“Elantxobek auzolanerako tradizio handia dauka”. 2011z geroztik, herria garbitzeko zenbait ekintza egin dituzte auzokideek. Besteak beste, belarrak moztu eta sasiak kendu, herri altzariak margotu eta loreak zaindu dituzte herritarrek hainbat tokitan. Aurten, borondatezko lanekin jarraitu dute, eta apirileko asteburu guztietan auzoak atontzen ibili dira 40 herritar inguru. Herriko andre talde batek bultzatuta, ohitura zaharrei heldu diete, eta auzolanari ekin diote.
Baina egin beharrekoak ez dira amaitu. Elantxoben beharrizana dago oraindik, eta herritar talde batek hainbat zereginetan laguntzen jarraitzen du. Konpondu beharreko alorrak identifikatu ostean, elkarrekin jarraitzen dute lanean. Kepa Soraluze ere (Gernika, 1958) ibili da auzolanean, eta, haren ustez, “behar-beharrezkoa da”.
Egun arte, zein lan egin duzue?
Batez ere, portuan eta herriaren goiko aldean aritu gara lanean. Portuan horma batzuk eta barandak margotu berri ditugu. Herriko goiko aldean, ostera, Lameraraino doan beste petril bat dago, eta hori konpontzen ibili gara. Inguru hartan banku batzuk daude, eta nahiko hondatuta zeuden, kolorerik gabe; horiek ere margotu ditugu. Gainera, errepideko barandak margotzen jarraitu dugu ia-ia Ibarrangelurekin dugun mugaraino.
Apirilean ibili zineten auzolanean, baina oraindik badago zer egin, eta talde batek lanean jarraitzen du.
Bai, badabil talde bat lanean. Herrian margotu behar diren gune gehiago dauzkagu. Hala ere, egon den eguraldi txarrarekin ez da aukerarik egon gauza handirik egiteko. Baina astean birritan edo hirutan elkartzen dira auzokideak. Orain arte, kanposantuan ibili dira belarra mozten eta hango horma batzuk margotzen. Elizpean ere behar ziren gune batzuk margotu dituzte. Beste alde batetik, Bidebarri puntan, autobusek buelta ematen duten toki horretan, barandak eta hango bankuak margotu dituzte. Gure herria ezagutzen duenak badaki zer den; oso aldapatsua da, eta udalaren behargin bi baino ez dabiltza lanean. Ez dira heltzen guztia egitera. Hortik dator bereziki auzolanaren beharrizana.
Udalaren egoera ekonomiko larriak eraman zaituzte, beraz, auzolanari ekitera?
Guk beti izan dugu auzolanerako ohitura; gure aitona-amonek askotan aipatu digute. Batez ere, sanpedroetan, udako jaien bueltan egiten zen. Atunaren eta antxoaren arrantzaldiak egiten ziren gurean. Antxoarena amaitzen zenean, atsedena hartzen zen, eta, ostean, atunarena hasten zen. Bien artean San Pedro jaiak zeuden. Hemen herrian esaera zehar bat egon da betidanik: “San Pedrori bizarra kendu”. Eta horrek zer esan nahi zuen? Belar txarrak kendu edo hormak zuritu behar zirela jaietarako herria txukun egoteko. Tradizio horren ildotik jarraitu dugu Elantxoben. Hala ere, herriaren egoera ekonomikoa gaizki dago, bai.
Noiz erabaki zenuten auzolana beharrezkoa zela?
2011n hasi ginen. Batzorde batzuk sortu genituen, eta hasieratik argi genuen auzolana egin beharreko gauza bat zela. Urte hartako abuztuan bertan hasi ginen, eta herria garbitzeko egun bat ezarri genuen. Berrogei bat pertsona elkartu ginen, eta erraz egin genituen lanak. Hurrengo urtean esperientzia errepikatu genuen, eta gauza berriak egiten hasi ginen.
Nola antolatu zarete aurten?
Andre talde bat elkartu da, eta euren kabuz hasi dira dirua biltzen pintura erosteko. Ondoren, udalak behar zen gainontzekoa ipini du, baina beharginen gastua aurreztu dugu. Borondatea badago. Auzokideak beharrera etorri ezin badira, tortillak egiten dituzte edo ardoa eta freskagarriak ekartzen dituzte. Auzolana amaitu eta gero, txoko batean bazkaltzen dugu. Herria batzeko modu bat da, ez da bakarrik lan egitea huts-hutsean.
Udal guztietan auzolana sustatu beharko litzatekeela uste duzu?
Nik horren beharrizana ikusten dut. Ean eta Ibarrangelun gurekin batera hasi ziren auzolana egiten. Hiru herriok ildo beretik ibiltzen gara, eta egitasmo honetan sartuta gaude. Beste herri batzuek ere auzolanaren ereduari jarraitu beharko liokete. Adibidez, Busturialdean beharrizana dago, eta hau eredu egokia da.