KORRONTZI, TRADIZIOAK GAURKOTUZ

Tradition 2.1 diskoa aurkeztuko du Korrontzi taldeak gaur, 20:30ean, Basauriko Social antzokian. Tradizioa eta folklorea gaurkotasunarekin lotuta eramango ditu oholtza gainera taldeak. Hil honetan argitaratuko duten diskoa, euren laugarrena, bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da gaur. Disko horrek hainbat tokitako eta kulturatako musikarien laguntza izan du. Herrialde askotan egin dituzte grabaketak, eta leku horietako kulturen kutsuak jaso dituzte Tradition 2.1 lanean. Sarrerak hamar euro balio du. Korrontziko kideez gain, hainbat artista gonbidatu izango dira Basaurin: Mikel Markez eta Mikel Urdangarin, besteak beste.