Etorkizuna bermatzeko

Urkiola leku berezia da euskaldunentzat, leku zoragarria. Berrogei urte baino gehiago dira bertan misiolariak bizi direla. Egun, lau baino ez dira geratzen, Los Riosen (Ekuador) eta Angolan urte luzez ibilitakoak. Oso edadekoak dira Urkiolako santutegiko abadeak; zaharrenak 97 urte ditu, eta beste bik 80 inguru. Josu Lopez da gazteena, 71 urterekin. Santutegiko erretorea da Lopez. “Orain arte, apaizak baino ez gara bizi izan Urkiolan, baina argi ikusten dugu etorkizuna arriskuan dagoela”, aitortu du. Izan ere, ez dago ia abadegairik eta dauden apaizak zahartuz doaz. Horren ondorioz, ez dago etorkizunik santutegian. Azken urte honetan, batzordea hilean behin batu da, hamarren bat lagun, Urkiolan zer egin pentsatzeko xedearekin, horren etorkizunari buruzko eztabaida bat planteatzeko. Ondorioztatu dute funtsean orain arte bezala jarraituko dutela, baina hainbat gauza egoera berrira egokituta.

Hiru adar ditu Urkiolan abian jarri nahi duten proiektuak. Batetik, azpiegituraren beharra dutenentzako zerbitzua bultzatzea izango da lehen ardatza. Horrela, hainbat elkarte eta kolektibok euren jardueretarako tokia izango dute; presoak, tratu txarrak pairatu dituzten emakumeak, adimen urrikoak eta paperik gabeko etorkinak, esaterako. “Krisi garaian, murrizketek bereziki eragin diete gizartean baztertutako taldeei, eta espazio publiko asko kendu dituzte. Horregatik, gure eraikinak eskaini nahi dizkiegu”.

Espiritualtasuna izango da bigarren ardatza. Izan ere, Urkiola betidanik izan da deskantsurako eta hausnarketarako tokia. “Baina espiritualtasuna zentzurik zabalean, ez erlijio katolikoari lotuta soilik”, argitu du apaizak. Hau da, ez da izango bakarrik erlijio taldeei zuzendutakoa; aldi baterako erretiroa nahi duten pertsonentzako ere bada proiektua. “Egungo egoera latz honetan, gero eta beharrezkoagoa dugu gure sustraietara jotzea. Nire ustez, hori da espiritualtasuna”.

Euskara, kirola eta kultur arloak sustatzea izango litzateke hirugarren adarra. Horregatik dute harremana, esaterako, Gerediaga elkartearekin. Baita inguruko udalekin ere. Txirrindularitza eta mendia dira Urkiolan nagusi diren diren kirol jarduerak. “Santutegia eta inguruko lur zein azpiegiturak gizarte guztiarentzat izan daitezen nahi dugu. Hori sustatzen laguntzeko, inguruko herrien laguntza behar dugu, kirol ekitaldi eta egitarauetan parke naturalak eskaintzen diena ere kontuan har dezaten”.

Elkarlana sustatuz

Proiektua abian jartzeko, ezinbestekoa izango da elkarlana. Batetik, Urkiolako bertako eragileekin. Toki Alai interpretazio zentroarekin, esaterako. Baina baita inguruko udalekin ere: Abadiño, Iurreta, Otxandio, Durango eta Zornotza. Horren adibide da Bizitegi elkartearekin eduki duten elkarlana. Bilboko Otxarkoaga auzoan lan beharrizanean daudenak gizarteratu eta laguntzeko lan egiten duen taldea da. Duela bi aste, San Antonio jaietan, Urkiolako oroigarrien dendako arduraduna talde horretako kide bat izan da. Eta, seguruenik, uda guztian ere bertan arituko da. Dendan bidezko merkataritza eta baztertutako kolektiboek zein bertoko artisauek egindako artisautza produktuak salduko dituzte. Elkarlan hori “benetan positibotzat” jo du Lopezek. Duela aste batzuk, Basauriko kartzelako preso batzuk joan ziren bisitan santutegira, eguna abadeekin pasatzera. Elkarrekin bazkaldu zuten. Esperientzia aberasgarria izan zela dio Lopezek. “Horixe da gure asmoa: gizarteari zerbitzua ematea. Inguruko lurrak, zuhaitzak geureak dira, baina ez dira guretzat”, azpimarratu du.

Gela bat ere badute batzarrak egiteko. Oraingoz, ostatua ez den beste guztia ezer kobratu gabe uzteko asmoa dute. Ahal duten neurrian, behintzat. Aterpe bi ere badaude; bata handia eta bestea txikia. Bigarrenak 22 ohaxka ditu, eta familiek zein mendizale taldeek erabiltzen dute asteburuetan. “Santutegi alboan badugu gela ikusgarri bat. Wifi sarea jarri dugu bertan. Jendea patxadaz etordadin, eguna pasatzera, batzarrak egitera eta abar”.

Santutegiaren inguruko lursailak aprobetxatzeko asmoz, ortua prestatzea ere pentsatu dute. “Biologia ikasle batzuk etorri ziren orain dela hilabete inguru. Poz-pozik geratu ziren. Berriro etortzeko asmoa dute, astebeterako”. Ortu ekologiko bat sortu nahi dute, eskola gisa erabiltzeko. “Biologiako azken urteko ikasleek berton egin ditzakete euren karrera amaierako proiektuak, esaterako”. Uztailaren 22tik 27ra, bada, Biologoen Elkargo Ofizialak heziketa ikastaro bat egingo du Urkiolan.

Alluitz Natura landa garapenerako zerbitzu enpresarekin elkarlanean aritu direla ere kontatu du Lopezek. “Eskualdeko taldea da, eta oso harreman ona dugu haiekin”. Ikastaroak eskaintzen dituzte. Adibidez, gazta, gatzatu eta xaboiak egiten ikasteko. Baita artzain izateko ere. “Jarduerak egiteko toki bat behar zuten. Guk lekua badaukagunez, eskaini egin genien”. Uztailean eta abuztuan, 13 eta 17 urte bitarteko umeentzako zinema udalekuak egingo dira hotelean. Bost egun iraungo dute. Naturan hainbat jarduera egiteko aukera izango dute. Film bat grabatzen eta editatzen ikasiko dute, besteak beste.

Santutegia berritu nahian

Urkiola bultzatzea da proiektuaren xedea. Ez santutegia bakarrik, ingurua ere bai. “Betidanik izan da leku berezia euskaldunentzat, ardatza. Euskal Herriaren bihotza izan da, eta berreskuratu beharra dago, berritu beharra. Bai herriaren zerbitzuan eta bai inguruko elizen zerbitzuan. Dirua behar dugu, bai, baina gure helburua ez da hori, zerbitzu bat eskaintzea baizik. Elizakoak zerbitzariak gara, azken finean”.