Hamabi ispilu

Amaitu da. Bukatu da ikasturtea. Eta beti lez, denborak ezinezko jira-birak egin ditu: erabat menperatzen ez nituen gaiak irakatsi behar izan ditudanean segundoak minutu, minutuak ordu, eta orduak mende izan dira. Aldiz, gustuko materiak jorratu behar izan ditudanean eskola-orduak gaia aurkezteko baino ematen ez zuela sentitu izan dut. Esperientzia falta, hasiberriaren sindromea. Baina sintomak sintoma, hirurogei minutukoak izan dira orduak eta hirurogei segundokoak minutuak. Eta denboraren ibilera arrunt horretan, ezer ez da arruntasunetik atera. Halere, leku ezezagunetan arruntasuna ere denez arrotz, hamaikatxo xehetasun galtzen nituela nabaritzen nuen.

Hamabi ikasle izan ditut azken hiruhilekoan, hamabi ispilu. Kurtsi geratzearen arriskuarekin diot, baina S¿ren Kierkegaard filosofo daniarrak idatzi zuen bezala, “maisuak, dioenarekin baino, den horrekin irakasten du”. Eta inoiz baino zuzenagotzat jotzen dut hausnarketa hori orain, baina ez handiritziaren harropuzkeriaz, ezpada norbere akatsak zuzendu nahi dituenaren aldarteaz. Umil.

Proiektu berriek sortzen duten estutasun on horrekin hartu nuen Kaliforniako lana, baiezkoa emateak zekarren denarekin. Zeure herriaren historia eta kultura atzerrian irakasteak ilusioa sortarazten badu ere, edozein irakaslek dituen zailtasunak biderkatu egiten dira existitzen ez den herri baten historiaz ari bagara. Bihotza azalaren gainetik duzunean, ozenago egiten baitute berba erraiek buruko edozein pentsamenduk baino. Eta zintzotasunez jokatzera bultzatzen zaituen kontzientziak segurtasun-sarerik gabeko funanbulista izatera behartzen zaitu: non galtzen du hatxea historiak istorio bihurtzeko? Zer da neure gogoaren galbahetik igaro ostekoa eta zer aurrekoa? Bai, historia analisia ere bada, ekidinezinezko talaia zehatz batetik idatzita dagoen kontakizuna esplikatzea; lekuko izateko aukerarik izan ez duzunean, baina.

Inoizko egunkaririk luzeena da historia ofiziala, ildo politiko markatua duen editorial orriz betea baino ez dena. Eta egoera horretan zailena norbere obsesio sakonenak ezkutatzea da. Janzkera, hizkera, zaletasunak… dira ditugun azalekoenak, kontrolagarrienak. Baina gainontzekoen begiradan eta berbetan azaltzen zaizkigu geure kabuz sekula antzemango ez genituen lerak. “Ikasi nahi duenak, irakats dezala”, Zizeron dixit.