Foru aldundiko sailek 2006an adina diru izango dute 2014an

Proiektu “positiboa” aurkeztu duela uste du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Datorren urtean 6.919 milioi euro izango ditu Bizkaiko aurrekontu orokorrak; aurten baino %5,2 gehiago. Horietatik, 1.502,2 milioirekin geratuko da foru aldundia bera. Eta igoera hori diputazioa osatzen duten zortzi sailek eskuragarri izango duten diru kopuruan ere nabarituko da: osotara, 1.082 milioi izango dira; %3,8 gehiago.

Proiektu “ona” eta “Bizkaiak behar duena” dela iruditzen zaio Bilbaori. Egoera ekonomikoaren “hobetze apalak” eta zerga bilketan iragarritako hazkundeak ahalbidetu dute. Dena den, zuhurtzia agertu du: “Hobetzen ari gara, motel, eta oso astiro jarraituko dugu”. Haren ustez, “ez da suziriak pizteko moduko garaia”. Izan ere, datorren urtean sailek edukiko duten zenbatekoa 2006an zutenaren parekoa izango da. “2012ko mailara apur batean ez gara gerturatu ere egingo; horrela izango da luzaroan”, egin du aurreikuspen ezkorra.

Gobernuak herenegun onartu zuen lege proiektua, eta atzo goizean aurkeztu zuten Batzar Nagusietan. Aurretik, idazten ibili direla, PSE-EEko ordezkariekin bilerak egin dituzte. Bilbao “baikor” agertu da proiektuak izango duen ibilbidearen inguruan. Esan du oraingoz ez dutela akordiorik lortu, baina badu itxaropenik. “Oinarriak finkatuta” daudela iruditzen zaio. Ermuko saihesbidearen kasua aipatu du bere aldartea justifikatzeko. Proiektuak 10 milioi euroko diru sorta jaso du, 2014ko udan beharrei ekiteko. “Guk aurretik konpromisoa hartuta geneukan, ermuarrekin eta bizkaitarrekin. Aspaldi esan genuen dirua izango genuenean eraikiko genukeen lehen azpiegitura hori izango dela. Orain badugu, eta bileretara asmoa besapean eroan genuen. Sozialistekin adostu dugu datorren urterako kopurua”. Otsailean adjudikatuko dituzte obrak, uda partean hasiko dira, eta 2017 hasieran bukatzea espero dute. Osotara, 90 milioi euroko inbertsioa egingo dute lau urteotan.

Datozen asteetan diputatuetako bakoitza bere saileko barne aurrekontua aurkeztera joango da Bizkaiko Batzar Nagusietan dagokion batzordera. Behin hori eginda, beste bi alderdiekin elkartzeko asmoa agertu du Bilbaok: “Ez dugu inor baztertzen. PPrekin elkartuko gara, eta baita Bildurekin ere. Ahalik eta akordio zabalena lortu nahi dugu”.

Kontuak osatzerakoan hartutako erabaki batzuen inguruko zertzeladak azpimarratu gura izan ditu Bilbaok. Datorren urtean ere funtzionarioen soldatek izoztuta jarraituko dute. “Ez guk hala nahi dugulako, legez horretara behartu gaituztelako baizik”, egin du oharra. Foru aldundiaren zor bizia ez da handituko: 2013a 1.320 euroko zorrarekin bukatzea espero dute, eta datorren urterako beste horrenbestekoa aurreikusi dute. Hau da, zor zaharra amortizatzen doazen heinean, neurri berean zorpetuko dira. Batez beste, tasak eta prezio publikoak %1 igoko dira.

Kirol profesionalak, bigarren urtez, ez du diru laguntzarik jasoko. Ez du zehaztu hurrengo urteetan zer gertatuko den, berreskuratuko ote diren. Edonola ere, San Mames futbol zelai berria eraikitzeko lanetarako iaz baino bi milioi gehiago emango dira: 9,6.

Oro har, aurrekontu legea hiru helburu gogoan hartuta osatu dutela esan du ahaldun nagusiak: “gizarte zerbitzuei eustea, enplegua sortzea eta inbertsioak handitzea”. Hala, banatzeko zeukatenetik zatirik handiena Gizarte Ekintza Sailak, Herri Lan eta Garraioetakoak eta Ekonomia Sustapenerakoak hartu dute: 848 milioi euro hirurek elkarrekin.

1. Gizarte zerbitzuak

Aurtengoarekin alderatuta, Gizarte Ekintza Sailaren aurrekontua %2 haziko da, 465 milioi eurora arte. “Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko gizarte zerbitzuak eta zerbitzu publikoak mantentzea da gure lehentasuna. Eta, posible den neurrian, handitzea”, azpimarratu du Bilbaok. Bigarren urtez Adineko bidaia programa bertan behera geratuko da. Hala ere, edadetuentzako politiketarako aurten baino 5,6 milioi gehiago izango ditu foru aldundiak; 162,4 milioi euro. Mendekotasunaren alorrean ez dela aldaketarik izango esan du: 42.8 milioi erabiliko dira familia barruko arretarako; aurten baino %4 gehiago. Azkenik, urritasunen bat duten pertsonei laguntzeko 78,2 milioi euro erabiliko dira.

2. Enplegua

Ekonomia Sustapenerako Sailak 72,7 milioi euro izango ditu —%7 gehiago—. Bereziki, enplegua sustatzeko eta lanpostu berriak sortzeko politiketan erabiliko dute. Hain zuzen ere, 17,6 milioi euro bideratuko dira zeregin horretara; aurten baino lau milioi gehiago. Hain zuzen ere, diru kopuru hori izango du laster aurkeztuko duten enplegurako funts bereziak. Eskualdeak indarberritzeko martxan ipiniko duten planarekin batera, osotara, 850 lanpostu sortzen lagunduko dutela aurreikusi dute. Edonola ere, onartu du 2014a langabezia tasa gorako bidean dela hasiko duela Bizkaiak.

Zornotzako AIC automozio zentroaren bigarren eta hirugarren faseetarako 5,5 milioi euroko diru sorta dauka proiektuak; iaz, zazpi milioi izan ziren. BEC erakustazokari, berriz, 13,5 milioi emango dizkiote.

3. Herri lanak

Ermuko saihesbidea eraikitzen hasteaz gain, datorren urtean Gerediaga eta Elorrio artekoarekin eta Bermeokoarekin jarraituko dute. Autzaganeko tunelaren obrek ere segituko dute. Denetara, Interbiak foru sozietateak 76 milioi izango ditu lan horietarako. Metroaren hirugarren lineak 21 milioi jasoko ditu: “2013ko aurrekontuan 11,5 milioi onartu genituen, eta, gero, defizit muga igotzean, beste 15,4 milioi gehitu dizkiogu. Beraz, osotara, bi urteotan 46,9 milioi euro inbertituko ditugu”. Bizkaiko Garraio Partzuergoak beste 30 milioi jasoko ditu, lehen eta bigarren lineak mantendu eta egokitzapenak egiteko —iaz, 36 milioi izan ziren—. 2014an, gainera, Bizkaibuseko zerbitzu lizentzia berriak adjudikatuko dira: 79 milioi euroko diru sorta izango dute urte osorako.

Bilboko Irala auzoan hainbat administrazioren artean trenbidea lurperatzeko duten proiektuari 3,4 milioiko ekarpena egingo dio foru aldundiak. 2014an bukatuko dituzte Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola zaharra eraisteko lanak. Ogasun eta Finantza Sailak egingo du foru aldundiari dagokion ekarpena: 1,5 milioi euro.

4. Udalen finantzaketa

Ahaldun nagusiak modu berezian nabarmendu du aurrekontu handiagoa izateak udalengan izango duen eragina. Azken lau urteetan behera egin du Udalkutxa udalen finantzaketarako foru funtsetik jasotako kopuruak. Eta, gainera, likidazioa egiterakoan dirua itzuli behar izan dute. Gaur egun, hamar udal daude zorpetzeko baimen berezia eskatuta, finantzaketa egoera larrian daudelako. Hala, datorren urtean Bizkaiko udalek aurrekontu handiagoa izango dutela azpimarratu du Bilbaok: 2013an baino %6,2 gehiago. Osotara, ia 790 milioi euro izango dira. Era horretan, gaur egun dituzten “estuasunei hobeto aurre egiteko moduan” egongo direla iruditzen zaio. Horrez gain, Unai Rementeria Lehendakaritza foru diputatuak iragarri duenez, udalek duten “itolarria” kontuan hartu dute bere saileko aurrekontua osatzeko orduan.

5. Bestelakoak

Salomon R. Guggenheim Fundazioarekin hitzarmena berritu beharko da 2014an. Bilbao baikor agertu da, eta hori ahalbidetzeko 5,7 milioiko ekarpena egingo dio Bilboko museoari. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoari, berriz, 4,8 milioi emango dizkio. Bizkaikoa Bizkaiko museoen sareak 4,8 milioi jasoko ditu. Osotara, Kultura Sailak 48,7 milioiko aurrekontua izango du. Igoera handienetakoa izan duen sailen artean dago: %5,6 hain zuzen ere.

Ingurumen Sailak izango dituen 69 milioietatik erdia baino gehiago Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora joango dira. Bi erakundeek hitzarmena dute sinatua, obra hidraulikoak egiteko. 40 milioi inbertituko dira horietan. Ingurumen azpiegiturak eraikitzeko, oro har, 10,7 milioiko funtsa osatu dute. Eta Artigaseko hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako lantegiak 2,7 milioi jasoko ditu.

Sailik apalena Nekazaritzakoa da. 30,6 milioi euro izango ditu datorren urtean, aurten baino %3 gehiago. Horietatik bi milioi nekazaritza eta ingurumenaren arloan emango dituzten laguntzetarako izango dira.