Ahaldun nagusiaren urteroko adierazpen orokorraren lekuko izan zen martitzenean Gernikako batzar etxea. Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran, akordioen alde egin du berba Jose Luis Bilbaok. EAJk eta PSE-EEk sinatutako ituna txalotu du, baina, era berean, herrialde historiko mailan ere beharrezkotzat jo du indar metaketa. Zertarako? Legegintzaldiaren bigarren erdian foru aldundiak egin asmo duena onartzeko eta bultzatzeko, adibidez.
Bilbaoren esanetan, enplegua da bizkaitarren kezka iturri nagusia, baita bere gobernuaren lehentasuna ere. Horrez gain, esan du gizarte zerbitzuei eusten eta ekonomia sustatzen ere ahalegindu direla legegintzaldiko lehen erdian. Hein batean lortu dutela sinetsita dago. Eta bigarrenean ere hiru ardatz horien bueltan jarraituko dutela iragarri du. Horretarako, hainbat neurri iragarri ditu.
Era berean, itxaropentsu agertu da. Datorren urtean Bizkaiko ekonomia hazkundera itzuliko dela uste du ahaldun nagusiak. Dena den, bere aurreikuspenen arabera, hasieran motela izango dela eta, 2014. urte bukaera arte ez da enplegurik sortuko.
1. Zerga sistema
Sozialistek eta jeltzaleek adostutako akordioan oinarrituta, datozen hiletan zerga sistemaren erreforma bidaliko dute Batzar Nagusietara. Bilbaok aurreratu duenez, PFEZ aldatuko dute, “gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten sistema publikoari eusteko”. Hala, hiru tarte berri sortu gura ditu: 91.370 eurotik gorako errentek %46 ordainduko dute, 121.820 eurotik gorakoek %47 eta 177.650tik gorakoek %49ko tipoa izango dute.
Aurrezkientzako tarifa berriak ere aurreikusi ditu. Lehen 15.000 euroek %21eko zerga ordainduko dute, hurrengo 15.000 euroek %23 eta gainontzekoek %25. Sozietate zergari dagokionez, tasa orokorra %28an mantenduko da eta enpresa txiki eta ertainena %24an. Aurrerantzean, baina, gutxieneko zerga ordaintze bat izango da: orokorra, %13koa; enpresa txiki eta ertainentzat, %11koa; eta kooperatibentzat, %8 eta %9 artekoa. Ondoriotasun zerga finkoa ezartzeko asmoa dauka senide zuzenetan: %1,5. 400.000 eurotik beherako ondoriotasunak salbuetsita egongo dira. Ondare eskualdaketen gaineko zerga, berriz, %7koa izango da.
2. Egoera ekonomikoa
Bilbao pozik agertu da abuztura arteko zerga bilketak utzitako datuekin. Izan ere, iazko lehen zortzi hilekin alderatuz gero, %5,2 egin du gora. Hala, Bizkaia “aurtengo aurreikuspenak betetzeko moduan” dagoela iragarri du. Horri esker, adibidez, Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtsak aspaldiko partez likidazio positiboa izango duela espero du. Tokiko administrazioei lotuta, Bizkaiko udalak “egoera onean” daudela argitu nahi izan du.
Dena den, baikortasun neurtua izan da Bilbaok erakutsi duena: “Ez gaude suziriak pizteko moduan, baina itxaropen zantzu txiki bat ikusten dugu”. Aurtengo bigarren hiruhilekoan Bizkaiko BPGak sufritutako beherakada %0,5ekoa izango dela espero du, eta datorren urtean albiste hobeak jasoko direla uste du: “Nazioarteko Diru Funtsak iragarri bezala, 2014ko bigarren hiruhilekotik aurrera gure ekonomia suspertzen hasten bada, %1eko hazkundea izango dugu”. Dena den, ohartarazi du datorren urte bukaera arte ez dela enplegurik sortuko.
“Une honetan 97.149 langabe ditugu Bizkaian”, aitortu du. Azken bi urteetan 120 milioi euro inbertitu dituztela ekarri du gogora. “Horri esker, osotara, 3.764 lanpostu berri daude, 1.647 enpresa eta mikroenpresa sortu dira eta 1.444 enpresa eta 1.580 denda lagundu dira”.
Hitzaldian jorratu dituen gai guztietan bezala, lan arloan ere adostasunak lortzeko deia egin du ahaldun nagusiak. Eta ez bakarrik alderdi politikoen artean: “Enpresari eta sindikatuei dei egiten diet. Elkarrizketa, elkar ulertzea eta akordioak lortzeko borondatea beharrezkoak dira”.
3. Inbertsio berriak
Ekonomia suspertzeko hainbat proiektu ditu foru aldundiak esku artean. Besteak beste, aeronautika eta automozio zentro berri bat eratu nahi dute Txorierrin. Zamudioko Teknologia Parkean egongo da, eta autoentzako eta hegazkinentzako piezak sortuko dituzten enpresek osatuko dute. Europako Batasunak defizit muga arindu ostean lortutako 90 milioi euroko funtsa bideratuko dute horretara.
4. Azpiegiturak
Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea “ezinbesteko azpiegitura” dela dio Bilbaok. Hala ere, aitortu behar izan du erabiltzaile datuak ez direla espero zirenak. Dena den, krisi ekonomikoarekin lotu du beherakada, eta gainontzeko lurraldeetan ere ibilgailuen kopurua apalagoa dela esanez justifikatu ditu datuok. “Garraio publikoaren erabileran ere igarri dugu erabiltzaile gutxiago daudela”. San Mamesko sarrera berriaren balorazio ona egin du, eta erakunde publikoen arteko lankidetza goraipatu du. “Nota ona” ipini dio azpiegitura horri. Eraiki beharrekoei dagokienez, Ermuko saihesbidea eta Santo Domingoko igoera bi bidetan erdibitzea lehentasunezkotzat jo du, baina “egoera ekonomikoak ahalbidetu arte” itxaron beharko dela dio.
Bizkaibusen berregituraketaren auzian “lasaitasunez eta zentsunez” jokatzeko eskatu die langileei. Uste du “erabiltzaileei kalte egiteko” baino ez dutela balio egunotako lanuzte eta greba deialdiek. Subrogazioa “bermatuta” dagoela gogorarazi du, eta gaineratu du betetzen ez duen enpresari lizentzia kenduko zaiola. Sindikatuek “mila langileak foru funtzionario bihurtzea eskatu” dutela salatu du. “Ez da onargarria”, kexatu da. Sindikatuek ukatu egin dute halako eskaerarik aurkeztu dutela.
Metroaren 3. linearekiko konpromisoa ere berretsi du. “Beharrak aurreratzeko ahalegina egingo dugu. Urte honetarako Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako akordioari beste bat gehituko diogu, proiektua bukatu arteko finantzabidea bermatzeko”. Uste du Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeen ondotik Bizkaiko Garraio Partzuergoan eta Bilboko Metroan dauden ordezkari politikoak aldatzeak “bake soziala” ekarri duela Bilboko Metrora. Horretan sakonduko dutela iragarri du, eta metroaren “izen ona berreskuratzea” lehentasunezkotzat jo du.
5. Gizarte gaiak
“Bizkaiko Foru Aldundiarentzat garrantzitsuena pertsonak dira. Gizarte zerbitzuei eustea, krisia gorabehera, gure aurrekontu kuotak mantenduta, eta beste sail eta proiektu batzuen sakrifizioa eta borondatea eskertuta: hori da gure helburua”. Adinekoei begira hasi du egoeraren errepasoa. Plan Gerontologikoak aginduta, egoitza publiko eta pribatuetan 65 urtetik gorako bizkaitarren %5entzako oheak bermatuta daude. Gaur egun, 2.543 toki dira. Itunpeko oheen prezioak mantentzeko konpromisoa hartu du. Besteak beste, urtea bukatu aurretik Ondarroako adinekoentzako eguneko zentroa zabalduko dutela iragarri du.