Ondarroako Arrantza Eskolako zuzendaria da Mikel Santiso Belaustegi (Ondarroa, 1959) duela hiru urtetik hona. Eskolan 31 urte daramatza, irakasten, eta estreinakoz da zuzendaria.
Irakasle ikasketak egin zituen, eta bat edo batek esan izan balio bere ibilbidea arrantzari lotutako zentro batean egingo zuela, ez zuen sinistuko. Ezustean, Lanbide Heziketako 1. maila hasi zen ematen. Heziketa zikloetan eskolak emateko pedagogia lizentzia atera zuen Bergaran. Gerora, Laneko Arriskuen Prebentziorako tituluak atera zituen, goi mailakoa barne. Aspaldiko urteetan, segurtasunari eta prebentzioari lotutako eskolak ematen ditu batez ere, arrantza sektorean dauden arriskuen jakitun. Erakusteaz gain, itsasoari dagozkion gauza asko ere ikasi ditu bere ibilbide luzean.
Ondarroako Arrantza Eskolako ikasle gehienak Arabakoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak dira: %90 eta %95 artean. Ondarroarrez gain, bermeotarrak, bilbotarrak eta getariarrak dira asko. Gehienak, euren asmoak edo euren etorkizuna arrantzan ikusten dutenak, batez ere orain modan jarri diren hegaluzeontzi handietan, Indiako ozeanora joaten direnetan. Bermeon, esate baterako, nahikoa arrakasta daukate. “Eta atoiontzietan, itsas salbamendu eta halakoetan”, gehitu du.
Kanpotik, gaur egun, ikasleen %5 bat etorriko dira; batez ere, portuetatik, “lanean dagoen jendea”. Euren tituluak ateratzera etortzen dira, atoiontzietarako eta arrantzarako, batez ere. Algeciras aldetik (Andaluzia, Espainia) eta Katalunia aldetik etorritakoak daude orain eskolan.
Sexuari dagokionez, ia erabatekoa da gizonezkoen nagusitasuna. Emakume bakar bat ari da orain bertan ikasketak egiten: Berriatuko neska bat, hain zuzen ere.
Etorkizunerako erronkak
Ondarroako portuari begira, zubiko arduradunak eta makinari profesionalak sasoian aurrera doaz. “Hiru-lau urtean belaunaldi aldaketa beharko da, eta batzuk horri begira ari dira ikasketak egiten”. Arrantzarako prest daudenak dira horiek. “Armadore batzuekin ibili gara elkarrizketatzen horri irtenbidea emateko”, azaldu du Santisok. Armadoreen eta eskolakoen kezka nagusietakoa da hori: belaunaldi aldaketa zelan egin. “Ikasle batek, eskolatik irteten denean, alturako itsasontzi batean itsasoko egunak egin ahal izatea nahi dugu”. Haiek gobernatuko dituzte “bihar edo etzi” ontziak.
Arazoa handia da. Gaur egun, erretiratuak joaten dira zubian zein makinan lan egiten dutenen ordezkapenak egitera. “Halako batean inor ezingo da joan behar hori egitera”. Gai hori aztergai hartuta, ondorengo hilabeteetan dira egitekoak bilerak Ondarroako armadoreen elkarteko kideekin, OPPAOgaz. “Ea denon artean zer edo zer egiten dugun, elkarri ahalik-eta enbarazu gutxien eginda eta ikasleek itsasora atera ahal izateko kotizatuta”. Praktika barik, ziurtagiri akademikoa edukiko lukete ikasleek, baina ezingo liokete ontziari “despatxurik” eman.
Santisok azaldu duenez, arrantzan egiteko prest dagoen jende gehiena jende nagusia da, lana gaizki irten zaiena edo bere sasoian ikasi ez zuena eta prestakuntza hobetu nahi duena, neurri handi batean. “Lanbide Heziketan nik eduki nuen jende bat dabil orain ikasten. Orduan eskolan geldi edukitzea kosta egiten zen, eta orain, geldirik ez: liburuak irentsi egiten dituzte. Ez dute minutu bakar bat ere galtzen”. Orain, lehen ez bezala, “benetan ikastera” datoz ikasle horiek. Onura asko dakartza horrek beragaz. “Gazteentzako oso esperientzia ona da hori. Gazteak beti dira bihurriak, eta adin nagusikoek bereganatu egiten dituzte gazteagoak”.
Eutsi diezaiokeen sektore bat
Arrantza Eskolak etorkizuna izan nahi badu, arrantza sektoreak gora egin behar du, ezinbestean. “Uste dugu dauden itsasontziek eutsiko diotela. Erraza da esatea, baina denok gabiltza ea jendea animatzen den, Eusko Jaurlaritza ere bai, diru laguntzen bitartez-eta, jende gaztea animatu dadin bizimodua itsasotik ateratzeko”.
Sektorearen iraupena, betiere, lehen baino baldintza hobeagoei lotuta ulertu behar dela dio Santisok. Izan ere, itsasontziak eta haien teknologia hobeak dira. “Lehen geneukan ontziteria ez dut uste gehiago ikusiko dugunik, baina desagertzeraino ez dut uste ailegatuko denik”. Ondarroan arrantza sektorea garrantzitsuenetakoa izanda, zer edo zelan “saltzen jakin” behar dela nabarmendu du. Horri dagokionez, esan du, nahiz eta baxuran itsasontzi askorik ez egon, kofradia bat, portu bat eta arrain guztia ateratzen duten merkaturatzaileak badaudela, horrek daukan garrantziagaz. “Gauza asko daude hor, eta denon artean egin genezake zerbait. Kosta egingo da, baina badago irtenbidea. Sektoreak eutsi diezaioke”.
Horretarako prestatuko dute jendea Ondarroako Arrantza Eskolan, sektoreak profesionalak izan ditzan. Helburu horregaz ari dira lanean Bermeoko eta Pasaiako arrantza eskolak ere, elkarren berri izanda, eta elkarregaz harremanetan.