Francisco Javier Fernandez (Bilbo, 1965) dendan lan egiten duen familiako laugarren belaunaldikoa da. “Nire birraitona Galiziatik etorri zen Bilbora, eta, zenbait beharretan ibili ostean, denda bat zabaltzea erabaki zuen”. Hasiera batean, aiztoak zorroztuz abiatu zuen negozioa. Zapataria zenez, oinetakoak neurrira egiten ere hasi zen. “Gerraren ondorioz zapata bereziak behar zituztenentzat egiten zituen. Salmentak onak zirenez, gauza gehiago eskuratu zituen”. Batez ere, aiztoak saltzen hasi zen. Hurrengo belaunaldiek larruz eginiko zorroak gehitu zituzten. “Nire gurasoek La Tijera hartu zutenean, salgaiak aldatu ziren”, ekarri du gogora Fernandezek. Haren aitak eta amak, eskaintza handitu, eta maletak eroan zituzten dendara.
“Izenak adierazten duenez, urte hauetan salgai bereziena artaziak izan dira. Nahiz eta eskaintzak aldatu diren, horiek beti mantendu ditugu”. Fernandezen ustez, eskaintza zabaltzea onuragarria izan da, baina “arlo batean bereiztea ezinbestekoa da”. Horrez gain, bezeroei tratu ona eman behar zaie. “Gurasoek zeure dendan erosi badute, eta erositakoarekin pozik badaude, seme-alabei horra joateko aholkatuko diete. Horrela, erosleak zeure negozioa ezagutzera emateko bitartekari garrantzitsu bihurtzen dira”.
Gaur egun, dendan bi bezero mota dituzte: beti produktu berak erosi ohi dituzten pertsona finkoak eta opari berezi bat egiteko artikuluak bilatzen dituztenak. La Tijera gehiago espezializatu da, eta, gaur egun, ezpatak eta pistolen erreprodukzioak ere saltzen ditu. “Bilbon ez dago mota horretako objektuak eskaintzen dituen denda asko”. Fernandezek azaldu duenez, opari “original” bat egin nahi dutenek edo bildumazaleek erosi ohi dituzte artikulu horiek. “Conan, Tronuen jokoa eta Eraztunen jauna trilogiako ezpatak eskatzen dizkigute; baina dekoraziorako dira; ezin dituzte kaletik ibili”.
Mota horretako salgaiak 18 urtetik gorakoek eskuratu ditzakete bakarrik. “Ezpata edo pistola ongi biltzen da, eta estalita ematen zaio bezeroari. Ez dira errealak, egurrezko eta metalezko erreprodukzioak dira; hala eta guztiz ere, kalean ezin dira begi bistan eraman”. Saltzailearen arabera, arriskutsuagoa da sukaldeko aizto bat. “Pertsona orok eros ditzake, ohiko artikuluak dira eta etxe guztietan daude; baina gaizki erabiliz gero, arriskutsuak izan daitezke”.
Salgaiak aldatzeaz gain, denda bera eraberritu behar izan zuten 1983ko uholdeengatik. Altzari guztiak kendu, eta berriak erosi zituzten. Dena hondatu zela gogoratu du. “Bizar xaflak dendako sabaian agertu ziren”. Fernandezek oraindik gogoratzen du bizi izandako beldurra. “Tranpal bati esker, goiko solairura igo eta salbatu ginen. Baina denda hondaturik gelditu zen, eta galerak oso handiak izan ziren”.
Ezbehar hori gainditu, eta lanarekin jarraitu zuen. “Bi seme-alaba ditut, eta etorkizunean erabaki beharko dute dendarekin segitu nahi duten edo ez”. Bitartean, egungo salmenta beherakada moteltzeko lanean dabil. “Nik ez nuke denda hau salduko; oso gustura nago hemen”. Zazpikaleetako negozioak krisiari aurre egiten ari dira, eta askok tokiz aldatzea edo betiko ixtea erabaki dute. “Gero eta denda gehiago ixten ari dira inguruotan, baina borrokatu behar dugu”. Duela bi asteburu, merkatu berezi bat prestatu zuten, eta merkatariek salgaiak kalera atera zituzten. “Saldu gabe ditugun artikuluak kaleratzeko aukera ematen du. Baina, nire ustez, ez dira azoka txiki gehiegi antolatu behar. Jendeak ondo ezagutzen ditu ingurua eta betiko dendak”.