Gora! Goizeko seiak dira, eta zure eskua iratzargailua itzaltzera ailegatu baino lehenago buruko ahotsek diotsue goizegi dela jaikitzeko; ilunegi eta hotzegi dagoela kalea. Minbera dituzun giharrek mugitu barik jarraitzen dute, atoan martxan jartzeko agintzen dion burmuinari entzungorrarena eginez. Milaka ahotsek garrasi egiten dute zeure baitan ohean pixka bat gehiago lotzeko, baina zuk ez diezu iritzia eskatu…
Ahots lodi batek xuxurlatzen dizu hori guztia, atzetik edozein unetan eztanda egingo duen tentsiozko biolin baten melodia entzuten dela. Pantailan dituzu iltzatuak begiak, irudiak ere ederrak direlako. Zentzumen guztiak kitzikatzea lortu du Youtubeko bideoak, eta hogei segundo ere ez dira igaro oraindik. Atrapatu zaitu. Zerbait eragin dizu barruan. Motibazioa.
Azken boladan, gutxienez albiste txar beste motibazio bideo heltzen zaizkigu posta elektroniko, Twitter eta Facebookera, katarsia bilatzen dutenak denak —behar dugulako agian—. Eskertu beharko genituzke indarra ematen digutelako hainbeste notizia terribleren artean, baina ez al da hobe katastrofea makillatu barik katastrofe uztea? Banksy grafitigileak pintura ederrak egin zituen Zisjordaniako Lotsaren Murruan, txikienen plazereko. Baina atso batek bota omen zion: “Zergatik edertzen duzu ederra ez dena? Hau ez dugu apaindu gura, amesgaiztoak ez baitira inoiz amets izango”.
Ardiz mozorrotutako otso asko bidaltzen dizkigute zukutu beharko genukeen bizitza hau zukutzen gaituen heriotza bihurtu duten horiek: “krisia berdin aukerak” filosofia urardotua, yes-we-can-a, motibazio bideoak… Eta, halako batean, gazteoi geure belaunaldia aurrekoekin konparatuta zeinen hobea den esaten digun bideo bat erakutsi zidan lagun batek. 60-70eko hamarkadetako Baby boom belaunaldiaren ostean X generazioa; eta milurteko berriarekin batera, gu. GU!, letra larriz eta garrasi ikurraz. Arrakasta ez dugu egonkortasuna, lehen taldeak bezala; arrakasta ez dugu gazte aberatsa izatea ere, bigarrenak lez; arrakasta, guretzat, bideaz gozatzea da, ez bakarrik helburua betetzea. Buruan ditugun proiektuak aurrera ateratzen goazen neurrian gozatzea. Eta pasioa ei dugu proiektu horretan sinesten dugulako. Horregatik batzen zaizkigu lan eta aisi aldiak. Horregatik omen gaude beti lanean, beti lanerako prest.
Baina nahiz eta bideoa soziologo talde batek egin omen duen, geure belaunaldia irudikatu baino gehiago zizelkatu nahi dutela ematen du; horrela nahi gaituztela: beti lanean, beti lanerako prest. Tendentzia ikerketak tendentzia sortzaile izateko asmatu zituztelako, hauteskundeetako boto-asmo inkestekin gertatzen den legetxe. Eta, portzierto, bideoari oihartzuna ematen ari den taldearen atzean Bankinter dago. Ardiz mozorrotutako otsoa.