilatzen, asmatzen saiatzen, eta hitzen erroak hartu eta berriak sortzen. Friki puntua duela aitortzen dut, baina onartzeko lotsarik ez, friki berdintsu asko ezagutzen ditudalako, horietako asko bertso eskolan. Ez da harritzekoa, harrikada baitute horko askok. Eta Ysursaren hipotesia egiaztatuz, aurreko igandean, Murgiako bertso-saiorako bidean, kontu horiekin ibili ginen: hitz batzuen jatorria, hizkuntzalari hainbaten teoriak eta, beti lez, euskararen etorkizuna. Ondo gabiltza? Txarto? Esperantzara kondenatuak ala kondenatuak bakarrik?…
Hizkuntza politika arrakastatsuaren paradigma legez hartu ohi da hebreerarena: 150 urtetan, milioi erdi hiztun izaten hasi zirenak zazpi milioi bihurtu dira. Gainera, hizkuntza politikak, zentzu hertsian, ezin ditu 65 urte baino gehiago izan. Nola izan da posible? Bada, hiztunek gura izan dutelako. Hamaika kritika egin ahal zaizkie juduei, baina hizkuntzarekiko izan duten atxikimendua ikusita inbidia diet, ingurura begiratuta ez baitut euskara benetan maitatzen duen gizartea ikusten. Egiten ditugu gauzak, ospatzen ditugu egunak… Baina ez. Uste dut euskaldunon eskizofrenia linguistikoak kopeta eta gogoa ilundu dizkidala oraingoan.
Eta orduan, Kaliforniako lagun batek, sentimenduak irakurri izan balizkit bezala, mezu elektroniko bat bidali dit: “Txundituta nauka zelan jendarte batek maita dezakeen bere hizkuntza zuek, euskaldunok, zeuona maite duzuen bezala”. Eta kopeta eta gogoak argitu zaizkit pixka bat. Eta pentsatu dut, adibidez, Algortan, Euskal Gune bat sortzeko ideia bota eta hil batzuen buruan 60 lagun batu garela, bazkide izan eta proiektua aurrera ateratzeko.
Batzuetan sinesten dugu, eta besteetan amestu, gertu dagoela geure hizkuntza, sano eta bizi hegan ibiliko den eguna, eskinosoa legetxe, exkixua bezala. Baina Txillardegik Exkixu-n irudikatutako errealitate linguistikoa ez da lar aldatu, mende laurdena joan izan bada ere. Kopeta ilun, kopeta argi, gogo oneko, gogo eskaseko. Exkixuren Gure hitza abestia danbadaka hasi zait kaskoan: Arbasoen ahotsa / otsoentzat bildotsa / gu artzain egin ezean / laster du heriotza / zer otso eta zer kristo / kantatua den hizkuntza / sekula ez da hilko. Bertsolarien harrikada sortzailearekin gozamena hartu genuen Murgian. Euskaratik eta euskaraz. Euskaldunok halabeharrez bizi dugun exkixufreniak gaurkoan eguna gogo onez bukatzen utziko didala uste dut. Gogo oneko, kopeta argi.