“Ez dugu beldurrik antzinako artera hurbiltzeko; bai, ordea, gaur egungora gerturatzeko”

Artea Durangaldean gaur katalogoa aurkeztu zuen atzo Mikel Onandia arte historialariak (Durango, 1983). Eskualdeko artistak ezagutzera ematea du helburu, besteak beste, lanak. 250 ale argitaratu dituzte. Salgai daude, 25 euroan, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta herriko liburu dendetan.

Mapa topografiko gisa definitu duzu katalogoa. Zer aurki daiteke bertan?

Durangaldeko hainbat artista garaikideren hautaketa bat jaso dut. Mapa gisa aurkeztu dut Durangoko eta inguruko herrietako artistak aukeratu ditudalako. Horrez gain, sarrera historiko bat ere badauka lanak, testuingurua kokatzeko. XX. mendean Durangaldean egon den giro artistikoa azaltzen du.

Beharrizan bat ikusi duzu sortzaile belaunaldi berri baten ikerketa egiteko. Zer dela eta?

Gehienbat, bertako sortzaileak ez direlako nahi genukeen besteko agerikoak. Ezezagunak dira oro har. Giro artistikoa bultzatzeko beharrizana egon da; baita jendeari jakinarazteko artistak badaudela eta gauza interesgarriak egiten dituztela.

Oro har, jendeari kostatu egiten al zaio artera hurbiltzea? Obrak ez ulertzeak beldurrak edo konplexuak sortzen al dizkio ikusleari?

Bai, sarri ikusleok aurreiritziak edo beldurrak izaten ditugu. Ez dugu beldurrik antzinako artera hurbiltzeko; bai, ordea, gaur egungora gerturatzeko. Guztiok gara hurbiltzeko gai, eta esfortzu bat egin behar dugu. Era honetako ekimenak publikoaren eta sortzailearen artean zubi lana egiten saiatzen dira.

Ba al dago elkarlanik eskualdeko artisten artean?

Durangaldean, egia esan, giro artistiko askorik ez dago. Artistek modu indibidualean lan egiten dute. Batzuek elkar ezagutzen dute, baina giro falta hori adierazgarria da.

Zelan definituko zenuke eskualdeko produkzio artistikoaren egoera?

Askotarikoa, eklektikoa da. Ez dago horretaz bizi den sortzaile askorik. Badago, ordea, militantzia handia eta gauzak egiteko gogoa daukan jende asko. Gauza asko egiten dituen jendea da: pintura, eskultura, bideogintza, argazkigintza...

Eta, artisten mailari dagokionez, zer esango zenuke?

Interesgarria da. Hori publikoak epaitu beharko du, dena den. Liburuan saiatu naiz epaiketarik ez egiten. Nire hautaketa ahalik eta modurik objektiboenean egiten saiatu naiz, eta denetarik erakusten. Ez dut diziplina edo lengoaia zehatz baten aldeko apusturik egin nahi izan. Ahalik eta gauza zabalena erakusten saiatu naiz: Jende helduaren eta gaztearen lanak, emakumezkoenak eta gizonezkoenak...

Zelan egin duzu hautaketa?

Ahalik eta zabalena edo eklektikoena jasotzea izan dut irizpide. Ahalik eta diziplina gehienak sartzen saiatu naiz. Dagoena agerian utzi, mugarik gabe.

Eta katalogoa zelan antolatu duzu?

44 artistaren lanak jaso ditut, eta lau ataletan banatu: Figurazioa eta errealismoa; Horizonte abstraktuak; Lengoaia artistiko berriak —bideogintza, zinemagintza edota instalazioak egiten dituztenak, besteak beste— eta azkena, Errealitate fotografikoak —argazkilariak—.

Era askotako artistak eta diziplina ugari jaso dituzu. Non hasi eta bukatzen da artea?

Oso galdera zaila da. Definizio teoriko bat ematea oso zaila da. Saiatu naiz era horretako definiziorik ez ematen. Artea da guk artea deitzen diogun hori. Denboran eta historian aldatuz joan da: Antzinatean artea gauza bat zen; Erdi Aroan, beste bat; Barrokoan, beste bat; eta gaur egun, beste bat. Horrek ez du esan nahi definitu ezin dezakegunik. Hala ere, bakoitzak bere definizio propioa izan dezake. Gaur egun gizarteak zer onartzen du arte gisa? Adierazpen plastiko baten bitartez sentimenduak, ideia teorikoak edo kontzeptuak agerraraztea. Oso definizio orokorra da, dena den.

Artista etiketa ere oso konplexua da. Ni sortzaileei buruz hitz egiten saiatu naiz gehiago.

Zein desberdintasun antzematen dira hasi berriak diren artisten eta ospetsuen lanen artean?

Hasiberriak oraindik esperimentazio bidean eta euren lengoaia pertsonala aurkitu guran dabiltza. Horrek ez du esan nahi interesgarria ez denik; alderantziz. Esperimentazio hori oso erakargarria da.

Ospea dutenek badaukate esperientzia bat; egin dute bide hori, eta badaukate lengoaia pertsonala, identifikagarriagoa, zehaztuta. Alde horretatik, helduagoa izan daiteke euren lana.

Katalogoaren lehenengo atalean Durangaldeko giro artistikoaren historia laburra jaso duzu. Zer aurkituko du irakurleak?

Hor aipatzen ditut, esaterako, Dario de Regoyos —asturiarra izan arren, Durango inguruan ibili zen margotzen—, Zubiaurre anaiak —Madrilen bizi arren, bertakoak ziren eta sarri etortzen ziren hona; bertoko paisajeak eta jendea margotzen zituzten—... Euskal margolari asko bildu ditut, bertakoak izan ez arren etortzen zirenak margotzera.

Baita Gerediaga elkartea ere: 36ko gerraren ostean giro artistikoa sortu zen haren bitartez. Arte plastikoen aldeko apustua egin zuten hainbat erakusketa ekarriz. Leopoldo Zugazaren irudia ere badago. Durangarra zen, eta euskal arte abangoardiaren erakusketa asko ekarri zituen Ezkurdi aretora, 1970eko hamarkadan. Geroago, Durangoko Arte eta Historia museoa sortu zen, 1980ko hamarkadan.

Harremanik ikusi al duzu identifikatutako historiako pasarte horien eta artistok egindako lanen artean?

Neurri batean, bai. Zaila da esaten, ordea. Gazteengan ez da askorik nabari. Horiek beste garai bateko semeak dira: Arte Fakultatean ibilitakoak, globalizazioan sartutako garaikoak... Helduagoak diren artistei dagokienez, bai: horietako asko joaten ziren Ezkurdi aretora erakusketak ikustera eta antolatzera. Artisten arteko giro hori, egun ez dagoena, lehenago bazegoen. Beraz, helduagoak direnak badira 1970 eta 1980ko hamarkadetako giro artistikoaren oinordekoak. Bakoitza bere eran.

Abenduan lan horrekin lotutako erakusketa bat jarriko duzue Durangoko Arte eta Historia Museoan. Zer aurkituko du bisitariak?

Abenduaren 5ean inauguratuko da. Liburuan agertzen diren artisten lan batzuen beste hautaketa txiki bat izango da. Osagarriak dira katalogoa eta erakusketa. Hamar edo hamabost artelan inguru egongo dira. Erakusketa denbora baterako izango den arren, artelanak zuzenean ikusteko modu bat da, aurrez aurre ikusi behar dira eta.