Aste osoan atsedenik gabe lan egitea, astelehenetik igandera; 12 lanorduko egunak; orduko 5 edo 6 euroko soldatak, noski, ordu estrarik gabe. Ez, ez da industria iraultzari buruzko Charles Dickensen liburu bat; ezta 29ko krisiari buruzko analisia; ezta Estatu Batuetan kotoia biltzen zuten esklaboen lan baldintzen argazkia ere. Gurean gertatzen ari den zerbaiti buruz ari gara, munduko alkaterik onenaren hirian. Oraintxe gertatzen ari da, XXI. mendean, enpresen diru-gosearen ondorioz eta instituzio publikoen laguntzarekin.
Aipaturikoa San Mames Barriaren eraikuntza lanetan gertatzen ari denaren laburpen soil bat da. Han, hainbat enpresak horrelako lan baldintza lotsagarriak ezarri dituzte, sindikatuek azken hilabeteotan salatu dituztenak. Eta horiek ez dira gertakizun bakanak. Izan ere, enpresek Eraikuntzaren Hitzarmenak behin eta berrito urratzen dituzte, bai obra pribatuetan eta bai publikoetan, eta eraikuntza enpresa handiek bere etekinak handitzeko beharrezkoa den guztia egiten dutela azaleratzen du, baita lan eskubideak urratu ere.
Egoera tamalgarria da. Baina oraindik lotsagarriagoa da diru publikoarekin finantzatutako lanetan onartzea, instituzio publikoek sustatutako obrak segurtasun eta lan baldintzei dagokionez eredugarriak izan ordez.
Baina errealitatea oso bestelakoa da; prekarietatea eta esklabotzatik gertuko lan-baldintzak. Langileriaren aurkako erasoa osatzen duten azken urteotako lan erreforma guztiak —PP, PNV eta PSEk babestutakoak— aski izango ez balira bezala. Orain, instituzioen arduragabekeriaren bidez, legea ekidin nahi dute, horrek dakarren injustizia babestuz.
Horrela, eta San Mameseko lanak 2010eko ekainean hasi ziren arren, aurtengo irailera arte, 3 urte alegia, ez da ikuskapenik egin. Orain, hilabeteetan salatu izan den errealitate bat azaleratu da; hau da, hainbat enpresa legez kanpo jokatzen ari direla, eta ez dutela Bizkaiko Eraikuntza eta Obra Publikoko Hitzarmena betetzen, lan baldintzak murrizten dituzten bestelako itunak baizik.
Gauza bera gertatuko al da Deustuko Kanala irekitzeko lanekin? Bilboko Udalak neurriak hartuko al ditu hori ekiditeko? Hori nekez gertatuko dela dirudi, oraingoz ez baita ezer egin. Are gehiago, San Mames Barrian gertatu dena jakinda ere, udalak alde batera uzten du instituzioek langileen eskubideak babesteko duten betebeharra. Kanala zabaltzeko lizitazioaren baldintza pleguetan klausula sozialak sartzeko aukera galdu zuen, zeinen arabera, enpresa adjudikaziodunek, kontratek eta azpikontratatuek Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmena derrigorrez bete beharko zuten. Baina udalean klausula sozial horiek ezartzea guztiz ezeztatu du PNVk, eta azken osoko bilkuran Hirigintza zinegotziak baieztatu bezala, lege esparruaren arabera, ezin omen da inor derrigortu hitzarmen hori betetzera.
Berriro, eskubideak ukatu eta urratzeko ohiturari jarraikiz, PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, obra publikoen kontratazio baldintzen pleguetan enpresa adjudikaziodunek Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmen Kolektiboa betetzeko derrigortasuna sartzea eskatzen zuen EH Bilduren mozio bat baztertu du, betebehar hori bermatzen zuten neurriak zehazten zituenak, hain zuzen. Jeltzaleentzat, inoiz ez da une egokia behekoen alde jokatzeko.
Edonola ere, errealitateak erakutsi du posible dela langileen eskubideen alde egitea. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua onartu dute, zeinaren arabera lan eta soldata baldintzei buruzko klausulak kontuan hartzea edota hitzarmen kolektiboak obra publikoetan aplikatzea posible izango den. Horrek frogatzen du egingarria eta guztiz legezkoa dela.
Eta ez badute egiten, nahi ez dutelako da. Ez diote hainbat enpresaren diru-goseari mugarik jarri nahi. Eta, bien bitartean, prekarietatearen hazkundearen ondorioz hiltzen den langile kopurua, azpikontratazioa, aldi baterakortasuna eta segurtasun neurrien eskasia handituz doaz. Azken buruan, hiltzen badira, hala nahi dutelako da.