Agur, San Mames

Bilbo existitu aurretik, bazegoen itsasadarreko bi bazterrak lotzen zituen zubi bat. San Antongo zubi zaharra hiribilduko paisaiaren parte izan zen bostehun urte luzez, 1870ean Udalak uholdeen kontra borroka egiteaz aspertuta, berri batekin ordezkatu zuen arte. Bilboko, Athleticeko eta Txileko Constitucion hiriko armarriek ageri duten zubia, orain dela mende bat baino gehiago desegin zuten. Ondarearen suntsiketa tatuatuta daramagu armarrian.

Sustrai sakonak dituen ohiturari jarraikiz, ehun urte luzez gurekin egon den eta nahitaez gure bizitzen parte bilakatutako estadioa eraisten hasi dira. San Mames obra-hondakin bihurtuko da San Mames Barriarekin ordezkatua izan arte. San Mames zaharrean 39.750 ikusle sartzen ziren, San Mames berriak, ordea, 53.332 pertsonarentzako tokia izango du. Halere, leku guztiak batuta ere, ez litzateke toki nahikorik egongo Bizkaian egun diren 100.188 langabeentzat.

Diru publikotik 121 milioi euro aterako dira, enpresa eraikitzaile gutxi batzuen eskuetan jartzeko. Pozez zoratzen daude beren sozio politikoek, alegia PNVk, PSOEk eta PPk babestutako operazioari esker, oraingoan abertzaletasun zuri-gorria erabili dutenak enpresari euskañolen poltsikoak betetzeko. San Mames zaharraren lurperatzaileak AHTaren lanak egiteko —aberatsentzako tren hori, pobreek ordainduta— azpilanetan aritutako berberak izan dira, instituzio publikoetatik hiru milioi euro baino gehiago xahutuko dituztenak eta euren kontu korronteetan pilatzeko. Haren izenak Balzola, Cycasa, Exbasa, Acciona, Altuna eta Uria, Viuda de Sainz edo Murias dira. Azken hiruak, Ester Koplowitzen FCCrekin batera, otoitz egiten dute egunen baten Bildu Gipuzkoatik jausteko eta, azkenik, Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatu ahal izateko, 263 milioi euroren truke.

Enpresa horietako batzuk batzokiko partaide ospetsuak dira, baita aurkezten diren lehiaketa publiko guztien irabazle susmagarriak ere. Viuda de Sainzek, adibidez, ez du Bizkaiko lan handietako bat bera ere galdu: BEC, Supersur edota Bilboko Metroak euren irabazien curriculuma osatzen dute hainbat eskandalu ezagunekin batera: esaterako, Karrantzako minda plantaren eraikuntzatik 10 milioi euro desagertzea edota Leioako Pinosolo polikiroldegiaren iruzurrezko esleipena, 58 milioi euroren truke.

Dudarik gabe, Balzola beste munstro jeltzaleetako bat da: Guggenheim Museoa, Iberdrola Dorrea edo BEC bere eskuetatik pasatu dira. Lezamako instalazioen berritze lanak ere bere gain egon ziren. Marcelo Bielsa entrenatzaileak berak lan hauek “engainu, lapurreta eta iruzurtzat” jo zituen, ondoren Athleticeko zuzendaritzak ohar bat bidali zuela, bere entrenatzailearen aurka eginez eta enpresa eraikitzaileari babesa emanez.

Eta estadio berria eraikitzen duen aldi baterako enpresa elkartearen buruan Acciona dugu, Ibex 35ean dagoena eta zeinaren zuzendaritza Jose Manuel Entrecanalesek 2004an jaso zuen bere aitaren eskutik. Entrecanales Espainiako Vodafoneko presidente izandakoa da 1995 eta 2007 bitartean, Endesako presidente 2007tik 2009ra, eta 2012an Familia-enpresen Institutu (IEF) deritzon enpresarien lobbyaren presidentzia hartu zuen. Era berean, Lehiakortasunerako Enpresarien Kontseiluan (CEC) parte hartzen du, 2011an sortutako beste lobby batean, alegia, Espainiako hamazazpi enpresa boteretsuenetako arduradunek osatutakoa, aberriko inbertitzaileen izen ona garbitzeko asmoz. Accionako presidenteak 2012an 4,2 milioi euroko diru-saria jaso duela jakin dugun egun berean, CEC-ek irmoki adierazi du “krisiaren txarrena pasa dela”.

Bielsak bere azken prentsaurrekoan esan zuen: “futbolak gero eta gutxiago du zaleen antza eta enpresariena gero eta gehiago hartuz doa”. Beharbada, horregatik erotzat jotzen dute.

Agur, San Mames; agur, Bielsa.