Kristal zaharren kolorea

Champion sound da azken boladan gehien entzun dudan kanta. Crystal Fighters talde euskaldun-britainiarrarena da, eta badauka dance alternatiboak eta indie musikak duten atmosfera bereizgarri hori, bere baitan bildu eta limurtzen zaituena. Hango eta hemengo instrumentuak erabilita, atzoko, gaurko eta biharko soinuak nahastuta, beren izaera eta estiloa sortzen dabiltza Crystal Fighterseko musikariak. Nafarroa eta Ingalaterra, Euskal Herria eta Londres. Sustraiak hemen, enborra han eta adarrak han-hemenka. Basquetronic izenarekin bataiatu zuen The Guardian egunkariak egiten duten musika: dantzarako aproposa, elektronikoa, txalaparta entxufatuak bezala.

Euskaldunen migrazioak eragiten duen aniztasun arragoari melodia jarri beharko banio, uste dut abesti hori aukeratuko nukeela. Logikak dio fightersei atzera begirakoa egurrezko perkusioak ematen diela, eta aurrerakoa ordenagailuenak. Paul Lester kazetariak, gorago aipatutako artikuluan, ederto deskribatu zuen: “Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zer gertatuko ote zen duela ehun urteko euskal herrixka batean gaur egungo grabazio-tresnak utziko bazenitu eta baserritarrei nahi dutena grabatzen utziko bazenie?”.

Iragana, oraina eta etorkizuna aurrez aurre jarrita uler daiteke Crystal Fightersen musika. Hareazko erloju batean, aldi berean, hondar ale batzuk gorantz egingo balute bezala gainontzekoek grabitateari men egiten dioten bitartean. Sentsazio berezia.

Horrelako zerbait sentitu zuten anaiak eta koinatak Bakersfieldera bisita egin zidatenean. Denboran bidaiatzea baino askoz gehiago baita AEBetako mendebaldeko euskal komunitateetan murgiltzea: ez da bakarrik hara emigratu zutenen ohiturak ia-ia bere horretan mantentzen dituztela, baizik eta inguratzen dituzten horiekin ere aberastu dutela euskal izaera.

“Hau ez da benetako euskal bazkaria”, esan zidan hango euskaldun batek euskal jatetxe batera lehenbizikoz joan nintzenean. Baina zer da benetakoa euskal kulturaz dihardugunean? Iparragirrek gitarra espainola zerabilen beti, eta Kalifornian euskal ereserkitzat dute Gernikako arbola. Eta euskal jaietan ezin falta daitekeen trikitiak ez du mendetako historia geurean, ezta gutxiago ere.

Kristalezko botila zahar baten barruan zer dagoen asmatu gura dugunean, tentuz begiratuta antzeman genezake edukiaren funtsa. Baina beti izango da irudi lausoa, kristal zaharrek ez baitute argi guztia pasatzen uzten. Eta nahiz eta kristal horien koloreak diasporako kideak ere despista ditzakeen, euskalduna da geure emigranteen barrua. Champion sound tentuz adituta ere, influentzia guztien galbahea zeharkatuta, Sagar dantza-ren melodia antzeman daitekeen moduan, gitarraren akordeetan.