Erretiroa hartu ostean, pentsiodunek beste hamar urte inguruko bizi- itxaropena zuten, batez beste, orain gutxira arte. Gaur egun, 25 urtera arte luzatu da garai hori, bizi-itxaropenak gora eginda. Baina zer ondorio ekarri du horrek krisi garai honetan? Oro har, ekonomia okertzeak baliabide gutxien dutenei eragin die kalterik gehien. Azkenaldiko iragarpenei erreparatuz gero, egoerak bide berari eutsiko dio. Egoera horretan daude, besteak beste, pentsiodunak: bizitza osoa jo eta su beharrean igaro ostean, azken urteetan larri ibiltzeko arriskua dute. Bizkaian 273.799 dira lan sasoia bukatuta daukatenak.
Pentsionistak Martxan plataformako Mikel Argiñarenak salatu duenez, administrazioak orain arte sortutako ongizate maila “desegiten” dabiltza azkenaldian. Dena den, esan du Euskal Herriko pentsiodunen egoera “aspalditik” dela “kezkagarria”. “Ezin dezakegu ahaztu pentsio sistema gure artean Europan baino 50 urte beranduago ipini zela martxan”.
Kontinentearekin alderatuta, gainera, “hemen nahikoa eskasa” izan dela deritzo. “1970 eta 1980ko hamarkadetan pentsiodunen artean nolabaiteko ongizatea egon bazen ere, ez zen adineko guztientzat izan. Etxekoandre gehienek, esaterako, ez zuten erretirorik ezagutu”. Gaur egun, bestalde, “gutxi batzuek kenduta, Euskal Herriko pentsiodunek egunero egin behar izaten dituzte kontuak hilabete bukaerara iritsi ahal izateko”. Euskal Herrian 650.000 pentsiodun daude. “Horietatik 150.000 alargunak dira, eta haien diru sarrerak, 700 eurotik beherakoak. 450.000 pentsiodun inguruk, gainera, mila euro baino gutxiago kobratzen dute. Eta milaka dira bizitzeko nahikoa izan ez eta 400 euroko diru laguntza jasotzen dutenak. Beraz, argi dago ez direla harro egoteko zenbakiak”.
Dena den, Pentsionistak Martxan plataforman argi daukate egoerarik gogorrena emakume alargunek dutela. “Ezin da ahaztu senarraren pentsioaren erdiarekin geratzen direla bat-batean, eta gastuak ez direla erdira jaisten senarra galdu arren. Benetan lotsa ematen du ikusteak gizartea zeinen zeken portatzen den haiekin eta nola uzten dituen baztertuta”, esan du. Haren ustez, gainera, “gizarteak ahaztu egin du senarrak lantegian soldata irabazteko modua izan badu emazteari esker izan dela: eguneroko etxeko jardunaren kargu egin da, seme-alaben heziketa bere gain hartu du, etxekoak zaindu ditu… Berak ere sortu du aberastasuna”. Horren ondorioz, gainera, andre horiek harreman sozialak ere asko murrizten dituzte.
Etorkizun beltza iragarri die adinekoei Argiñarenak. Izan ere, pentsioen erreforma egiteko ez da kontuan hartuko KPI kontsumorako prezioen indizea. “Ekonomia nabarmen hobetu ezean, %0,25 baino ez dira igoko pentsioak”. Prezioen indizea, ordea, ez da izoztu; kontrara, “gora eta gora doa. Azken urteetan, batez beste, %2,9 inguruan ibili da, eta datozen urteetan ere antzera jarraituko duela diote adituek. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango pentsiodunok urtean %2,5 inguru galtzea”. Ondorioz, gizarte talde horren erosahalmena “izugarri” jaitsiko da.
Berrordainketa
Geroz eta pentsio txikiagoak, eta botiken berrordainketa ere euren gain hartu behar dute; beste kostu bat da. “Gogoan hartuz gero gurea dela botiken kontsumoa izugarri handitzen den adina, eta gutxi behar genituenean besteen botikak ordaindu genituela, guztiz bidegabea iruditzen zaigu”, ean du. Botikak bakarrik ez, beste kontu batzuk ere, behar-beharrezko izanik, berriz ordaindu beharko dituzte: “Osasun garraioa, protesiak, makuluak, aulki gurpildunak…”.
Argiñarenak aitortu du egoera horri guztiari zelan buelta eman asmatzea ez dela lan erraza. Lehenago zenbait familia euren adinekoen kargu egiteko gai ziren. Gaur egun, ordea, gizarteak berak egin behar du sekula egin ez den planteamendua: “Nola antolatu horrenbeste jenderen etorkizuna?”, galdetu du. Egoera berri horrek konponbide berriak behar dituela deritzo, eta “lehentasunen zerrenda bat” osatu behar dela iruditzen zaio. “Horrenbeste polizia behar al dugu hemen? Armadaren gastuak beste neurri batzuetarako beharko lirateke edo zeharo kendu. Zergatik ez?”, azaldu du. Abiadura handiko trena eta autobideak ere aipatu ditu, obra horietan gastatutakoa beste alor batean gastatu beharko litzatekeela iritzita.
Adinekoen lana kezka horiek mahai gainean jartzea dela dio. “Administrazioak —udalak, foru aldundia eta Jaurlaritza— ez dira ausartzen gai horri heltzen. Zenbat eta geroago hasi, orduan eta zailago izango da. Badakit eskatzen dugunari erantzutea herriko jaietan errretiratuen eguna antolatzea baino neketsuagoa dela”, agertu du ironiaz.
Adinekoen elkarteek administrazioarekiko harreman zuzenagoa izatea eskatzen dute: “Gure kezkak mahai gainean jartzeko leku bat behar dugu. Batzuetan kontseiluak daude, baina ez dakigu zer egiten duten. Ez dugu haien berririk”. Azken batean, adinekoak elkartzen diren lekuetara gai horiek eramateko “erraztasunak” baino ez dituzte eskatzen. Hauteskunde garaietatik kanpo ere zeresana badutela esan du.
“Krisi ekonomikoaren aitzakian murrizketak murrizketen atzetik datoz, eta publikoa baino gehiago pribatua ari da sendotzen. Horrek esan nahi du dirua duenak bakarrik izango duela osasun zerbitzu duina”. Argiñarenaren ustez, “ondo dagoena bere horretan mantentzeko borroka” egin behar da. “Sarri, propaganda merkea egin da gure zerbitzuen kalitateari buruz”. Iruditzen zaio adinekoak eurak mugitu behar direla, “administrazioak arazo horri serio eusten ez dion bitartean”.
Argiñarenak ohartarazi du erretiratuak “potentzial handi bat” direla, biztanleriaren zati handi bat ordezkatzen dutelako. “Asko astialdi zentroetan elkartzen dira. Badirudi norbaitek nahiago duela formal-formal egon gaitezen, kalera aldarrikatzera irten gabe. Oraindik ez da hasi taldeen arteko elkarlana, baina guztiz beharrezkoa da”.