Zuzeneko ereitea, larreak ontzeko

Larreetako lurrak ondu egin behar dira. “Larreak berritu egin behar dira; urte batzuetan erabili ostean, galdu egiten dira; bizitza zehatz bat daukate”, azaldu du Gorbeialde Arratia-Nerbioko Landa Garapenerako elkarteko lehenengo sektoreko teknikari Sonia Barrondok. Orain artean, horretarako, “lurra goldatu, hazia bota eta lurra berriz ere zapaldu egin behar zen. “Transformazio oso sakona egin behar da, denbora behar du eta bere kostua ere badauka”. Arratian eta Hego Uriben probatzen ari diren metodo berriari esker, ordea, makina batek egiten du lan hori. Zuzeneko ereite metodoa da.

Hain zuzen ere, metodo berri horri esker lurrak ez dira landu behar. Bi eta lau zentimetro arteko zabalera duten zuloak egiten ditu makina ereileak; bertan, hazia botatzen du zuzenean, eta arrabol batzuen laguntzarekin zulook itxi egiten ditu. “Hori guztia jarduera bakar batean”.

Metodo horrek dauzkan onurez ere egin du berba Barrondok: “Larreetako belarra moztu edota ganaduak jan ostean, zuzenean pasatzen da makina, eta, hiru asteren ondoren, belarra hazten hasia dago dagoeneko. Neguan atseden hartzen utzi, eta udaberrian larrea erabat berrituta egongo da. Lan bakar batekin, makina pasatuta, larrea berrituta dago: askoz errazago eta azkarrago”.

Tolosaldeko talde batekin harremanetan jarrita izan zuten sistema horren berri. Han makina alokatu, eta probak egin dituzte. Orozkon eta Urduñan egin dituzte landaketak. “Gure asmoa larre guztiei jarraipen bat egitea da, baita jendearen artean sistema honen berri ahalik eta gehien zabaltzea ere”.

Proiektua, dena den, hastapenetan, “hasi berri”, baino ez dagoela azaldu du Barrondok. “Orain izapideak egiten ari gara: zein larre landatu ditugun zehaztu, zein hazi bota diren… Horrez gain, argazki batzuk atera ditugu hasieran landak zelan dauden ikusteko”. Datozen hilabeteetan argazki gehiago aterako dituzte.

Bestalde, udaberrian, haziak ernetzen hasten direnean, beste argazki batzuk ateratzeaz gain, analisiak egingo dituzte. Martxo edo apiril aldera, “eguraldi hobea hasten denean, lehenengo belar bolak egingo dira, eta horien bitartez kontrolatu ahal izango dugu bazkaren kalitatea igo den”, azaldu du Sonia Barrondo teknikariak. Hasi da ernetzen abiapuntua kalitatezko bazken ekoizpenari buruzko ikastaro batean izan zuen proiektua, eta hilabete batzuen buruan ikusiko dute haren emaitza.