Zineaz dakitenek diote Woody Allenek gehiago iradokitzen duela erdi irekita dagoen ate batekin zuzendari gehienek guztiz jaitsitako kremailera batekin baino. Horrek egiten ei du Allen handia. Zine onak erdizka hitz egiten baitu, ikuslea probokatzeko. Eskola berekoa zen Sidney Lumet: “Zineak, nik ulertzen dudan erara, ikuslearen inteligentzia akuilatu behar du”.
Istorioak kontatzeko edozein modurekin gertatzen da hori, azken batean. Literaturarekin ere bai: beharrezkoa dena baino gehiago kontatzeak bihurtzen du liburu bat aspergarri. Irakurlea inteligente sentiarazten duena da idazle ona; irakurlea gura duen puntura eramaten duena, luma gidatzen duen eskua agertu barik. Zinema ona eta literatura ona, finean, makillaje onaren modukoak dira: zenbat eta gutxiago igarri, hobe.
Jakina, helduon prismatik ernatutako hausnarketa da hau; umeek ez dute oraindik zolitasunak behar bezala ulertzeko gaitasuna. Oraindik ez dira abilak horretan: argi agertzen ez zaiena ez dute argi ikusiko. Horregatik, nahiago dute pailazo baten makillajea aldizkarietako izarren no-makeup-a baino. Lerro-artea harrapatzeko kapazitaterik ez dute, baina, garrantzitsuena dena, lerro-artea asmatzeko maltzurkeriarik ere ez. Horretaz urteekin kutsatuko dira, ondo hezten ez baditugu behintzat.
Eta, antza, Carlos Urkijo gobernadorea kutsatuta dago. Ai, lerro-arteak! Pirritx eta Porrotxek EITBn lekurik ez izateko eskatu du, ETAren biolentzia modu distortsionatuan azaltzen omen dutelako. Bada, jar ditzagun karta guztiak mahai gainean: Aiora Zulaikak eta Joxe Mari Agirretxek (Pirritx eta Porrotx) egin dituzte aldarrikapen politiko eta sozial argiak publikoki. Kaletar lez zein pailazo bezala —sakabanaketaren kontra, adibidez—. Eta Zulaikak, zinegotzi zenean, ez zuen Froilan Elespe PSE-EEko zinegotziaren hilketa kondenatu. Dena egia. Baina zintzo, antzekorik ikusi al du inork ikuskizunen batean? Edo Ongi etorri, Pupu eta Lore-n edo Irrien lagunak-en edo Piraten DVDan? Ai, no-makeup-a! Eta ez gaitezen ziniko izan: Pirritx eta Porrotxen arrakasta ez datza ETAko presoekiko elkartasunean, Urkijok dioen bezala. Pailazo hauek, Beatlesak bere garaian legez, sold out kartela eskegitzen dute umeek ondo pasatzen dutelako. Kito. Eta Liverpoolekoak aipatzea ez da kasualitatea, bazeudelako ziotenak disko zuria atzekoz aurrera entzunda satanen ahotsa entzuten zela. Eta satan, Urkijo jauna, ez da existitzen.