“Asko saldu behar da dirua atera ahal izateko”

Duela mende bat zabaldu zuen Juanita Mugartegik mertzeria Gernika-Lumon. “Ez dakigu ziur dendak zenbat urte dituen, baina haren senideekin hitz egin dugunean, ehun urte inguru izango dituela adierazi digute”, azaldu du Mari Glori Gabiolak, mertzeriako azken arduradun izandakoak.

1936ko gerran herriko eraikin gehienak suntsitu zituzten, baina mertzeriak leku berean segitzen du, Artekale kalean. “Bere lekuan jarraitzen duen denda bakarra da”. Guda baino lehen zeuden negozio batzuk oraindik zabalik daudela azaldu du Gabiolak; hala ere, horien kokalekuak aldatu behar izan zituzten etxebizitzei eraso zietenean.

Zabaldu zutenetik, mertzeriak izena mantendu du, “eta horrela jarraituko du”. Gabiolak bizitza osoa eman du bertan lanean. Juanita Mugartegik denda zabaldu zuenean, Gabiolaren izeko bat hartu zuen laguntzaile gisa, eta harekin gelditu zen lanean. Ugazaba hil zenean, haren ama ere sartu zen dendan. Haiek erretiratu ondoren, Mari Glori Gabiolak hartu zuen lekukoa. Egun, haren alabak dabiltza negozioan. “Antzinatik gaude hor, eta hasieran saltzen zena mantendu dugu”. Denetarik saltzen dute mertzerian: artileak, hariak, azpiko arropak… Horiez gain, euskal jantziak, abarkak eta abarketak ere aurki daitezke. “Ehun urtez jendearekin harremanetan ibili ostean, gure denda oso ezaguna da herrian, eta erosleek badakite zer aurki dezaketeen hona etorrita”.

Gabiolak azaldu duenez, toki askotatik etorritako bezeroak izan dituzte. “Bermeotik, Zornotzatik eta Madrildik ere jende asko etortzen zen lehen, orain gutxiago. Baina produktuak gustukoak zituztenez, hemen erosten zituzten Madrilera eramateko”. Arduradun ohiaren arabera, lehengo eta egungo bezeroak oso desberdinak dira. Erosteko modua ere asko aldatu da. “Lehen, desberdin erosten zen; bezero finkoak izaten genituen, eta elkar ezagutzen genuen. Orain, erosketak oso modu desberdinean egiten dira”.

“Ez da lan erraza denda hainbeste urtean zabalik mantentzea”. Bezeroekin ongi portatu, denetarik eduki eta prezio ertainak izan behar direla adierazi du. Egun, salmentak apur bat jaitsi direla igarri dute Juanita Mugartegin. Haren ustez, enpresa txikietan esfortzu handia egin behar da. “Garai zailak dira guztiontzat, baina denda txikietan asko saldu behar da dirua atera ahal izateko”. Gabiola etorkizunera begira dago. Mertzeriak, belaunaldiz belaunaldi, zabalik segituko duela espero du. “Urte asko daramatzagu, etxekoak gara, eta urte luzez lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dugu”.