Udalen finantzaketa gora, lau urtean estreinakoz

Bizkaiko Lurralde Historikoko Finantzetako Lurralde Kontseilua Bilbon bildu zen joan den astelehean, Udalkutxa udalen finantzaketaren foru funtsaren 2014rako aurreikuspenak eta 2013ko ekitaldiko likidazioa zehazteko. Datorren urterako hasierako aurrekontua, bada, 773,5 milioi eurotan finkatu dute. Aurtengo kalkulatu duten likidazioarekin alderatuz, datorren urtean % 6,3 gehiago jasoko dute. Hori horrela, lau urteko beheraldien ondoren, lehenengoz egingo du gora udaletara joango den diru sailak. Hau da, 2014an, Bizkaiko udalek 46 milioi gehiago izango dituzte kudeatzeko.

Lehendakaritzako diputatu Unai Rementeriak azaldu duenez, “datu horrek azken urteetako joera negatiboa hautsi du”. Izan ere, 2009tik udalek ez dute gehikuntzarik izan. Gainera, 2009, 2011 eta 2012an zegokien baino gehiago jaso zuten, aurreikuspenak errealitatea baino baikorragoak izan zirelako. Hala, egun ez zegokien hori itzultzen ari dira. Osotara, 266 milioi euro denen artean.

Zerga bilketan azken hiletan izandako gorakadak ahalbidetu du udalentzako diru gehiago egotea. Horri esker, aurtengo likidazioa ere mesedegarri izan zaie udalei, eta ez dute urte hasieran Udalkutxak aurreratu zien dirutik ezer itzuli beharko. Izan ere, 746,9 milioi euroko funtsa osatu dute. Duela urtebete egindako aurreikuspena baino %2,7 gehiago.

Bizkaiko udal guztiek 81.137 euro jasoko dituzte. Hainbat aldagairen arabera, kopuru hori hazten joango da. Adibidez, biztanleria, herrikako eskola kopurua, langabezia tasa eta biziguneen arteko distantzia hartzen dira kontuan.