“Kantabriak 400 hektarea kendu dizkigu, kendu nahi dizkigu edo kenduko dizkigu, eta inork ez du ezer esaten, Trebiñu denok babesten dugun aldi berean”, kexatu da Jose Manuel Coteron Turtziozko alkatea. Orain arte Turtzioz izan den Aguera izeneko inguruaren mugarriztatzea egin berri dute, Espainiako epaitegiek agindutakoari jarraituz. Aurrerantzean Guriezo izeneko udalerriaren parte izango da. Kantabriarrak pozik daude oso. Adolfo Izaguirre da bertako alkatea: “Epai batek agindutakoa baino ez dugu bete”. Baina bizkaitarrek lursail garrantzitsua “lapurtu” nahi dieten irudipena dute: “Ez dugu egindakoa onartzen”, ohartarazi du Turtziozko alkateak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa baino ez dutela sentitu samindu da, gainera, Coteronek. “Ez da jabego kontua, lurralde historikoari 400 hektarea kenduko dizkion mugarriztatzea baizik”, adierazi du Bizkaiko Lehendakaritza Sailak ohar bidez. “Lurraldeen mugak aldatzeak lursail hori, jurisdikzioari dagokionez, Kantabriaren menpe egotea ekarriko luke”, ohartarazi du.
Joan den eguenean elkartu ziren. Turtzioz eta Guriezoko alkateak (Kantabria, Espainia), Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kantabriako Gobernuaren ordezkariak eta Espainiako Gobernuak EAEn eta Kantabrian dituen ordezkaritzetako kideak ibili ziren Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko teknikarien lana gainbegiratzen. Euskal Herriko erakundeek, baina, beharrak bukatutakoan uko egin zioten akta sinatzeari. Bost mugarriak ipintzen hasi aurretik ere agertu zuten euren desadostasuna. Eta ondoren, haserrea jasotzen duen agiria idatzi zuten, Espainiako Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioko Tokiko Administrazioaren Zuzendaritzara bidaltzeko.
Madrildik ez dute halabeharrez kontutan hartu behar, nahiz eta Turtziozen esperantza hori baduten. “Bueltan erantzun bat jaso nahi dugula jakinarazi diegu”, azaldu du Coteronek. Ministerioko arduradunek agirian jasotako argudioak ontzat joko balituzte, joan den asteko mugarriztatzea bertan behera geratzeko aukera legoke. Edonola, Geografia Isntitutu Nazionaleko teknikariek euren lana bukatutzat eman zuten. Aurrerantzean pausu berririk emango bada, epaitegietako kontua izango dela iragarri zuten. Turtziozko alkatearen esanetan, ordea, prozesua ez da itxi: “Guretzat etapa berri baten hasiera da”, iragarri zuen mugarriztatzea egin berri.
Aguera deritzon ingurua norena den aspaldiko gatazka da, XVI. mendean sortu baitzen. Lau mende baino gehiago igaro behar izan dira erabaki tinko bat hartu aurretik: 2005ean Espainiako Auzitegi Nazionalak lurrok Guriezorenak direla ebatzi zuen. Bizkaiko agintariek errekurtsoa ipini zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, baina honek Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen.
Coteronek gogora ekarri duenez, mugarriztatzea Felipe V.a Espainiako erregeak 1739an emandako agindu baten arabera egin behar dela erabaki zuen Auzitegi Gorenak. Baina Geografia Institutu Nazionaleko teknikariak ez dira agiri hark zehazten zituen lekuak eta toponimoak aurkitzeko gai izan. Hala, gerora idatzitako beste agiri batzuetan oinarritu dira teknikariak. Horregatik diote euskal ez dela mugarriztatze zuzena. Mugak finkatzeko XX. mendeko dokumentuak erabili dituzte: 1927ko koaderno militar bat, 1921eko mendi publikoen mugarritze akta bat eta 1940ko mapa topografiko bat.
Gainera, Turtziozko Udalaren zerbitzu juridikoak “Espainiako Konstituzioaren kontrakoa” ere badela uste du. Izan ere, muga eta aldaketak horretarako beren beregi idatzitako lege organikoak dioenaren arabera egin behar direla dio estatuko lege nagusiak. Baina lege organiko hori oraindik ez da onartu; proiekturik ere ez dago. Hala, joan den eguenean egindako mugarriztatzea “zuzenbidez baliogabea” litzateke.