Durangon eta Elorrion ere, Eskola Bidea egitasmoa

Lehenengo Durangon eta gero Elorrion, Eskola Bidea egitasmoa martxan jarri dute azken ikasturteetan. Durangaldeko bi udalerriok euren ikastetxeetako ikasleek etxetik eskolara egiten dituzten joan-etorriak aztertu dituzte, mugikortasun egoera zein den ezagutu eta neurriak hartzeko.

Durangon Landako eskolan daukate egitasmoa martxan. 2010-2011ko ikasturtean egin zuten ikasleen joan-etorrien azterketa. Behin egoera ezagututa, ibilgailu motordunak albo batera utzi, eta helduen laguntzarik barik ibilbide seguruetatik joateko neurriak hartu ziren. Iaz, gainera, herriko beste eskola bat ere egitasmoan parte hartzen hasi zen: Zabalarra.

Elorrion, bestalde, ikasturte honetan hasi dira. Urrian hasi ziren Elorrio Herri Ikastetxeko, Lourdesko Ama ikastetxeko eta Txintxirri ikastolako ikasleen joan-etorriak aztertzen. Osotara, 384 ikaslek parte hartu zuten probetan. Ondorio batzuk atera zituzten: besteak beste, ikasleen %50 oinez joaten direla jakin zuten; %31, autoz; %16, garraio publikoan; eta %3, bizikletaz.