Bizkaiko aurrekontu proiektuak beste pauso bat eman du asteon. Foru aldundiko zortzi diputatuek euren sailei dagokien diru kopurua zertan inbertituko den azaldu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. Orain, ordezkaritza duten lau alderdi politikoek zuzenketak jartzeko tartea izango dute. Foru gobernuak azaroa bukatu aurretik onartu gura luke behin betiko aurrekontua.
Leku gehiago eta eskualdeetan banatuago
Foru aldundiko zortzi sailen esku dagoen aurrekontuaren %43 jasoko du Gizarte Ekintzakoak: 465 milioi euro pasatxo. Pilar Ardanza diputatuaren esanetan, “pertsonak dira diputazioaren politiken ardatza, eta bereziki, ahulenak”. Horregatik, orain arte eskaintzen dituzten zerbitzuei “eusteko ahalegina” egin dutela adierazi du. Bere sailak dituen hamar euro bakoitzeko zazpi adinekoei, mendekoei eta elbarriei laguntzera bideratuko dira.
Adinekoentzako programen dirua 162 milioikoa da. Zentro eta egoitzen kudeaketan erabiliko dira: udal eta herri administrazioekin 536 leku itunduko dira. Hitzartutako egoitza leku pribatuetarako diruak ere gora egingo du, gutxienez 2.543 leku bermatzeko. Ardanzak iragarri duenez, leku gehiago izango dira datorren urtean, eta Bizkaiko eskualdeetan sakabanatuago egongo den sarea osatzea dute jomuga. Mendekotasunen bat dutenentzako sariak eta diru laguntzak banatzeko, 90,7 milioi izango ditu Ardanzaren sailak.
Lau milioi euroko funtsa, 850 lanpostu sortzeko
Imanol Pradalesen sailak 77,1 milioi euroko aurrekontua izango du; aurten baino %6,1 gehiago. Diru kopuru horren %22,8 inguru enplegua eta talentua sustatzera bideratuko dituzte. Berrikuntzen artean, datorren urtean 850 lanpostu sortzeko plana prestatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, lau milioi euroko funts bat sortuko du Ekonomia Sustatzeko Sailak. Planak lanpostu berriak bultzatzea ez ezik, Bizkaiko eskualdeetako ekonomia suspertzea ere izango du helburu. Besteak beste, langabezian hamabi hilabete baino gehiago daramatenekin egingo dute behar. Baita gazteekin, euren enpleguan egonkortasuna lortzen lagunduz.
Mikroenpresak babesteko, 600.000 euroko funts bat sortuko dute: mikrokredituak emateko erabiliko da. Enpresa berriak martxan ipintzeko azpiegitura berri bat eraikiko dute Zamudion, Bizkaiko Teknologia Parkean. Eta enpresa ertain eta txikiak nazioarteko merkatuetara zabaltzeko, 5,3 milioi euro bideratuko dira.
Ermuko saihesbidea eta Bizkaibus eraberritua
Aurten zeresana eman duten bi proiektu izango ditu esku artean Herri Lan eta Garraio Sailak 2014an: Ermuko saihesbide berria eta Bizkaibus. Osotara, 306 milioi pasatxo izango ditu Itziar Garamendiren sailak; aurten baino %5,63 gehiago. Diputatuaren esanetan, lehentasuna “konpromisoak betetzea” izango da. Hala, Ermuko saihesbidea ez ezik, Bilboko Metroaren 3. lineak ere bultzada jasoko duela iragarri du. Autzaganeko tunela eta Bermeoko saihesbidea eraikitzen ere jarraituko dute.
Errepide sarea hobetzeko eta mantentzeko lanek ere diru kopuru jakin eta “garrantzitsu” bat izango dutela azaldu du diputatuak. Zeregin horretarako, 45 milioi erabiliko dira.
Garraioari dagokionez, datorren urteko erronka Bizkaibusen emakida berriak martxan jartzea izango da. Irail eta urri hasieran sortutako lan gatazkak prozesua atzeratu ostean, 2014an adjudikatuko da datozen hamar urteetarako zerbitzuaren kudeaketa. 79 milioi gorde dituzte horretarako.
Guggenheim museoa, kulturaren motorra
2014an aurten baino %5,64 diru gehiago izango du Kultura, Kirol, Euskara eta Gazteria Sailak: 48,7 milioi. Kultura Zuzendaritzak jasoko du kopururik handiena: 27 milioi. Horietatik 5,7 Guggenheim museoarentzat izango dira. Josune Ariztondo diputatuaren esanetan, aurten baino bi milioi gehiago izango dira, “museoak Bizkaiko kulturan duen motor lana indartu” nahi dutelako. Horrez gain, Arte Eder Museoak milioi eta erdi jasoko du; 4,7 milioi, BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak; eta 1,4 milioi, Foru Liburutegiak.
%2,7 igoko da Euskara Zuzendaritzaren aurrekontua. Administrazioa eta instituzioak euskalduntzeko hirurteko plana ipiniko dute martxan, besteak beste. Herrietan erabilera sustatzen duten elkarteentzat, 1,1 milioi gorde dituzte. Euskaltzaindiak, Labayru ikastegiak eta euskarazko hedabideek, osotara, 2,5 milioi jasoko dituzte.
Energia aurreztea eta iturri berriztagarriak lehentasun
%3,7 igoko da datorren urtean Ingurumen Sailaren aurrekontua: 69 milioi euro izango ditu. Iosu Madariaga diputatuak Batzar Nagusietan azaldu duenez, berrikuntza nagusia energia arlotik etorriko da 2014an. “Energia aurrezteko eta kontsumo iraunkorra sustatzeko politikak bultzatuko ditugu, energia berriztagarrien ekoizpenaren aldeko apustua eginez”.
Edonola ere, Ingurumen Sailaren aurrekontuaren erdia inguru hondakinen kudeaketara bideratuko dute. 2,7 miloi jasoko ditu Artigaseko tratamendu mekaniko-biologikorako plantak. Gainera, 400.000 euroko diru laguntzen funts bat sortuko dute udalentzat, bosgarren edukiontzia hedatzeko.
Ustiategiei laguntzeko kredituak ardatz nagusia
Irene Pardo Nekazaritza diputatuaren esanetan, sailaren lehentasun nagusia ustiatzaileei laguntzeko kredituak izango dira. Haren ustez, “nekazaritzari, abeltzaintzari eta basogintzari babesa erakusteko modurik zuzenena dira”. Batera edo bestera banatzeko, 14,29 milioi euro izango dituzte. Bereziki, gazteentzako laguntzak haziko dira, ekintzaileentzat edo dagoeneko ekoizle diren arren inbertsio berriak egiteko diru faltan daudenentzat. Lurren bankua indartzeko asmoa ere agertu du Pardok. Osotara, 30,6 milioi euro izango ditu bere sailak; aurten baino %3 gehiago. Basoetako natur baliabideen kudeaketarako, 6 milioi pasatxo aurreikusi dituzte; 700.000 euro izango dira ehiza eta arrantza arlorako.
Larri dauden udalentzako laguntza zuzenak
Lehendakaritza Sailak 24,4 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Unai Rementeria ahaldunaren esanetan, administrazioa modernizatzea da helburu nagusia. Gainera, diru kopuru horretatik milioi bat euro inguruko funts bat sortuko dute finantzaketa egoera larrian dauden udalei laguntza zuzenak eman ahal izateko.
Sailaren aurrekontutik kanpo utzi du diputatuak langileria kostuena. 188 miloi euro izango dira, aurten baino %2,84 gehiago, nahiz eta soldatak izoztuta mantenduko diren. Gernika-Lumo eta Zallako suhiltzaileen parkeak egiteko leku berri bila dabiltzala ere azaldu du Rementeriak.
Udal finantzaketari dagokionez, sailetik aparteko funtsen berri ere eman du. Udalentzat, oro har, 789 milioi egongo dira 2014an. Horietatik 766,6 Udalkutxarako izango dira; hau da, udal aurrekontuak osatzeko. Beste 12,3 miloi Gizartekutxara bideratuko dira; udalen gizarte zerbitzuak finantzatzeko funtsa da. Azkenik, beste 3,5 milioi euro Mendekotasun Legea udaletan garatzeko erabiliko dira.
10 zerga-ikuskatzaile berri eta iruzurraren aurkako 6 agente
Ogasun eta Finantza Sailak 129 milioi euro izango ditu 2014an, aurten baino %7 gehiago. Besteak beste, lantaldea handituko duela iragarri du Jose Maria Iruarrizaga ahalduna: Foru Ogasunak hamar zerga-ikuskatzaile berri eta iruzurraren aurkako beste sei agente izango ditu.
Finantzatuko diren obren artean San Mamesen eraikuntza eta Goi Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eraisteko lanak nabarmendu ditu: 9,6 milioi jasoko ditu aurrenekoak eta 1,5 bigarrenak. Futbol zelaia eraikitzen ari den sozietateari egingo dion ekarpena %26 haziko da, “baina taldea ez da lagunduko”.