Krisiak eskualdea gogor astindu duela-eta, enpleguaren suntsipenaren kontra mobilizazioak jarri ditu martxan Arratian Lan eta Bizi plataformak. Ikusgarriena joan den astean egin zuten, Argie amatau etorkizune izitako lelopean. Kolore bateko zein besteko hainbat eragile eta alderdiren babesa jaso zuen itzalaldiak. Erantzunarekin pozik azaldu da Ariane Elejabarrieta (Lemoa, 1988), plataformako bozeramailea.
Zer-nolako balorazioa egin duzue itzalaldiaren oihartzunaz?
Oso ondo baloratu dugu itzalaldiak izan duen erantzuna. Mobilizazio gehiago ere egin ziren, ordea. Aurreko egunean auto karabana bat egin genuen, eta hogei auto elkartu ginen; egunean bertan, bestalde, 19:30etik 20:00etara elkarretaratzeak egon ziren Arratiako udalerrietan. Gutxi gorabehera, 500 lagun inguruk parte hartu genuen. Itzalaldiari dagokionez, ikusmenera efektu garrantzitsua izan zuen. Oso arrakastatsua izan zen. Ikusten da Arratiak baduela gaitasuna erantzun kolektibo bat emateko. Hala ere, hau ez da hemen amaitzen, aurrera egitea da erronka, eta argi daukaguna da beste politika ekonomiko batzuk aldarrikatu behar ditugula.
Zergatik aukeratu zenuten planteamendu berezi hori?
Argi geneukan egoerari erantzun bat eman behar zitzaiola. Horretarako, jendeak parte har zezakeen beste era bat iruditu zitzaigun itzalaldia; manifestazioen edo elkarretaratzeen gainetik badirelako beste modu batzuk ere.
Babes zabala jaso zenuten, baita euren artean ezberdinak diren alderdi politikoena ere. Hori ez da ohikoa izaten.
Bai, alderdi ugarik babesa eman ziguten. Hala ere, gertatu izan zaigu alderdi berberak udalerri desberdinetan boto edota atxikimendu desberdina ematea. Lemoa, Bedia eta Artean mozioa aurrera atera zen alderdi guztiek baiezko botoa eman zutelako; EAJk, Bilduk, PSE-EEk eta Aldatuz herri plataformak. Igorren, ostera, aurrera atera zen, baina EAJk kontra bozkatu zuen; Areatzan eta Zeanurin, Bilduk baiezkoa eman zuen, baina EAJk ezezkoa bozkatu zuen, eta mozioa ez zen onartu.
Aurrekaririk gabeko lanpostu suntsiketa bat salatu duzue. 1.000 langabe daude Arratian. Zer gertatu da?
Desindustrializazio baten aurrean gaude. Kapitalaren interesak gailendu dituzte, eta horren ondorio da gertatzen ari den desindustrializazioa. Hori da arrazoirik nagusiena. Horrek ondorio gehiago dakartza, noski. Eskualdeko kontsumoa jaitsarazten du; kaleratze indibidualak gertatzen dira enpresa txikiagoetan; beste enpresa batzuk, dendak edota ostalaritzako establezimenduak itxi egiten dituzte… Kate bat da.
Egungo krisi egoera bezalakoak baliatzen al dira batzuetan lan baldintzak kazkarragotzeko edo langileak kaleratzeko?
Bai, bai langileak kaleratzeko bai lana prekarizatzeko. Azken lan erreformek erraztu egiten dituzte bide horiek, gainera. Erreforma guztiak horretara bideratuta egon dira, eta enpresek aprobetxatu egin dituzte.
Arratian ere nabaritu duzue horrelakorik?
Bai; ahalegina, gutxienez, egin dutela ikusi dugu. Indar korrelazioaren arabera, emaitza baterakoa zein besterakoa izan da, baina ahalegina egin da.
Hainbat lan gatazka daude Arratian: Incoesa enpresako 53 beharginak lanuzte mugagabean daude; Alfusen egun mordoak daramatzate greban eta Lemoako Prefabricadosen 34 langile kaleratuko dituzte. Egoera horiek ikusita, zein da Arratiako bizilagunen aldartea?
Alde batetik, gogorra da, aurretik ere gatazka oso gogorrak izan ditugulako. Lemoako Cementosen, esaterako, sei hilabete egin dituzte greban. Horiek amaitu berritan Lemoako Prefabricadosekoak hasi dira, kontuan hartuta, gainera, azken hori Lemoako Cementosen talde berekoa dela. Jendearentzat oso gogorra izaten ari da. Hala ere, aldi berean oso positiboa izaten ari da, jendea benetan langileen eskubideen alde borrokan ari delako. Erantzun baikor hori, gehienbat, langileen aldetik etorri bada ere, arratiarrak jabetu dira ez dela soilik langileen arazoa, eskualdekoa ere badela, beraz, guztiona. Gazi-gozoa da. Alde batetik ikusten da Arratia hiltzen ari dela edo gero eta pobreago bihurtzen ari dela. Baina, bestetik, borroka honetan guztien animoak jasotzeak indarrak ematen dizkie langileei.
Enpresetako zuzendaritzak zelan ari dira erantzuten langileen eta arratiarren jarrera horien inguruan?
Eragina dutela esango nuke. Hala ere, gatazkak dauden enpresetan, Alfus eta Incoesari buruz ari naiz, arazoa nahiko enkistatuta dago. Sei hilabete daramate borrokan, eta guk ez dakigu oso ondo zein fasetan dauden. Gainerakoan, erantzun kolektiboek badute eragina gurea bezalako eskualde bateko enpresetan.
Zein konponbide ikusten duzue zuek? Eredu sozial eta ekonomiko berria proposatu duzue.
Guk uste dugu alternatibak egon badaudela eta eredu berri baten bila abiatu behar dugula.
Zeintzuk lirateke eredu horren oinarriak?
Guztiok daukagu argi eredu sozial berri bat beharrezkoa dela. Hausnartu egin behar dugu oraindik, plataformak hamar hilabete baino ez daramatza martxan eta.
Sistema goitik behera aldatzeko krisi garai hau egokiena litzatekeela uste duzue?
Bai. Une egokiena hauxe da. Batetik, jendea gogotsu dagoelako erantzun bat emateko. Eta, bestetik, eredu honen amaiera iritsi delako. Ikusi egin da. Izan ere, hau ez da Arratiako arazoa soilik. Eskualde honen antzera beste asko ere badaude, eta kapitalak sortutako egoeraren ondorioa da. Eredu zaharra kapitalean oinarrituta egon da, eta hori da aldatu behar dena.