Bilbok dozenaka eraikin berezi ditu bere baitan; batzuk, hiriaren historia idatzi dutenak, eta beste batzuk, etorkizuna kolore argiago batekin marraztuko dutenak. Begoñako igogailua eraikin historikoen taldean koka daiteke, ia 65 urterekin Bizkaiko hiriburuko ikonoetako bat bihurtu baita. Dena den, ez dira garai errezak eraikinarentzat, Bilboko Zazpikaleak Begoña eta Santutxu auzoekin batzen dituen igogailua desagertzeko zorian baitago, iragarri bezala enpresa kudeatzaileak hura ustiatzeari uzten badio behintzat. Eta zein da bilbotarrentzako hainbesteko garrantzia izan duen eraikina ixteko arrazoia? Azkenaldian zerbitzu publikoak kentzeko sarri aipatu den errentagarritasun falta. “Nahiz eta ez dudan askotan erabiltzen, hainbeste urtetako zerbitzu bat ixteak asko izorratuko ninduke. Nik ez dizkiot hutsune asko ikusten, agian apur bat zaharkituta dagoela, baina logikoa da, urteak aurrera baitoaz. Defizita sortzen duela diote, eta agian ez zaie arrazoirik falta, baina zerbitzu publiko bat da, lanpostuak sortzen dituena; beraz, mantendu beharko zela deritzot”, dio Iñaki Diez erabiltzaileak.
Behean Esperantza kalea, goian Mallonako futbol zelaia eta tartean 50 metroko altuera. Hori da 1949az geroztik igogailu horrek 56 segundoan osatzen duen ibilbide nekeza. Gaur egun, sei langile finko eta aldi baterako hainbat langile ditu. Iaz, 388.000 pertsona garraiatu zituen, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arabera. Bidaia bakoitzagatik 45 zentimo ordaindu behar da, eta ez dago beste garraio publikoetan bezala Barik edota Creditrans sistemak erabiltzeko aukerarik, bidaia merkeago izateko. Hainbat faktoreren eraginez, azken urteetan bilakaera negatiboa izan du igogailuak, erabiltzaileak galtzen joan baita. Duela bost urtetik hona %21 jaitsi da kopurua: 2008an, 492.000 erabiltzaile zituen, eta aurten, berriz, 388.000.
Itxiera ziurtatu baino lehen aukera ezberdinak aztertzeko eskatu diote oposizioko alderdi guztiek Bilboko Udalari. Cristina Ruiz PPko ordezkariak garraioa ez ixteko dauden aukera guztiak aztertzera deitu ditu udala eta Eusko Jaurlaritza. Gainera, Iñaki Azkunaren gobernuak horren inguruan hitz egin dezala eskatuko du, baita administrazio publikoak igogailua bere gain hartzeko dituen aukerak aztertzeko ere, “garraio ezagun hau hiribilduaren parte garrantzitsua baita”. Bilboko Bilduk, bere aldetik, hiru aldarrikapen egingo ditu hurrengo udalbatzan. Hasteko, igogailuak izan ditzakeen hutsuneak konpontzeko eskatuko dio udalari. Behin konponduta, jabegoa udalaren esku uzteko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, tokiko administrazioak kudea dezan. Bukatzeko, behin hori lotutakoan, gainerako udal igogailuak bezala doako izatea eta bidaiarien kopurua handitzeko asmoz eraikinaren izaera berezi eta enblematikoa bultzatzea nahi du.
Arazoa, aspalditik
Bilboko PSE-EEk, berriz, Asier Abaunza Garraio eta Zirkulazio Alorreko zinegotziaren premiazko agerraldia eskatu du. Irailean balizko itxiera horren inguruan galdetu zutela gogorarazi dute sozialistek, “baina, garai hartan, Jaurlaritzak inolako idatzirik ez ziola bidali adierazi zuen udalak”. Dena den, hilabete lehenago, abuztuaren 9an, igogailuaren zerbitzua ustiatzen duen enpresak kontzesioa bukatutzat emateko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Horregatik guztiagatik, kasu hau ahalik eta azkarren argitzeko eskatu diete udal arduradunei.
Begoñako igogailuaren arazoa aspalditik dator, 1996tik hain zuzen ere, urte hartan eraiki baitzen Zazpikaleetako metro geltokitik Etxebarria parkera arte igotzen den igogailua. Metrokotik Begoñakora 200 metroko distantzia dago, eta, azken urteetan, erabiltzaile askok bigarren hori aukeratu dute. Aurretik metroa erabiliz gero, bidaia dohainik ateratzen da, eta, bestela, 80 zentimo.
Jaurlaritzaren zain
“Metroko igogailua garestiago irteten zait, Espainia plazara joaten naiz eta. Begoñako igogailuaren prezioaren inguruan esan behar dut ez zaidala guztiz garestia iruditzen. Gogoan dut Bilbora bizitzera etorri nintzenean sei pezeta inguru balio zuela. Pena handia emango lidake kenduko balute; beraz, zerbait egin dezaten nahi dut”, dio igogailua maiz darabilen andre batek. Dena den, metroaren igogailuaz gain, udalak beste alternatiba batzuk jarri ditu aipatutako auzoetako bizilagunak hiriaren erdialdearekin konektatzeko. Horren adibide dira Prim kaleko igogailuak.
Mota honetako eraikuntza historiko baten itxieraren inguruan Jaurlaritzak zer-nolako jarrera hartzen duen itxaron beharko da, ez baita baztertzen igogailuen ustiapena udalari uztea. “Niri bikain datorkit Zazpikaleetara jaisteko, bestela eskailera guztiak oinez jaitsi edo Metroko igogailua erabili beharko nukeelako. Kenduko balute, oso txarto irudituko litzaidake”, ohartarazi du erabiltzaileetako batek. Jaurlaritzak erabaki beharko du auzia.