Ez da gauza bera neskek belarritakoak eramatea eta tatuaje bat egitea”. Kontu zaharra da, ohikoa amarentzat neskek belarritakoak eramatea eta, egia esan, ez zaio arrazoia falta. Betiko kontua da, aspaldikoa bai behintzat. Eta gaur egunean mutilek ere daramatzate, eta inork ez du inor arraro begiratuko horregatik, lehen gertatu bezala, kontu berria zenean bezala.
Behin baino gehiagotan hitz egin dugu honi buruz etxean: arrakadak, piercingak, tatuajeak… Eta zinez geure ama modernoa dela, irekia dela belaunaldi berrien egiteko moduekin, pentsamoldeekin, bizitzeko erekin… Baina berak botatako esaldi hori etorri zitzaidan gogora aurrekoan, gaia jorratzen duen Idurre Eskisabelen Itxaron gelan zutabea irakurri nuenean. Eta amaren esaldiaren atzetik, tropelean, tatuajeen inguruan entzuten diren guztiak: esaldi tipikoak, estigma topikoak, gogoeta interesgarriak ere tarteko, baina guztiak gaitz berarekin: markak neurgailu desberdinekin epaitzeko ajea.
Badaukat balet dantzari profesionala den lagun bat eta esango nuke ordu gehiago eman dituela puntak jantzita oinetako normalekin baino. Horrela ditu oinak, minduta eta oinen edertasun kanonetik urrun. Baina balet dantzariei estatus bat ematen die gizarteak eta onartzen dizkie estigmak. Eta amatxi masajista izan zen urteetan zehar eta horrela ditu eskuak: artritisak jota, tendoiak hantuta eta atzamarrak kaskailduta. Lanbidearen ajeak.
Ez ditut maila berean jartzen lanak utzitako markak eta, nahita, geure buruari eragindakoak, ez baitira gauza bera. Baina betikotasunaren itzalak iluntzen ditu biak ala biak: tatuajeez ari garenean beti agertzen den betikotasunaren mamua. Halere betiko markak utziko dizkiguten erabakiak hartzen ditugu egunero: erretzea ala ez, edatea ala ez, orojalea ala begetarianoa izatea. Onuragarriagoak zein kaltegarriagoak izan, erabaki guztiek uzten dute betirako markarik.
“Eta zahartzaroan, azala biguntzen denean zer?”, galdera tipiko eta topikoa. Bada, tintaz zikindutako azal eroria izango da, Gorbatxoven orbanaren antza izango duena agian. Eta horrekin joango naiz hondartzara, bilobekin espero dut. Baina eurek ez dute galdetuko aititek zergatik duen beso erdia beltz-urdinxka eta beste erdia beilegi, aitite betidanik izango delako horrela. Betidanik. Ohiko. Zahar. Ze hurbil dauden ohiko eta ezohiko, zahar eta berri, antonimo diren neurrian. Tatuajeak daramatzatenak eta ez daramatzatenak bezain hurbil. Ez daramatzatenek ikusi nahi ez duten arren.