Agintari daltonikoak

Beti margotu izan dut. Txikitan paisaiak egiten nituen, mendi erraldoi berdeak tontorra elurtuta eta dena argitzen zuen eguzki izugarri handiaz. Urteek aurrera egin ahala, denetariko marrazki eta koadroak egin ditut. Koloreek beti liluratu egin naute. Arin ikasi genuen gorria, urdina eta berdea nahasten kolore guztiak lortzen zirela. Nahasketa infinituak egin ahal ziren ortzadarra lortzeko. Mihise zurian buruan genuen ideia zurrunbiloa irudikatzen genuen pintzelekin. Gure gelan bazegoen mutiko daltoniko bat. Bereziak ziren berak margotutako koadroak. Gorria eta berdea nahastu egiten zituen, eta, guk ez bezala, mendiak gorri edo eguzki berdeak margotzen zituen. Orduan ez genuen ulertzen, baina orain bai ulertzen dut zer den daltonikoaren gaitza. Hamarkada luzetan gure kaleak kolorez tindatu dira, hamaika aldarrikapen koloreekin identifikatu ditugu. Emakumeen borrokak morez jantzi ditu kaleak. Emakumeen kontrako indarkeria matxista salatzeko ere kamiseta eta pankarta moreak eraman ditugu kaleetan zehar. Urteetako borroken ondoren ere, jarraituko du moreak gure kaleak pintatzen. Duela bi aste urdina nagusitu zen Bilboko kaleetan; milaka lagunek, kamiseta urdina soinean, giza eskubideen alde eta Euskal Herriaren gatazkaren konponbidean eta euskal preso politikoen eskubideen defentsan lan egiten dutenen aldeko itsasoa sortu zuten. Intsumisioak hogei urteko desobedientzian horiz antzeztu zituen txoko guztiak. Buzo horiekin kuarteletako hormak apurtu zituzten, polizia eta militarren aurrean era baketsuan desobedientzia zibila aldarrikatu zuten. Milaka gaztek egin zioten uko armadari gizarte desmilitarizatu bat eraikitzeko helburuarekin, baita kartzela-zigorrak beren gain hartuz ere. Okupatutako eraikin hutsetan laranja gailendu da. Aske guneak sortu dira gure plazetan; giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak babesteko kamiseta laranjak ez ezik, puxika laranjak ere zerura bidali dituzte. Gure hezkuntza propioaren alde, kaleak ere kolorez bete ditugu, eta arkatz erraldoiekin LOMCErik ez idatzi dugu. Langileak elastiko horiekin euren lanpostuen defentsan ateratzen dira, eta grebalariak aske uzteko kamiseta gorriak eraman ditugu. Gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. Ortzadarraren koloreak baino gehiago dira: askatasunaren ikur da. Orduan ez nuen ulertzen, baina orain bai ulertzen dut daltonikoen gaitza; akats hori duten pertsonak ez dira gai koloreak behar bezala bereizteko. Kalearen mobilizazioek gure gizartea eta etorkizuna aldatuko dituztelakoan gaude; baina jai daukagu, gure agintariek ez baitituzte kaleetako koloreak behar bezala bereizten. Esan ohi da ez dagoela ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik. Esango nuke gure agintarien aukera dela daltoniko izatea.