Espero zena betetzen ez denean

Duela gutxi zabaldu da, baina dagoeneko ez dira gutxi haren zerbitzuez kexu direnak. Batzuen ustez, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko —Ondarroa, Markina eta Berriatua izan ezik— “larrialdiak hobeto tratatzeko” balioko du, eta, beste batzuen ustez, “handikeriaz eginiko osasun etxe handi bat” besterik ez da oraingoz. Gernika-Lumoko ospitale berriaz ari dira denak, hilabete gutxian mota askotako kritikak jaso baititu. “Gurpilik gabeko motor bat bezalakoa da”, dio zentroan lan egiten duen baina izenik eman nahi ez duen emakume batek. “Oso eraikin polita egin digute, baina benetan garrantzitsuena falta zaigu: baliabide nahiko izatea. Larrialdietan pediatria zerbitzua daukagu, adibidez. Dena da oso polita, umeentzako apaindua eta guzti, baina ez dago pediatrarik, familiako mediku batek betetzen baitu haren lekua”. Hori da, haren ustez, ospitalearen egoeraren isla.

Gernika-Lumoko ospitale berria iazko abenduaren 12tik dago martxan, baina inaugurazio ofiziala ekainaren 10ean egin zen, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Abendutik ekainera arte osasun etxe normal baten lanak egin zituen. Baina, uda hasieran, neurologia, etxez etxeko ospitalizazioa eta erradiodiagnosi eta oftalmologia zerbitzuak eskaintzen hasi ziren, beste hainbatekin batera. Duela astebete, larrialdi zerbitzua estreinatu zuten. Eta, batez beste, egunean hirurogei kasu jaso ahalko dituela aurreikusi dute. Mila metro koadro inguruko azalera duela, larrialdi guneak zortzi box izango ditu. Horietako bi adingabeentzat izango dira. Dena den, nahiz eta agintariek “pazientzia” eskatu duten, langile eta erabiltzaile batzuek jakinarazi dute dagoeneko agortu zaiela. Horren adibide da joan den larunbatean gertatu zena: larrialdietako zerbitzu berrian ordutako ilara luzeak jasan behar izan zituzten.

Agintarien iragarpenen arabera, osasun zentroak 60.000 joan-etorri saihestuko ditu, inguruko bizilagunek Galdakaora joan behar izaten baitzuten orain arte. Badago pozik dagoen erabiltzailerik ere. “Ni birritan etorri naiz, eta, oraingoz, oro har, ondo ikusi dut”, dio izenik eman gura izan ez duen gizonezko batek. “Kanpo kontsulta batera etorri naiz, eta leku berrietan egoten den antolakuntza falta nabaritu dut. Baina imaginatzen dut denborarekin konponduko dela”, gaineratu du.

Joan den astean estreinatu zen larrialdi zerbitzua, urriaren 21ean, eta, aurreikuspenen arabera, 22.000 erabiltzaile artatuko dituzte urtean. Dena den, oraingoz ez da oherik izango, eta hor sortu da orain arteko eztabaidarik korapilatsuena. Alde horretatik, Oheak izango dituen ospitale baten alde dauden langileak izeneko talde bat sortu da. Bertako kideek ez dute normaltzat ikusten 35 milioi euro inguruko aurrekontua izan duen ospitale batek oherik ez izatea. Hasierako proiektuan ospitaleak oheak izatea aurreikusten zuten, baina aurreko Osasun Sailak oherik ez jartzea erabaki zuen. Osakidetzak azaldu zuenez, ospitaleratzeko beharra ez da oso handia; beraz, Busturialdeko zentroa etxez etxeko ospitalizazioa hedatzeko base moduan erabiliko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sistema hori erabiltzen ez den eskualde bakarrenetarikoa dela azpimarratu dute, gainera.

Dena den, SATSE, ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen arabera, Osakidetzak “ameskeriazko ospitalea” eraiki du. “Ospitale bateko ohe gertukoena, errepidez joanda, ordu erdira baino gehiagora dago”; Galdakaon, hain zuzen. Horrez gain, Osakidetzako zuzendaritzak “inaugurazioetako argazkietan agertzeko duen gogoa” salatu dute joan den astean kaleratutako agiri batean. “Urte erdian, ospitaleak hirutan jaso du zuzendarien bisita”. Sindikatuen arabera, zentroak “gabezia asko” ditu. “Arreta jarraituko gune handi bat besterik ez dute martxan ipini”. Orain arte espezialistarik —traumatologia, pediatria, kirurgia— eta ebakuntza gelarik jartzeko asmorik ez dutela izan azaldu dute.

Zerbitzuetan, herren

Horrez gain, langileak kontratatzeko orduan izandako “hutsuneak” eta gaueko txandetan “garbitasun eta laborategiko langileez uko egin” izana arbuiatu dute. Garbitasunaren kasuan, adibidez, “edozein ospitaletan” egiten diren lanak egin gabe geratuko dira. Laborategiari dagokionez, “gaueko txandako erizainek egin dezatela nahi du zuzendaritzak, eta hori Osakidetzaren jarraibideen eta dekretuak ez bete izanaren kasu argia da”.

Baliabide falta larriaren adibide bat azaldu du ospitaleko langileak: “Erradiologia zerbitzua goizetan bakarrik eskaintzen da. Apendizitis sintomak dituen edonor arratsaldez etorriko bada, Galdakaora joan edo arratsalde eta gau guztia hemen igaro beharko du. Horrek erakusten du ospitalea baino gehiago osasun etxe handi bat egin dutela”.

Gainera, joan den astelehenean, larrialdi zerbitzuetan lan egiten duten langileak “babesik gabe” sentitzen direla salatu zuten, segurtasun faltaren aurrean. “Gune hau 24 orduz zabalduta dago, eta mota guztietako jendea dator hona. Edozein motatako egoera arriskutsuen aurrean ikus dezakegu geure burua, batez ere gau partean”, kritikatu zuten.

“Ospitale guztiek dituzte segurtasun agenteak beren instalazioetan; beraz, ez dugu ulertzen Gernikakoan neurri horiek baztertu izana”. Galdakaoko ospitaleko kudeatzailetza jo dutela esan dute, Gernika-Lumokoa horren menpe baitago, baina salatu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso: “Oso haserre gaude. Badirudi zerbait larria gertatu beharko dela norbaitek kasu egin diezagun”.