Norbera enpresari

Duela hiru urte Bizkaiko Foru Aldundiaren Autoenplegu Planaren laguntza jaso zuten proiektuen %73k gaur egunera arte irautea lortu dute, Imanol Pradales Ekonomia Sustapenerako diputatuak jakinarazi duenez. “Autoenplegua laguntzea ez da bakarrik lanpostu bat sortuko duen ekimen bati babesa ematea, denboran mantenduko den enplegua sortzea baizik”. Haren esanetan, iraupen tasa hori “oso pozik” egoteko modukoa da, krisi garaia dela aintzat hartuta. “Egia da bidean proiektuetako batzuek porrot egiten dutela, baina indize hori harro egoteko modukoa dela iruditzen zaigu”.

Azken urteetan plan horrek emandako fruituak ezagutarazi ditu diputatuak, ekintzaile horietako bati egindako bisitan. Joan den astelehenean Bilboko Lacequia komunikazio eskolan izan zen, proiektua bertatik bertara ezagutzera joanda. Iazko datuak eman ditu aurrena: 2012an, 841 proiektu lagundu zituen diruz Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurten, urtea bukatu gabe, 1.140 laguntza onartu dituzte. “Sekulako igoera izan dugu eskaeretan. Horregatik, %40 handitu behar izan dugu diru kopurua”.

Sortutako enplegua onartutako proiektuak baino gehiago izan zela ohartarazi du Pradalesek. Iazko 841 enpresa berriek 1.069 lanpostu sortu zituzten. Hau da, ekintzaile horietako batzuek langileak hartzen dituzte. 2013a bukatzerako beste 1.500 sortuko direla aurreikusi dute. “Autoenplegua enplegua sortzeko oso tresna interesgarria da”.

Ekonomia Sustapenerako Sailera laguntza eskatzera joaten diren gehienak gazteak izaten direla dio: %67k 40 urte baino gutxiago izaten dituzte. Eta horien artean, gehientsuenek 30 urtetik gora. “Unibertsitate ikasketak dituen jendea izaten da normalean, nahiz eta badiren Lanbide Heziketa alorretik etorritakoak ere”.

Proiektuei dagokienez, ostera, askotarikoak izaten direla ohartarazi du: “Beti uste dugu halako ekimenak ostalaritzari edo zerbitzu pertsonalei lotutako enpresa txikiak izango direla. Baina ez da horrela. Sektore askotatik iristen zaizkigu eskaerak. Teknologia alorrekoak, Interneti lotutakoak, komunikazioarekin, hezkuntzarekin edo aholkularitzarekin lotura dutenak… Askotariko ekimenak jasotzen ditugu”.

Planak lehen urtean batez beste itzuli behar ez den 5.000 euroko laguntza ekonomikoa ematen die ekintzaileei. “Horrez gain, 30 urtetik beherakoek, andreek eta elbarriek aparteko laguntzak ere badituzte. Beste lanposturik sortuko bada ere, diru laguntza gehigarri bat jasoko dute. Autonomo, enpresa txiki eta mikroenpresa txikientzako laguntza bereziak ere eska ditzakete”. Tutoretza zerbitzua ere ematen diete, aholkularitzen bidez. Helburua bigarren urtean ere laguntzen jarraitzea dela esan du Pradalesek.