“Nire bertutea sinpletasuna da, eta akatsa, ezjakintasuna”

Gatibu musika taldeko abeslari modura ezaguna bada ere, aurrerantzean literaturarekin ere lotuko dute Alex Sardui (Gernika, 1966). Izan ere, diskoetatik liburuetara salto eginda dator oraingoan. Hala, Zazpi kantoietan diskoa atzean utzita, Esan eta egin liburua aurkeztuko du aurtengo Durangoko Azokan, Baga Bigaren zigilupean. Lan berri horren emaitzarekin pozik agertu da abeslari eta idazlea, eta beste libururen bat idazteko gogoa duela ez du ukatu.

Zure lehen liburua idatzi duzu. Zer bildu duzu bertan?

1950eko eta 1960ko hamarkadetan kokatutako eleberri bat da. Lau umeren istorioa kontatzen du, umetatik nagusi egiten diren arte. Beren bizipenak dituzte, betiere talde moduan. Nagusi egitean, negozioetan murgiltzen hasten dira, eta zenbait enpresa sortzen dituzte; beti laurak batera. Liburuan kontatzen dudan istorio horren bitartez, kuadrilla hitzak haientzat zer esan nahi duen aurkituko du irakurleak liburuan.

Zelan otu zitzaizun liburua idaztea?

Txikitatik idatzi izan dut. Lauaxeta ikastolan (Zornotza) ibili nintzen umetan, eta beti aukeratzen ninduten idazlanak txapelketetara aurkeztu behar zirenean. Beti eduki izan dut ezinegon hori eta liburua idazteko gogo hori. Hala, denbora hartu dut orain, eta urtebete baino gehiago jesarrita egon ondoren, buruan neukan ideia atera da azkenean, liburu laburrean.

Emaitzarekin gustura al zaude?

Ni neu gustura geratu naiz egindakoarekin, baina, orain, jendeak esan beharko du nik egindako lanak ezer esaten dion edo ez.

Zelakoa izan da lehen esperientzia hori?

Oro har, ona izan da, gauza asko ikasteko aukera izan baitut. Liburu bat egiterakoan zer sentitzen den jakin nahi izan dut, eta, horrez gain, zer gauza ikasi behar diren liburuak geroz eta hobeto egiteko. Hori ezagutzeko aukera izan dut, eta ea esperientzia honekin beste bat idazten ausartzen naizen. Zerbait gehiago, behintzat, badakit jada.

Beraz, beste liburu bat egiteko asmoa izan baduzu.

Oraingoz, lehen liburu hau egin dut, eta horrekin ariko naiz aurrerantzean; gainera, beste proiektu batzuk ere baditut. Dena den, besterik ez dudanik egingo ezin dezaket esan. Egia esan, liburua egiten asko gozatu dut. Gainera, buruarentzat ariketa handia izan da.

Zure lehen lan hori idazteko inspirazioa nondik etorri zaizu?

Ideia bat izan nuen buruan, baina, egia esan, idatzi ahala etortzen da inspirazioa normalean. Nondik norakoa jakinez gero, gainontzeko gauzak atera egiten dira. Zorionez, denbora izan dut, eta inspirazio aldetik ere oso gaizki ez naiz ibili. Hori dela eta, gustura geratu naiz egindako lanarekin.

Idazle modura, zure bertute nagusiak zeintzuk direla esango zenuke? Eta akatsak?

Nire bertutea, beharbada, sinpletasuna dela esango nuke. Nire liburuko istorioa, esaterako, sinplea eta ulergarria da. Eta akatsa ezjakintasuna dela esango nuke, zalantza barik.

Euskaraz idatzi duzu zure lehen liburua. Beste hizkuntza batera itzultzeko asmorik ba al duzu?

Oraingoz, euskaraz kaleratu dut, eta, gero, beti izaten da aukera itzultzeko. Dena den, horretarako bere bermea behar du liburuak.

Zer-nolako publikoarentzat da liburua?

Gazteentzako liburua bada, baina nagusientzako ere bada. Hain sinplea izanda, irakurtzeko erraza da. Euskara mailari dagokionez, ez da sakontasun handirik behar. Egun bi edo hirutan irakurtzeko liburu bat denez, nik uste dut ez daukala adinik.

Beraz, idaztea zer den badakizu orain. Zer duzu nahiago, abestu ala idatzi?

Oso ezberdinak dira bata eta bestea. Abesteak, adibidez, zuzentasuna du oinarri; jendearentzat abesten duzu, jendearen aurrean kantatzen duzu… Abesteko orduan sentimendu batzuk agertzen dira, eta liburua idaztekoan, ordea, beste batzuk. Ez nuke bata edo bestea aukeratuko; oraingoz, abestea zer den gehiago dakit, baina idaztea ere gustuko dut.

Zer sentimendu agertzen dira, esaterako?

Liburua idaztean, sentimendu ezkutuagoak, pertsonalagoak… sentitzen dituzu; alegia, bakarrik zaudenean agertzen diren horietarikoak. Abestean hitza eta melodia ateratzen dira, eta, idaztean, ostera, hitza soilik. Melodiaren barruko hitzak era batekoak dira, eta berba egiten duguneko hitzak beste era batekoak. Hala ere, sentimenduak antzerakoak izaten dira.

Zer egongo da lehenago kalean, liburu berri bat edo disko berri bat?

Galdera ona da hori. Nik, oraingoz, diskora joko dut gehiago. Alde batera utziko dut pixka bat idazte hori; beste garai bati heldu behar diogu eta.Orain, behin liburua aterata, diskoa atera beharko da.