Barneko erbesteak hil zuen gizona

Denborak bakoitza bere lekuan jartzen duela esan ohi da, baina askotan, urteak pasatu ahala, oroimen kolektiboak ez du denen alde berdin jokatzen. Juan Bautista Eguzkitza lemoarra izan daiteke horren adibide, “lar ahaztua izan baita urte hauetan zehar”, Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera. Elizgizon eta Euskaltzaindiaren sortzaile, haren sermoiek famatu egin zuten XX. mende hasieran, eta orain horiek biltzen dituen liburu bat aurkeztu du Labayru Ikastegiak, Neure entzule maiteak izenburupean. Sarrera eta edizioa Urrutia euskaltzainburuaren ardura izan da, eta Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean idazleak euskalgintzan izandako garrantzia nabarmendu zuen. 1875ean jaioa, laster egin zuen jaioterritik Lekeitiora arteko jauzia. Han igaro zituen bere bizitzako urte gehienak, 1936ko gerran frankistek Bizkaia hartu eta bi urteren ondoren “etsipenez” hil zen arte. 599 orriko liburua kaleratu du Labayruk, eta barruan sermoi zibilak zein erlijiosoak uztartu dituzte, lemoarrak bere egin baitzituen gizartearen aldarrietako asko. Alde horretatik, “nahiz eta lexikoan kontserbadorea izan, erretorikan jakinduria handia” zeukala azpimarratu du Urrutiak, bazekielako bere mezua nola moldatu herritar xumeengana hel zedin.

Eguzkitzaren prosa “bikaina, eredugarria eta imitatzeko modukoa” dela aipatu du Adolfo Arejita Labayru Institutuko zuzendari eta euskaltzainak. Proiektua elkarte horrek argitaratu du, eta BBK Fundazioa izan du bidelagun. “Norbaitek galdetu lezake zer egiten duen legegizon batek [Urrutiarengatik] elizgizon baten sermoiak editatzen. Horren harira, esan behar dut XIX. mendean eta XX. mendean, batez ere, kleroak garrantzi handia izan zuela euskalgintzan”, argitu zuen Arejitak. Eta halaxe izan zen, Euskaltzaindia euskararen akademia Eguzkitzak eta beste hamaika kidek sortu zutelako. Resurreccion Maria Azkueren belaunaldikoa izanik, Euskaltzaindiko lehen presidenteak bazeukan Eguzkitzaren ibilbidearen berri, eta elkarte berri hartako lehen batzarretara gonbidatu zuen lemoarra, 1919. urtean.

Azkuez eta Eguzkitzaz gain, beste hamar kidek osatu zuten Euskaltzaindiaren lehen zuzendaritza. Azkue, Georges Lacombe, Ramon Olabide eta Damaso Intzarekin batera, Eguzkitza izan zen Euskaltzaindiko egoitza zaharrean batzar gehienetan parte hartu zuena: 90etan, hain zuzen. “Horrek Euskaltzaindiak hasieran izan zituen arazoen jakitun nagusienetarikoa izatea eragin zuen”, Urrutiaren arabera. Bizkaiera peto-petoa eta lexiko kontserbadorea erabiltzearen aldekoa zen, eta antzina erabiltzen ziren hitzei esanahi berriak eman nahi zizkien. Horren adibide da Eguzkitzak Doneztebeko Euskal Egunean emandako hitzaldiaren hasiera: Andere ta jaunak: Irakurtzen noianen lantxo zarpail eta zirtzil au nere gogoz ez nuan nere gain artu.

“Barruko erbestea”

Gasteizko seminarioan egin zituen ikasketak, eta ondoren erretorika eta gramatika irakasle gisa aritu zen han. Horrek bere dialektika hobetzeko abagunea eman zion. Garai hartako Eliza katolikoaren mezu kontserbadorea ordezkatzen zuen Eguzkitzak, eta aurretik aipatutako ezagutzez baliatu zen bere mezua zabaltzeko. Abade ez ezik, Espainiako II. Errepublikan kazetari lanetan ere ibili zen Ekin asterokoan eta Euzkadi egunkarian. Dena den, 1936ko gerra pizteak bizia itzali zion. “1937an, bando nazionala Lekeitiora sartu zen, eta Lemoara bidali zuten, jaioterrira”, euskaltzainburuaren arabera.

Erbestera ez zela joan azaldu du Urrutiak, “baina erbestea bere barruan bizi izan zuen”. Gaixotasun baten menpe, bazekien bizitza ez zitzaiola gehiegi luzatuko. Horren haritik, “agurtu horko lagunak, nik ez baititut gehiago ikusiko” tankerako eskutitzak idatzi zizkion Azkueri. Bi urte luze iraun zuen gaixotasunak eragindako sufrimenduak, begiak behin betiko itxi zitzaizkion arte.

Hil zela jakin barik, Bilboko auzitegi frankistak hari buruzko informazioa eskatu zion Lekeitioko Udalari. Izapidearen arabera, Eguzkitza “abertzale ezaguna”, “kultur gune separatistetako kide” eta “eragin handiko politikaria” zen. Horrela joan zen Eguzkitza, “batzuen etsai eta besteen lagun”, gogoratu du Urrutiak. Urteek euskalgintzaren bigarren planoan utzi dute lemoarra, eta orain kaleratutako liburuak haren pertsona omendu nahi du.