Zebra muskuiluaren ale helduak aurkitu dituzte Nerbioi ibaian, Basauriko Ariz auzoko Lapatza industrialdearen inguruan. Ur biltegietan agertu zirenean piztu zen alarma: Uribarri- Ganboa, Undurraga, Urrunaga eta Mendikosolo urtegietan. Nerbioi ibaira zabaldu dira orain. 2012ko irailean Arrigorriagako Mendikosolo urtegian aurkitu zituzten larbak eta ale helduak. Laginketa berrien arabera Arrigorriagako urtegi horretatik Basauri ingurura hedatu dira. Bizkaian zabaltzen ari dira, beraz. Hedatze hori espero zuen Eneko Albizuri Ura ur agentziako teknikariak.
Ebro arroan 2005ean aurkitu zituzten muskuiluaren ale helduak. Ordutik, aurreikuspenak baieztatuz, Ebrotik gora egin du hegoaldetik. Zebra muskuiluaren hedapena giza jardueren bidez gertatzen dela gogorazi dute adituek. Ez du bere kabuz ibaian gora egiteko ahalmenik, eta, hortaz, bestelako bideek ahalbidetzen dute horren zabalpena.
Albizuriren arabera, arrantzarako erabiltzen diren tresnek dute eraginik handiena muskuiluaren hedapenean; “oharkabean, larbak garraiatzen dira hauekin”. Beste horrenbeste gertatzen da itsasontziekin, larba eta ale helduez beteriko ur masa batean izanda, mota horretako muskuilurik gabeko ur garbietara eramaten direnean. “Giza ekinbidea da zabalkunderako faktore nagusia”.
Espeziaren zabalpena behatzeko eta hartzen diren neurriak komunean jartzeko erakundeen arteko mahaia sortu zuten Araban muskuilua detektatu zenean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikia dagoen Ura agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa eta Iberdrolak osatzen dute lantaldea. Urako teknikariaren esanetan, Araban larba eta ale helduak detektatu zituztenetik hona “erakundeetatik egindako lanari esker zabalkundea moteltzea lortu da”. Dena den, hartutako neurriek ez dute muskuiluaren hedatzea saihesterik lortu.
Hiru urteko plana lantzen ari dira orain, 2013 eta 2015 artekoa. Helburua eraginik jasan ez duten ur masa berriak kolonizatzea saihestea eta zabaldu den lekuetan dagoen ekosistemari ekar liezaioken eragina ahalik eta gutxiena izatea dira, besteak beste. Horretarako, larben eta ale helduen garapena ikertzeko azterketak egiten dituzte.
Mediterraneoko arroan aurkitu dira orain arte, bertako berezitasunekin. Orain, aldiz, Kantauri isurialdean agertzeak “ikerketa zein kontrolak areagotzea eskatzen du”, Albizuriren arabera. Kantauriko ezaugarriak dituen uretan ez dira aurkitu gaur arte. “Muskuiluaren eboluzioa aurreikusi ahal izateko ez daukagu datu askorik eta horretan gabiltza orain”. Kantauri isurialdeko orografia ezberdina da. Hortaz, prospekzioak sarri egiten dituzte erakundeek larben zein ale helduen garapena nola ematen den aztertu ahal izateko. Albizuriren arabera, “plan honek ez du espeziaren zabalkundea saihestuko, kontrola daiteke bai, baina ezin da desagerrarazi, oso espezie indartsua da”. Hartu beharreko neurrien artean, muskuiluaren hedapena moteltzeko higiene ohitura egokiak zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute.
Muskuiluaren kalteak
Adituek baieztatu dutenez, zebra muskuiluak ez du giza osasunean inolako kalterik eragiten. Alta, kalte ekologiko zein ekonomikoak eragin ditzake. Albizuriren arabera, ale helduek ur biltegien zein erreka inguruen paretetan finkatzean hemengo fauna eta flora ahuldu, hondatu edo desagerrarazteko aukera egon daiteke. Horretaz gain, muskuiluak iragazpen ahalmen handia du, eta horrek uraren konposizio fisiko eta kimikoa alda dezake. Ondorioz, uretako elikagai asko xurgatu ditzake, tokian tokiko landaredi zein faunari behar jangairik gabe uzteraino.
Ekosisteman eragiteaz gain, ekonomikoki kostu handia eragiten dute muskuiluak sortutako kalteak kudeatzeko eta zabalpena saihesteko hartzen diren neurriek. Hodietan, iragazpen sistemetan eta horniduran metatu eta horiek itxi edo apurtu daitezke. Hori eragozteko azpiegiturak garbitu eta hustu egin behar dira. Albizurik adierazitakoaren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrologikoak 13.000 eurotik gora gastatu zituen zebra muskuiluaren kalteak ordaintzeko.