‘La ruta del bakalau’

Laurogeita hamargarren hamarkadan famatu egin zen La ruta del bakalau; bozgorailuetatik musika teknoa topera entzuten zen, gazteak ostegunean kotxean sartu eta diskoteka batetik bestera joaten ziren igandera arte. Musikaz, alkoholaz eta drogez bustitako gauetako aisia zen. Valentzian izan zuen arrakasta handiena nahiz eta gurean ere dantzaleku batetik bestera joateko bidea izan zen. Bilboko Zazpikaleetatik paseatzen sasoi hura ekarri dut gogora. San Nikolas eliza parean autobusak gelditzen dira, ehunka lagun jaitsi eta kartela daraman emakumeari jarraika doaz. Nik ere jarraitu egin ditut. Plaza Berrian sartu eta emakumeak bozgorailutik hiru azalpen arin eman ditu, bi minutu argazkiak ateratzeko eta aurrera jarraitzeko keinua egin du. Ondorengo geldialdia Unamuno plaza izan da. Mallonako eskaileren inguruko istorioak kontatu dizkigu gidak, idazle bilbotarra aipatu eta haren bustoa erakutsi, presaka argazkiak atera eta Erronda kalera abiatu da taldea. Musika teknoaren abiaduran mugitu dira Zazpikaleetako karrika batzuetatik.

Izan ere,bizkaitar erako bakailaoak kale batzuk zapaltzen ditu bakarrik, beste asko baztertuz. Errondan Miguel de Unamuno jaio zen etxeari argazkiak atera eta lasterka San Anton elizara heldu gara, “XIV. mendearen amaieran eraiki zen, estiloa gotikoa, begira bere diseinu liraina…”, esan du gidak bozgorailutik. Izen bereko zubia alboan egon arren ez dugu gurutzatu, ez, errekaren beste aldea ez da dantzaleku egokia. Erriberako merkatu eraberrituan klik, klik, klik… hori izan da soinua. Erriberatik, Belostikalen dagoen Arana jauregia seinalatu eta Arriaga antzokiko plazara heldu gara. Bilboko antzoki zaharrena. Erritmo bizian Bidebarrieta kalean barna joan gara, Jardinez kalean pintxo tipikoa jan, Santiago katedrala minutu batean ikusi eta Artekale kalean gelditu gara, Gregorio Martin janari dendan. “Espainiako arrandegi zaharrena”, esan du gidak. Bertan ama ikusi dut bakailaoa erosten eta ez da konturatu baina hamaika argazkitan joango da munduko beste punta batera, bakailaoa erosten duen emakume espainol tipiko gisa. Konturatu aurretik, San Nikolas eliza parean geunden autobusera igotzen. Dantzalekuz dantzaleku ibiltzen ziren gazte haiek bezala dabiltza Euskal Herria ezagutzen, Guggenheim, Zazpikaleak, Donostia… Erritmo bizian ikusten dutena usaindu eta entzun gabe, diseinuzko droga gorputzean dutelarik; turismoa. Erritmo bizian ere, Zazpikaleak eraldatzen ari dira, ikusi besterik ez dago zenbat jatetxe zabaldu diren azken boladan. Hogei minutu, hamaika argazki, horrela bisitatzen dituzte Bilboko Zazpikaleak. Oraindik harritzen gara, gure kaleetatik horrelako taldeak ikustean. Nik berdin pentsatzen dut “hara, hemen dute la ruta del bakalau-koek arratseko dantzaldia”.